Katalunia

Quim Torrak 48 orduko baraualdia hasi du

Esloveniara egindako bidaia ofizialean egin zuen iragarpena, eta gaur ekin dio gose grebari, 09:00etan. Preso daudenen "bozgorailu" izan nahi duela adierazi du.

Pahor eta Torra, atzo, Ljubljanan. JORDI BEDMAR, EFE.
Hodei Iruretagoiena
2018ko abenduaren 9a
11:51
Entzun

48 orduko gose greba hasi du Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak. Ostegunean, Esloveniako presidentearekin bildu zen, eta bidaia ofizial hori baliatu zuen iragarpena egiteko. Izan ere, gose greban diren preso independentisten jarrera "miresgarria" dela adierazi du, eta haien "bozgorailu" izan nahi duela esan du. Bartzelonako Sarria auzoan eman dio hasiera protestari, eta Montserrat monasterioan emango ditu gaurko eta biharko gauak, baraualdian ari diren beste hainbat lagunekin.

Agintari ugarirekin bildu da Torra bidaia horretan; besteak beste, Ivo Vajgl eurodiputatu eta EB-Katalunia Elkarrizketa elkartearen bozeramailearekin, Deja Zidan eta Barnko Simonovig parlamentuko presidente eta presidenteordearekin eta Europako Parlamentuko Atzerri Gaietako batzordeko presidente Matjaz Nemecekin aritu zen hizketan. "Europan inork ez du ezer ulertzen", esan zuen Torrak, eta gogora ekarri zituen Alemaniako, Suitzako eta Belgikako auzitegiek Espainiko Justiziaren "kontra" emandako ebazpenak. "Denek ikusi dute norainokoa den Espainiako justiziaren sinesgarritasun falta".

Kataluniako Generalitateko kontseilariek eta diputatu independentistek ostegunean egin zuten 24 orduko baraualdi bat, gose greban diren presoei elkartasuna adierazi eta Madrilek ematen dien tratua salatzeko. Parte hartu zuten, besteak beste, Generalitatearen bozeramaile Elsa Artadik, JxCat taldeko Eduard Pujolek, Gemma Geisek eta Eusebi Campdepedrósek, ERCko Sergi Sabriàk, Ruben Wagensbergek eta CUPeko Carles Rierak.

Kataluniako Generalitateak ohar bat ere bidali die "Europako eta AEBetako lehen ministro eta giza eskubideen aldeko elkarte guztiei". Hain zuzen, bihar izango da Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.