KATALUNIAKO ERREFERENDUMAREN ONDORENA

Puigdemontek ziurtatu du hartuko dituen erabakiek "bakea" eta "demokrazia" izango dituztela oinarri

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak ez du argitu bihar Mariano Rajoy Espainiako presidentearen errekerimenduari zer erantzungo dion, baina adierazi du "hartuko dituen erabakien inspiratzaile" izango direla "bakearekiko konpromisoa, zibismoa, lasaitasuna, sendotasuna eta demokrazia".

Carles Puigdemont, Carme Forcadell eta Ada Colau ondoan dituela, Lluis Comanysen hilobian lore sorta eskaintzen. ANDREU DALMAU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 15a
08:53
Entzun

Lluis Companysen hilobiaren aurrean egin ditu adierazpenok Puigdemontek, frankistek hura fusilatu zutela 77 urte bete direnean. Hain zuzen, adierazpenen testuingurua nabarmendu du Puigdemontek. "Momentu jakin honetan, toki jakin honetan, eta egun jakin honetan", esan izanari garrantzia eman dio.

Puigdemontek gogora ekarri du Copmpanys "indarrean zegoen legalitatea" betez fusilatu zutela frankistek 1940. urtean, eta salatu du PPko ahots batzuk "harro" agertu direla haren hilketarengatik, Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordeari erreferentzia eginez. Casadok aditzera eman zuen Puigdemontek independentzia deklaratuz gero, Companysek bezala amai zezakeela.

Puigdemontek ziurtatu du Generalitateak "argi" izango duela zerk gidatuko duen haren jokabidea. "Indarkeriaren aurka, zibismoa; irainen aurka, errespetua; eskolak gutxiesten dituztenen kontra, irakasleen duintasuna. Gehiago balio du botoen balioak, burtsarenak baino", adierazi du azken egunetan haien egoitza Kataluniatik kanpora tokiz aldatu duten enpresengatik.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea ere ekitaldian izan da. "Espainiako Estatuak oraindik ez du barkamena eskatu Companys presidentearen hilketarengatik", gogorarazi du. Forcadellek argitu duenez, "kontua ez da mendekua bilatzea; frankismoak erahildakoentzat, deportatuentzat eta bidegabe kondenatutakoentzat justizia lortzea baizik".

Ada Colauk ere Companysen figura ekarri du gogora, eta PPko Pablo Casadok hari buruz esandako hitzak gaitzetsi ditu. Colauk PPri eskatu dio Casado kargugabetu dezala, Companys iraindu duela iritzita.

Desberdintasunak, alderdi independentisten mezuetan

PDECat Puigdemonten alderdiak konfiantza eskatu du presidentearekiko. Marta Pascal koordinatzaileak adierazi du ez dela eztabaidak zabaltzeko unea eta ziurtatu du Puigdemonten jokabidea egokia izango dela. "Presidentearen erantzuna egoerak eskatzen duen mailakoa izango da".

CUPek, berriz, defendatu egin du parlamentuan independentzia deklarazioari buruz eztabaidatzeko bilkura egiteko eskaria. Gabriela Serra diputatuak azaldu du parlamentuari dagokiola independentzia deklaratzea eta ez presidenteari.

Oriol Junquerasek berretsi egin du independentisten "batasun" beharra. "Batasunik gabe ezin izango da Kataluniako Errepublika gauzatu", ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.