Putin ez da joango BRICS taldeak Hegoafrikan egingo duen bilerara

Errusiak nabarmendu du Itsaso Beltzetik Ukrainara bidean doazen ontziak helburutzat hartuko dituela

Errusiak atzo Odesan egindako erasoak kalteak eragin zituen. IGOR TKATXENKO / EFE.
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

MOSKU. BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) taldea goi bilera bat egitekoa da datorren abuztuaren 22tik 24ra Hegoafrikan, eta hango presidente Cyril Ramaphosak baieztatu zuen, atzo, Errusiako bere homologo Vladimir Putin ez dela horretara joango, biek ala «adostuta».

Aintzat hartu behar da Nazioarteko Zigor Auzitegiak Kremlineko burua atxilotzeko agindu zuela joan den martxoan, gerra krimenak leporatuta, eta, Hegoafrika auzitegi horretako kidea denez, kolaboratzeko obligazioa duela. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov izango da Moskuren ordezkaria.

Ukrainako gerran, bestalde, Errusiako indarrek bigarren egunez jarraian bonbardatu zuten, atzo, Odesako portua. Erasoak ez zuen biktimarik eragin, eta, Moskuren arabera, instalazio militarrak zituen helburu. Errusiak bertan behera utzi du asteon zerealen ituna, eta atzo ohartarazi zuen Itsaso Beltzetik Ukrainara bidean doazen ontziak helburutzat hartuko dituela, argudiatuta armak eraman ditzaketela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA