Ranil Wickremesinghe Sri Lankako presidentea izango da behin-behinean

Parlamentuko presidenteak Rajapaksaren dimisioa onartu du. Ganbera gaur da biltzekoa, eta hilabete bat du estatuburu berria aukeratzeko

SRI LANKAN PRESIDENTS MEDIA DIV / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gotabaya Rajapaksak dimisioa eman eta gero, Ranil Wickremesinghe azken hilabeteetan lehen ministroa izandakoak Sri Lankako presidente kargua hartu du, behin-behinean. Asia hegoaldeko herrialde horretako konstituzioaren arabera, presidenteak karguari uko egiten badio lehen ministroa bihurtzen da estatuburu. Rajapaksak herenegun bidali zuen dimisioaren gutuna Singapurtik, eta Mahinda Yapa Abeywardene parlamentuko presidenteak atzo egindako agerraldi batean adierazi zuen jaso zuela ukoa eta onartu duela. Wickremesinghek, bide batez, karguaren zina egin zuen. Parlamentuko buruak jakinarazi zien osoko bilkura egingo dutela gaur parlamentuan. Ganbera hilaren 20an da presidente berria aukeratzekoa, nahiz eta, arautegiaren arabera, hilabeteko epea duen horretarako.

Krisi ekonomiko larria pairatzen ari dira Sri Lankan, 1948an Britainiar Inperiotik independentzia lortu zuenez geroztiko handiena. Esaterako, elikagaien, erregaiaren eta sendagaien gabezia jasaten ari dira herritarrak. Hori dela eta, azkeneko hilabeteetan protesta masiboak egin dituzte gobernuaren aurka, eta Rajapaksak dimititu egin du. 1978an sistema presidentzialista ezarri zutenetik karguari uko egin dion lehen presidentea da.

Eta dimititzera behartu duten herritar horiek beraiek kaleak hartu zituzten herenegun gauean, ospatzeko, nahiz eta etxeratze agindua ezarria zegoen, azken egunetako istiluengatik. Manifestari horiek esana dute ez dutela etsiko Rajapaksa familiak gobernutik alde egin arte, baina Wickremesinghek lotura estua du azken bi hamarkadetan herrialdea gobernatu duen familiarekin, eta ez du adierazi jarduneko lanak gauzatuta presidente izateari uko egingo dionik. Oposizioko buru Sajith Premadasa izan liteke beste presidentegaia.

Ustelkeria, kudeaketa eskasa eta herrialdea porrotera eramatea egozten diote herritarrek Rajapaksari, eta asteazkenean alde egin zuen Sri Lankatik, dimisioa eman aurretik. Larunbatetik dago desagertuta, ehunka herritar haren etxera indarrez sartu eta eraikina hartu zutenetik. Iturri ofizialek diotenez, emaztearekin eta bi bizkartzainekin ihes egin du. Aurrena, Maldivetara joan zen, eta handik Singapurrera. Maldivetako Gobernuaren esanetan, Saudi Arabiara iritsi nahi du. Behin karguari uko eginda, immunitatea galdu du, eta toki seguru bat behar du balizko estradizio eskaera bat saihesteko. Singapurko iturri ofizialek jakinarazi dute ez duela asilo eskaerarik egin, eta, egitekotan, ez dela «ziurra» emango diotenik.

Basil Rajapaksa Ekonomia ministro ohia eta presidente izandakoaren anaia ere herrialdetik alde egiten ahalegindu da asteon, Kolonbo hiriburu komertzialeko aireportuko iturrien arabera. Bada, Sri Lankako Auzitegi Gorenak uztailaren 28ra arte herrialdetik ateratzea debekatu die bai Basil Rajapaksari, bai presidente zenaren beste anaia bati, Mahinda Rajapaksa lehen ministro ohiari, hain zuzen.

NDF, zain

NDF Nazioarteko Diru Funtsak erreskatatzeko zain dago Sri Lanka, eta funtseko bozeramaile Gerry Ricek Twitterren adierazi zuen atzo krisi instituzionala onbideratua izan zain dagoela, atzera negoziazioei ekiteko. NDFko ordezkariak ekaineko azkeneko astean izan ziren azkenekoz Sri Lankan, eta erreformak egiteko eskatu zioten gobernuari. Apenas duen erreserbarik nazioartean, eta joan den apirilean kanpo zorraren ordainketa eten zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.