Ikusita Rumen Radevek zer proposatzen duen, ezin da baztertu Bulgaria buruhauste bat bihurtzea EB Europako Batasunarentzat. Hauteskunde orokorrak egin zituzten atzo han, eta, botoen %44,7 inguru bilduta —botoen %97 zenbatu dituzte—, jeneral ohi hori buru duen Bulgaria Progresista koalizioak gehiengo osoa edukiko du Asanblea Nazionalean: 240 aulkietatik 131 inguru bereganatuko ditu, gutxienez —%51koa izan da parte hartzea—. Etxe barruan, Radevek «Bulgaria eraldatzea» du helburu. Etxetik kanpo, «pragmatismoz» jokatu nahi du, eta esan du talde komunitarioak Errusiarekin harremanak berrezarri beharko lituzkeela, «errespetuz». Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek zoriondu egin du, eta «Europaren segurtasunaren alde» lan egitera deitu du, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek, bestalde, «atseginez» hartu ditu Radeven hitzak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan esan duenez.
Garaipen argia lortu du, eta horrek balio beharko luke EBn ekonomia txiroenena duen herrialdean egonkortasuna ezartzeko. Izan ere, azkeneko bost urteotan zortzi hauteskunde orokor eta zazpi lehen ministro eduki dituzte Bulgarian. Radev (62 urte) izango da hurrengoa. Ez da hasiberri bat politikan, 2017ko urtarriletik aurtengo urtarrilera arte herrialdeko presidentea izan baitzen.
Boto gehien lortu dutenen artean bigarren izan da Aldaketarekin Jarrai Dezagun Bulgaria-Demokratikoa europazalea (botoen %13,5 eta 41 aulki), eta hirugarren Europar Garapenerako Herritarrak kontserbadorea (%13,3 eta 39 diputatu), zeinaren buru den Boiko Borisov, 2009tik 2021era arte gobernuburu izana.
Alderdi sozialista, aurrenekoz ganberatik kanpo
Sobietar Batasuna desegin zenez geroztik (1991) aurrenekoz, Bulgariako Alderdi Sozialistak ez du ordezkaririk edukiko herrialdeko Asanblea Nazionalean. Gutxienez botoen %4 lortu behar dira ordezkaritza lortzeko ganbera horretan, baina ezin izan du. Bulgaria Sobietar Batasunaren blokeko herrialde bat zenean, Bulgariako Alderdiko Komunistak agintzen zuen han; haren oinordekoa da Alderdi Sozialista.
Radevek eta Borisovek ez zuten harreman onik eduki bata estatuburua zenean eta bestea gobernuburua. Lehenak egozten zion bigarrenari neurririk ez hartzea ustelkeriari aurre egiteko. Hain zuzen, ustelkeriaren aurkako borrokan zentratu du kanpaina. Politikari tradizionalak eta oligarkak egiten ditu horren erantzule, eta, hori dela eta, aurreko urtearen amaieran parte hartu zuen ustelkeria leporatuta herrialdean gobernuaren aurka egindako protesta masiboetan —Rosen Zheliazkov lehen ministroaren dimisioa eragin zuten manifestazio haiek—.
EBren rolaz
Atzerri politikan, adierazi izan du herrialdeak talde komunitarioan jarraituko duela —2007tik da kide, eta aurtengo urtarrilean sartu zen eurogunean—, baita NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean ere. Hori bai, ez du EBko estatuburu eta gobernuburu gehienen iritzi bera Errusiarekin izan beharreko harremanari dagokionez —iruditzen zaio, hasteko, Moskuri ezarritako zigorrek bertan behera geratu beharko luketela—. Uste du, gainera, Ukrainari laguntza militarra emateak gatazka luzatu besterik ez duela egiten. Bide batez, klub komunitarioak bere rola birplanteatu behar duelakoan dago. «Bulgaria indartsu batek, Europa indartsu batek, pentsamendu kritikoa eta pragmatismoa behar dituzte. Arau berriak dituen mundu batean lider morala izateko bere anbizioaren biktima izan da Europa», nabarmendu zuen atzo gauean Sofia hiriburuan, bere zaleen aurrean egindako agerraldi batean.
Ezin da baztertu, hortaz, Bulgariak, aurrerantzean, EBren politika batzuk blokeatzea, azken urteetan Viktor Orban Hungariako lehen ministroak egin duen bezala —laster utzi beharko du kargua, apirilaren 12an bozak galdu zituelako—. Eta hain justu, Orban ultrakontserbadorea eredutzat daukala adierazi izan du Radevek.
Bulgaria Progresistak zentro-ezkerreko gisa aurkeztu izan du bere burua, baina, besteak beste, ezbaian jarri izan du Europako Batasunaren Itun Berdea, printzipio liberalak kritikatu ditu, LGTBI kolektiboaren aldeko politikak barne.
Goi mailako militarra izan zen. 1987an hasi zuen bide hori, Bulgaria artean Sobietar Batasunaren blokeko herrialde bat zela. Instrukzio militarra ematen duen AEBetako erakunde bateko ikaslerik onena izendatu zuten 1990eko hamarkadaren hasieran, eta gerra hegazkinen pilotu gisa espezializatu zen; herrialdeko onentsuenetakotzat daukate. Politikara jauzi egin baino pixka bat lehenago, 2014an, Bulgariako armadaren aireko indarren buru izendatu zuten.