Ez da ezustekorik izan Errusiako behe ganberarako hauteskundeetan. Botoak zenbatzen oraindik amaitu ez badute ere, ia segurua da Errusia Batuak gehiengo osoa izango duela Asanblea Federaleko behe ganberan. Izan ere, %95 zenbatuta, 355 ordezkari eskuratuko lituzke Vladimir Putin presidentearen alderdiak, hala jakinarazi du Errusiako Hauteskunde Batzordeak. Behe ganberak 450 eserleku dauzka, eta alderdi batek gutxienez 301 ordezkari behar ditu gehiengo konstituzionala eskuratzeko.
Horiek horrela, Errusia Batuak inoiz baino ordezkari gehiago lortuko lituzke Errusiako behe ganberan; orain arteko marka 2016ko hauteskundeetan lortu zuen, 343 eserleku irabazi baitzituen —gaur egun 324 ordezkari ditu—.
Errusiako Alderdi Komunista izan da boto gehien lortu duten alderdietan bigarrena, botoen %13,84 bilduta —Errusia Batuarentzat izan dira botoen %57,86—, eta Alderdi Liberal Demokratikoa hirugarrena, botoen %8,9 eskuratuta. Jende Berria alderdi liberalak ere ordezkaritza izango du, harentzat izan baitira botoen %7,94.
Aitzitik, hauteskundeetatik kanpo geratu da Jabloko alderdia, bozetara aurkeztu direnen artean Ukrainako gerraren aurka agertu zen bakarra. Bertako hainbat kide banako gisa aurkeztu dira bozetara, Auzitegi Gorenak alderdia bozetatik kanpo utzi ostean, baina, oraingoz, haietako inork ez du lortu ordezkaritza eskuratzeko behar den botoen gutxienekoa (%5).
Halaber, aintzat hartzekoa da sistema mistoa darabiltela behe ganberarako hauteskundeetan: eserlekuen erdiak alderdiek jasotako boto guztien arabera banatzen dira proportzionalki, eta gainontzekoak hauteskunde barruti bakoitzeko zerrendaren arabera —alderdiek hautagaiak aurkezten dituzte, eta babesik handiena eskuratzen duenak lortzen du eserlekua—. Jablokok ehun bat hautagai aurkeztu zituen, eta haren hautagaiak bigarren geratu dira Moskuko zenbait barrutitan.
Eskualdeetako parlamentuetarako bozak ere egin baitituzte asteburuan, eta zortzi eskualdetako zerrendetan aurkeztea lortu zuen Jablokok. Novgorodeko parlamentuan soilik eskuratu ditu ordezkaritza lortzeko adina boto —ia %97 zenbatuta, botoen %6,2 lortu dute eskualde horretan; 12.000 boto baino gehiago dira—. «Bakea, askatasuna eta beldurrik gabeko bizitza: horiexek dira herritarren bihotzetan eta arimetan arrastoa utzi duten balioak», adierazi du gaur Jablokoren Novgorodeko adarrak Telegram bidez.
2036ra arte aginteanÂ
Asanblea Federaleko behe ganberan gehiengo osoa edukitzeak askatasuna ematen dio Putinen alderdiari konstituzioa aldatzeko. 2020an, esaterako, presidente batek egin ditzakeen agintaldiei dagokien erreforma onartu zuten. Aurrez, gehienez bi agintaldi egin zitezkeen jarraian, baina bazen aukerarik, tartean agintaldi bat igarota, berriro aurkezteko; orain, ordea, sei urteko bi agintaldi egin daitezke gehienez, eta kito.
Putinek seina urteko bi agintaldi egin zituen presidente gisa 2012 eta 2024 artean, baina 2020ko erreformak zenbaketa hori hutsetik hastea eragin zuen; hortaz, 2024ko bozetara aurkeztu ahal izan zen, eta izango du aukera 2030ekoetara aurkezteko ere. Horri esker, 2036ra arte egon ahalko luke agintean.
Aurrez ere inor gutxik jartzen zuen zalantzan Putinek gehiengoa lortuko zuela bozetan. Ordea, parte hartzeak piztu du askoren interesa; izan ere, 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasiz geroztik egin diren lehen bozak dira hauek. Errusiako Hauteskunde Batzorde Zentralaren arabera, parte hartzea %56,66koa izan da —duela bost urteko bozetan %51,72koa izan zen—. Eta nabarmentzekoa da Donetsken eta Luhansken %80 ingurukoa izan dela parte hartzea —horiexek dira Errusiak 2022ko irailean aldebakarrez anexionatu zituen Ukrainako lau eskualdeetatik bi—.