Espainiako Garraio ministro Oscar Puentek prentsaurreko bat eman du gaur Ministroen Kontseiluaren ostean, eguerdian, eta Urdako (Toledo) tren istripua gertatu zenetik astebete ere igaro ez den honetan, jakinarazi du gobernuak neurri berriak onartu dituela trenen erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Besteak beste, esan du trenen maiztasuna murriztuko dutela Madril-Andaluzia linean. Helburua zera da: ibilbide hori egiten duten erabiltzaileen «konfiantza berreskuratzea», baina gaitasunik galdu gabe. «Hasiera batean, trenen maiztasuna murriztea da gure asmoa, baina, ahal den heinean, gaitasunik galdu gabe. Tren bikoitzak jarriko ditugu, askotan egin izan dugun moduan. Hori bai, ordutegi eskaintza zertxobait murriztuko dugu, zerbitzua ahalik eta fidagarriena izan dadin», esan du.
Era berean, atzo Pedro Sanchez presidenteak aurreratu zuen bezala, Espainiako Gobernuak gaur iragarri du 30 milioi euroko laguntza sorta onartu dutela Urdako tren istripuaren biktimentzat.
Gobernuak Urdako ezbeharra gertatu eta ordu gutxira zabaldu zuen Madrilgo Atochako Adifen kontrolguneko langile baten akatsa tarteko gertatu zela istripua. Segurtasun sistema erori zen, eta ondoren emandako agindu baten ostean AHT batek bidea oztopatzen zegoen beste tren bat jo zuen. Iragan ostiralean, Puentek adierazi zuen 2026an 170 aldiz huts egin duela segurtasun sistema horrek —hainbeste aldiz erori izana ohikoa dela esan zuen, Europako gainerako herrialdeekin alderaketa eginez—, eta gaur esan du Espainiako Gobernua ikerketa bat egiten ari dela kasu horietako bakoitzean «zirkulazioa berriro ekiteko agindua» eman ote zuten edo ez argitzeko.
Espainian bi tren istripu larri izan dira bederatzi hilabeteren buruan —Madril-Andaluzia linean biak—. Bata Adamuzen (Kordoba), eta bestea Urdan (Toledo). Guztira 115 lagun hil dira —46 Adamuzen eta 69 Urdan—, eta PP Alderdi Popularrak, Voxek eta Fronte Zabalak Garraio ministroaren dimisioa eskatu dute. Baina Puentek baztertu egin du. «Nik ez dut kalte hori eragin duen erabakirik hartu. Eta, erantzun behar nuenean, nire lanpostuan nengoen, gaur egiten ari naizen bezala. Aurpegia eman dut, ezkutatu gabe», adierazi du prentsaurrekoan.
Eguerdian egin duen agerraldia ez da gaur egingo duen bakarra. Izan ere, 17:00etan Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean hitz egitekoa da, Urdako ezbeharraren gaineko azalpenak eta xehetasunak emateko.