Carles Puigdemont, Clara Ponsati eta Toni Comin europarlamentariei EB Europako Batasuneko lurraldeko immunitatea indargabetu die Europako Auzitegi Orokorrak —Europako Auzitegi Nagusiko lehen instantziako auzitegiak—. Azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak JxCko hiru parlamentarien aurka igorri zituen euroaginduak indargabetuta daude, Pablo Llarena Goreneko epaileak arazo aurrejudizial bat aurkeztu zionetik Europako Justizia Auzitegiari, atxilotze agindu horiekin lotuta. Auzitegi Orokorrak gaineratu du kautelazko neurriak berriro aztertuko lituzkeela, arazo aurrejudiziala argitu ostean euroaginduak indarrean egotera itzuliko balira.
Europako Parlamentuak immunitatea kendu zien Puigdemont Kataluniako presidente ohiari, eta Ponsati eta Comin kontseilari ohiei, joan den martxoan, eta kaltetuek helegitea aurkeztu zuten erabaki horren kontra. Aldeen argudioak hobeto aztertu artean, kautelazko neurriak ezartzea erabaki zuen Luxenburgoko auzitegiak, eta immunitatea berrezarri zien, behin-behinean. Kautelazko neurri horiek indargabetzea erabaki du gaur, beharrezkoak ez direlakoan.
Auzitegiak Puigdemonten, Ponsatiren eta Cominen helegitea aztertzen jarraitu behar du oraindik, auziaren muinari buruz erabakitzeko.
JxCko hiru europarlamentariek ez dute Espainiako Estatuaren muga zeharkatu erbestean direnetik, ezta immunitatea indarrean izan dutenean ere. Saihestu egin dute egoera hori, Espainiako Auzitegi Gorenak ez baitu erretiratu horien aurkako atxilotze agindua. Hiru politikariek hainbatetan eskatu diote EB Europako Batasunari Espainia behartu dezala izan duten immunitatea errespetatzera.
Bestalde, Europako Auzitegi Orokorrak zehaztu du Europako Parlamentuaren suplikatorioak ez diela immunitatea erabat indargabetu; EBko lurraldean mugitzeko immunitatea eten diela soilik, baina askatasun osoa dutela oraindik Europako Parlamentuaren egoitzetara —Bruselara eta Estrasburgora— joateko, eta, beraz, ez dutela inolako eragozpenik ganberaren jardunean parte hartzeko.
Europarlamentuak suplikatorioa onartu zuen aldeko 400 botorekin, aurkako 248 botorekin eta 45 abstentziorekin. Puigdemontek, Ponsatik eta Cominek karguan jarraitu ahal izan duten arren, erabakiak Espainiari modua eman zion haien kontrako euroaginduak berriz aktibatzeko. JxCko parlamentariek suplikatorioaren kontra aurkeztutako helegitean argudiatu zuten erabakiak ez diela «bermatu batasuneko herritarren ordezkari gisara dituzten oinarrizko eskubideen erabilera», eta Europako Auzitegi Orokorreko presidenteordeak hori kontuan hartu zuen immunitatea behin-behinean itzultzeko erabakia hartzerakoan.