Rajoyk uko egin dio, «oraingoz», gobernua eratzeko proposamenari

Asteazkenean hasiko du Espainiako Erregeak bigarren bilera sorta talde parlamentarioekin.Podemosek iragarri du PSOE eta IUrekin bat egiteko prest dagoela gobernua osatzeko

Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentea, atzo, erregearekin egindako audientzian, Madrilen. BALLESTEROS / EFE.
Jone Amonarriz
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Talde politikoekin bildu ostean, Espainiako estatuburu Felipe VI.ak Mariano Rajoy PPko hautagaiari proposatu dio gobernua osatzen saiatzea. Rajoyk, ordea, uko egin dio, Espainiako Errege Etxeak zabaldutako oharraren arabera. Patxi Lopez Espainiako Kongresuko presidenteak talde parlamentarioekin bilerak antolatuko ditu orain, eta asteazkenetik aurrera bigarren erronda hasiko du erregeak, hautagai bat aukeratzeko. Atzo amaitu zuen lehen bilera sorta Felipe VI.ak. Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin ordu eta erdiz bildu ondoren eman zuen berria: Rajoyk ez du saiatu nahi gobernua osatzen. «Oraingoz».

Egun gehiengorik ez badu ere hauteskundeak PPk irabazi zituela eta hori «errespetatu» egin behar dela esan du jarduneko presidenteak. Sanchezen asmoen aurka ere jardun da Rajoy: «Sanchezek proposatzen duen gobernua ez da ez moderatua, ez da Espainiari komeni zaiona». Ez dio uko egin hautagaitzari, dena den. Denbora irabazi du hartara; lehen bozketatik, bi hilabete ditu Kongresuak presidentea hautatzeko.

Podemosen eskaintza gogoan izan duela ere esan du Rajoyk. Izan ere, ezkerreko alderdien gobernua osatzeko, marra gorriak desagertu egin direla esan du Podemosek, eta iragarri du prest dagoela PSOE eta IUrekin gobernua osatzeko. Pedro Sanchez presidente eta Pablo Iglesias lehendakariorde izango lituzkeen gobernua osatzeko proposamena egin du Iglesiasek berak. «Ez da erdibidean gelditzeko garaia. Aldaketa bultzatu edo betikoarekin jarraitu erabaki behar da». Erabakitzeko eskubidea ez dela marra gorri bat azaldu du Iglesiasek: «Ez dugu eztabaidatzen marra gorriekin». Dena den, nazionalitate pluralari buruzko ministerioa sortzea proposatu du, eta hura En Comu Podemek kudeatzea.

Rajoyren adierazpenen ostean, «Espainiak ez dio zertan Rajoyri itxaron», berretsi du Iglesiasek. PSOEk, berriz, jarduneko presidenteari leporatu dio «iruzur» egitea, eta «bere erantzukizunari» ihes egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA