KATALUNIA

Puigdemont JxCren presidentegai izango da, 2017ko «lanak amaitzeko»

Kataluniako gobernuburu ohiak adierazi du erbestetik itzuliko dela presidente izateko babes nahikoa badu. Independentisten arteko hautagaitza bateratu baten alde mintzatu da.

Carles Puigdemont
Carles Puigdemont JxCren Kataluniarako presidentegaia, atzo, Elnako udaletxean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Igor Susaeta - Gorka Berasategi Otamendi
2024ko martxoaren 21a
11:30
Entzun

Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyaren presidentegaia izango da Katalunian maiatzaren 12an egitekoak dituzten parlamenturako hauteskundeetan. Generalitateko presidente ohiak ehunka alderdikideren babesean adierazi du ezin duela «ireki den aukera» alferrik galtzen utzi: Espainiaren «errepresioak» behartuta erbestera joan zen erakundea «leheneratzeko» aurkeztuko da. Iragarri du erbestea utzi eta Kataluniara itzuliko dela, presidente izateko nahikoa babes badu. Presidente hautatzen badute, helburu izango du «2017an amaitu gabe gelditu zen lana amaitzea», eta Katalunia estatu independente bihurtzea.

Generalitateko buru ohiak (2016-2017) ez du hartutako erabakiaren gaineko «zalantzarik» nahi. Horregatik, ziurtatu du uko egin diola Europako Parlamenturako hautagai izateari —ekainaren 9an egitekoak dira bozak—. «Argi gelditu dadila hau dela nire lehentasuna».

Europako hauteskundeetara ez aurkezteko erabakiak eragin zuzena izango du bere egoera judizialean, europarlamentari izateari uzten dionean galdu egingo baitu Europako justiziak azken urteotan aitortu dion immunitatea. Puigdemont 2017ko urriaren amaieran erbesteratu zen Belgikara, U-1aren harira Madrilek ezarritako errepresioaren testuinguruan, eta orduz geroztik ezin izan da bueltatu, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindu bat emana baitu haren aurka. Dena den, Espainiako Kongresua amnistia legea onartzekoa da maiatz amaieran edo ekain hasieran, eta, ondo bidean, aukera izango du Kataluniako Parlamentuan inbestidura saioan parte hartzeko.

Hitzaldia bildu duen euforia giroa isiltasun batek hartu du Puigdemontek independentismoaren «hautagaitza bateratu bat» defendatu duenean. «Ez ERCk, ezta Juntsek ere, ez dugu lortu norberak bere kabuz lehen indarra izatea». Gogorarazi du independentismoa batuta iritsi dela urrunen. Halere, aitortu duenez, jakitun da aukera horrek «erresistentzia indartsuak» dituela.

Susperraldi baterako deia ere egin du JxCren hautagaiak, independentisten «desmobilizazioa eta konfiantza falta» gainditzeko. «Utz diezaiogun geure burua zigortzeari». Autokritika beharrezkotzat jo du, baina baita lortutako garaipenez jabetzea ere. «Ez gaituzte garaitu».  

Argigarria izan daitekeen mezu bat idatzi zuen aurreko astelehenean, X sare sozialeko bere kontuan: «Bueltatu beharko dugun arrazoi berengatik joan ginen erbestera. Gure nazioaren etorkizunak bultzatu ditu hartutako erabaki guztiak, ez gure patu pertsonalak. Eta hala izaten segitu behar du bukaerara arte». 2017ko abenduan eta 2021eko otsailean parlamenturako egindako bozetan ere presidentegaia izan zen.

Leku sinbolikoa

Ipar Kataluniako Elna herriko udaletxean iragarri du bere hautagaitza Puigdemontek. Independentismoarentzat leku sinbolikoa da Elna, hainbat arrazoirengatik. 36ko gerraren ondoren, 1939an, amategi bat ireki zuten han, eta gatazkaren ondorioz errefuxiatu behar izan zuten ehunka emakumeren haurrak bertan jaio ziren. 2017an, U-1erako milioika boto paper han inprimatu eta gorde zituzten, zer gerta ere Katalunia hegoaldean. 2021ean, Omnium Culturalek han ospatu zuen bere 60. urteurrena, eta urtebete geroago, hango udalak osoko bilkuretan katalana erabiltzeko eskubidea onartu zuen —Frantziako auzitegi baten epaiak debekatu egin zuen hilabete batzuk geroago—. Errepublikaren Kontseiluak, gainera, Puigdemont buru, han egin izan ditu bilera batzuk.

JxCk Salvador Illa PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako presidentegaiaren eta Puigdemonten arteko aurrez aurreko gisa planteatu asmo ditu hauteskundeak, bi indar subiranista nagusien arteko lehia betierekoan ERC Esquerra Republicanaren rola gutxietsiz. Aragones Generalitateko presidenteak aurreko martxoaren 13an iragarri zuen hauteskundeak aurreratuko zituela, eta orduz geroztik kaleratutako hiru inkesten arabera, PSCk irabaziko lituzke bozak. Sociometrica etxearenaren arabera, PSCk 42 parlamentari lortuko ditu —orain baino bederatzi gehiago—; JxCk, 33 —orain baino bi gehiago—; eta ERCk, 28 —orain baino bost gutxiago—. NC Reportek egin duenak dio PSCk 36-37 lortuko dituela; JxCk, 32-33; eta ERCk, 30-31. Eta Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroak gaur kaleratu du urteko lehen barometroa, eta ondorengoak lirateke emaitzak: PSCk 35-42, ERCk 26-32, eta JxCk 24-29.

Espainiako botere judizialaren agintaritza, amnistia legearen aurka

Espainiako Kongresuak maiatzean onartzekoa duen amnistia legea «konstituzioaren aurkakoa» eta «arbitrarioa» da, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren esanetan. Justiziaren gobernu erakunde gorenaren iritziz, lege egitasmoa botere banaketaren eta berdintasun printzipioaren kontrako «eraso bat» da. Hori dela eta, ez du tokirik estatuko ordenamendu juridikoan. Hala ziurtatu zuen atzo kaleratu zuen adierazpenean.

Erakundeak aldeko bederatzi botorekin onartu zuen lege proiektuaren kontrako ebazpena. Bost kontseilukidek bozkatu zuten aurka. Espainiako Senatuaren eskariz eman zuen amnistia legeari buruzko iritzia. PPk gehiengo osoa du ganbera altuan, eta hark bultzatu du botere judizialaren organo gorenari eginiko galdea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.