Vladimir Putin Errusiako presidenteak dokumentu bat jaso du azken orduetan, eta, Kremlinek gaur esan duenez, horren edukia aztertzen ari da. Kievek eta Washingtonek Ukrainako gerra konponbidean jartzeko adostutako hogei puntu jasotzen ditu idatzi horrek, eta, horietako baten arabera, Ukraina prest legoke Donetsk eskualdean kontrolatzen duen eremutik tropak ateratzeko —%20 inguru du kontrolpean—, lurralde desmilitarizatu horretan «esparru ekonomiko berezi bat» ezartzearen truke.
Joan den azaroaren 21ean ezagutarazi zuten Donald Trump AEBetako presidenteak Moskuren oniritziarekin Ukrainarako adostutako plana —28 puntu zituen lehen bertsio hark—, eta, ordutik, Zelenskik hainbatetan esan izan du negoziatzeko orduan lurraldetasun auzia dela zailena. Kazetari talde batekin Kieven bi orduz bildu zen Ukrainako estatuburua joan den asteartean, eta hedabideek atzo eman zuten bilera horren berri; Zelenskik horretan zerrendatu zituen Europaren babesarekin AEBekin itundutako hogei puntuak.
Azken hilabetean hainbatetan bildu da AEBetako ordezkariekin, eta batzar horietako baten ondoren adierazi zuen, hain zuzen, AEBek proposamen bat egin zutela Donetski dagokionez: Ukrainak tropak ateratzea oraindik kontrolpean dituen eremutik, Washingtonek han «esparru ekonomiko aske bat» sortzearen truke. Abenduaren 11 zen.
Bi aste geroago egindako planteamendua berdin-berdina da ia. Ukrainak pare bat zehaztapen egin ditu, ordea; batetik, haiek kudeatu nahi dute desmilitarizatutako esparru hori; eta, bestetik, han nazioarteko tropak hedatzea nahi du. Kremlineko buruzagiek bai azken lau urteotan, bai azken hilabetean egindako adierazpenak aintzat hartuta, Putinek ez luke proposamena bere horretan onartuko.
Izan ere, Errusiako presidenteak abenduaren 17an adierazi zuen izan militarki, izan diplomatikoki, Donbass hartzeko asmoa duela. Ukraina ekialdeko eremu horretako bi eskualdeetako bat da Donetsk; Luhansk da bestea, zeina Errusiak osorik duen kontrolpean.
Dokumentuaren puntu nabarmenenak
- Erasorik ez elkarri. Errusiak eta Ukrainak konpromisoa hartzen dute elkarri eraso ez egiteko.Â
- Armada. Ukrainaren armadak 800.000 soldadu edukiko ditu gehienez.Â
- Bermeak. NATOko kide ez izanda ere, aliatu izatearen pareko segurtasun bermeak edukiko ditu Ukrainak.Â
- Bestelako erasoak. Errusiak konpromisoa hartzen du ez jarraitzeko Europari eraso egiten.
- Zaporizhia. Europako zentral nuklearrik handiena Errusiaren, Ukrainaren eta AEBen artean kudeatuko dute.
- Lurraldetasuna. Ukrainak tropak aterako ditu Donetsken kontrolpean duen eremutik, lurralde desmilitarizatu horretan esparru ekonomiko berezi bat ezartzearen truke.
- Hauteskundeak. Ukrainak akordioa sinatu eta gutxira deituko du Ukrainak bozetara.
Horren guztiaren harira, gogoratu behar da, gainera, zer esan zuen Juri Uxakovek, Putinen aholkulariak, abenduaren 12an: baietz, agian uko egin diezaioketela Donetsk osorik hartzeari, baina konkistatzeko falta zaion zati horretan Errusiako Guardia Nazionala eta Polizia eduki nahiko lituzkeela etorkizunean. Horrek, beraz, talka egiten du Zelenskik proposatutakoarekin. Dena den, planteamendu horretan ez dago argi, baldin eta bi aldeek onartuz gero, nola bermatuko zuketen, esaterako, adostutakoa betetzea.
Hildako gehiago
Horiek horrela, eta nahiz eta EB Europako Batasunak segitzen duen esaten «bake justu bat» lortu behar dela, denbora pasatu ahala Zelenski joan da onartuz lurraldetasun auzian kontzesioak egin beharko dituela —lehen esaten zuen hori marra gorri bat litzatekeela—; handiak, gainera. Esate baterako, dirudienez, ez du berreskuratuko Azoveko itsasorako sarbidea.Â
Luhansk osorik galdu du, Donetsken %80 ere bai, eta bai Khersonen, bai Zaporizhiaren bi heren inguru; hain zuzen, Kievek planteatzen du azken bi horiek banatzea, kontuan hartuta fronteko lerroak egun nola zatitzen dituen.
Bestalde, gerrak ez du etenik, eta, Ukrainako iturri ofizialen arabera, Gabon gauean bi pertsona hil zituen Errusiak aire erasoen bidez: bat Kharkiven —ipar-ekialdean—, eta beste bat Odesan —hegoaldean—. Errusiak 131 drone jaurti zituen, eta 106 erorarazi zituen Ukrainak. Kontrara, frontera hornikuntza garraiatzen ari zen funtzionario bat hil du Ukrainaren drone batek Dagestango Errepublikan (Errusia). Horren berri eman zuten iturri ofizialek.