Kataluniako Gobernuak ohar bidez jakinarazi du Quim Torra gobernu presidenteak kereila aurkeztu duela Mariano Rajoy gaur arte Espainiako presidentearen eta haren presidenteorde Soraya Saenz de Santamariaren kontra. Torrak Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Aretoan jarri du kereila.
Generalitateak azaldu duenez, prebarikazio delitua leporatu die Torrak Rajoyri eta Santamariari, Kataluniako gobernurako aukeratu zituen kontseilarien izendapenerako dekretua ez dutelako argitaratu Generalitateko Egunkari Ofizialean. "Erabaki arbitrarioa da, [Espainiako Gobernuari dagozkion] eskumenetatik harago doana eta babes juridikorik gabekoa". Generalitatearen iritziz, Rajoyk eta Santamariak muzin egin diote derrigorrezko betebehar arautuari.
Dekretuak ez argitaratzeak Torraren eskubide politikoak kaltetu dituela ere salatu du Kataluniako Gobernuak. Azladu duenez, Torrak aurkeztutako kereilak ez dio biderik ixten "kaltetutako kontseilariek beren eskubide politikoak urratu direlako abiatu ditzaketen legezko neurriei".
Kereilak auzitegiari dei egiten dio auzia ikertzera. Horretarako, Rajoy eta Santamaria deklaratzera deitzeko eskatzen dio, baita Roberto Bermudez de Castro Administrazio Publikoko estatu idazkariari ere.