Mosku militarrez beteko da larunbatean, eta Kremlinek ez du erasorik egin nahi egun horretan. Garaipenaren Eguna da;Â 81 urte beteko dira Sobietar Batasuneko armadak naziak garaitu zituenetik. Hori dela eta, desfile militarra egingo dute Errusiako hiriburuan, eta bi egunez erasoak etengo dituzte Ukrainan, ostiralean eta larunbatean. Vladimir Putin Errusiako presidenteak egin du iragarpena, Errusiako Defentsa Ministerioak zabaldutako ohar batean jaso dutenez. Kremlinek espero du Kievek modu berean erantzutea.
Aurreko astean Defentsa Ministerioak iragarri zuen aurtengo desfilean ez dela tankerik egongo, ezta beste zenbait ekipamendu militar ere. Aurreko urteetan Moskuk indar erakustaldi gisa erabili du Garaipen Eguneko desfile militarra. Aurten tankerik ez ateratzea Errusiaren «ahultasunaren» erakusle dela adierazi dute besteak beste Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak.
Desfilean ekipamendu militarra gutxituko badute ere, desfile militarrari eraso egiteak izan ditzakeen ondorioen berri eman du Moskuk. Defentsa Ministerioaren oharrean ohartarazi dutenez, Ukrainako armada desfilean erasoren bat egiten saiatzen bada, Kiev erdigunearen aurkako eraso masibo batekin erantzungo dio Errusiako armadak.

Gaur Kharkiv eskualdea izan du jomugan Moskuk. Gutxienez zazpi pertsona hil ditu Merefa hirian, Ukraina ekialdean, misil batekin egindako erasoan. Bestalde, Ukrainren drone batek Moskuko eraikin bat jo du, Kremlindik hamar kilometro ingurura. Horren ostean, Zelenskik esan du Mosku beldur dela Ukrainak Garaipenaren Eguneko desfile militarrean droneekin eraso egingo ote duen. Europako Komunitate Politikoaren goi bileran egin ditu adierazpen horiek, Erevanen.