Errusiako presidente Vladimir Putinek kritikatu egin du EB Europako Batasunak Ukraina diruz laguntzea, eta adierazi du Errusiak talde komunitarioan dituen aktiboak blokeatu izana «lapurreta» izan dela. Ohartarazi du EBk horregatik pairatu ditzakeen ondorioak «benetan gogorrak» izan daitezkeela. Hala ere, berriro esan du ez diola Europari eraso egingo. Horrez gain, Ukrainari egotzi dio gerrak aurrera egitearen erantzukizuna.
Gaur egin du Putinek urte amaiera orotan egin ohi duen agerraldia, Moskun. Bertan, Errusiako zein nazioarteko kazetarien eta Errusiako herritarren galderei erantzuten die, eta, besteak beste, Ukrainako gerraren inguruan zerikusia duten hainbat gairi buruz mintzatu da.
Putin agertokira igo aurretik jakinarazi du Europar Kontseiluak bere zorraren bidez finantzatuko dituela Kievi emandako 90.000 milioi euroak, eta ez dituztela Errusiari blokeatutako aktiboen irabaziak ukituko, oraingoz behintzat.
Blokeatutako aktibo horien gainean galdetuta, zera esan du Putinek: «Lapurreta ez da hitzik egokiena; guri egin nahi digutena atrako bat da, argi eta garbi». Gainera, nabarmendu du aktibo horiek berreskuratzeko Moskuk «bide judizialera» joko duela: «Noizbait itzuli beharko dute aurrez lapurtutakoa».
Horri lotuta, blokeatutako aktibo ugari Belgikako Euroclear finantza enpresan daude —180.000 milioi euro inguru—, eta Errusiako Banku Zentralak enpresa horren aurkako salaketa bat jarri zuen joan den astean, legez kontra egindako mugimendu bat dela egotzita.
Horrez gain, Putinek adierazi du Errusiaren aktiboekin egin dutenak, Europako Batasunaren «irudia zikintzeaz gain», herrialde askok Eurogunean zeukaten konfiantza galtzea ere eragingo duela. Izan ere, Putinen hitzetan, Errusiak ez ezik, «beste herrialde askok» ere gordetzen dituzte bertan «urre erreserbak».
1.003Errusiak Ukrainari zenbat soldaduren gorpuak eman dizkion. Errusiak eta Ukrainak noizbehinka trukatu ohi dituzte borrokan hil diren eta etsaiaren esku geratu diren soldaduen gorpuak. Gaur egin dute azken trukea, Ukrainan gerrako presoen ardura duen egiturak jakinarazi duenez. 1.003 soldaduren gorpuak jaso ditu Ukrainak Errusiaren aldetik.
Gerrari dagokionez, berriz, Kievi egotzi dio gerrak aurrera egitearen erantzukizuna: «Funtsean, uko egiten diote gatazka bide baketsuen bitartez amaitzeari». Hala ere, Ukraina «nolabaiteko elkarrizketak hasteko prest dagoela» erakusten duten «zenbait zantzu» antzeman ditu Errusiak, Kremlineko buruak adierazi duenez.
Putinen esanetan, Errusia «prest» legoke gatazka «bide baketsuen bitartez» amaitzeko; betiere 2024ko ekainean Putinek berak azaldu zituen printzipioetan oinarrituta, eta «gatazka eragin zuten kausak ezabatzen badira» —besteak beste, Errusiak 2022an anexionatu zituen Ukrainako lau eskualdeetatik Ukrainako tropak erretiratzeko eskatu zuen—. Putinen eskakizun horiek berehala baztertu zituen Kievek bere garaian, eta Putinek esan du gaur egun ere Kiev ez dagoela prest lurraldetasunean kontzesioak egiteko.
Errusiaren oniritzia duela Trumpek Ukrainarako planteatu duen planaren inguruan ere galdetu diote Putini, eta «bakea lortzeko» Trumpen ahalegina «benetakoa» izaten ari dela azpimarratu du. Besteak beste, adierazi du Trumpek Errusiari «konpromiso batzuk hartzeko» eskatu ziola, eta horrekin «ados» dagoela, nahiz eta ez duen argitu konpromiso horiek zeintzuk diren. «Pilota gure mendebaleko aurkarien, Kieveko erregimeneko buruaren eta Europako haren babesleen teilatuan dago orain», gaineratu du.