AEBetako Justizia Departamentuak Raul Castro Kubako presidente ohia (2008-2018) inputatu du gaur, homizidioa egotzita. Behin akusazio formal hori eginda eta auzia Florida estatuko auzitegi federal baten esku utzita, AEBetako administrazioak badu lege oinarri bat Kuban esku hartzeko, urtearen hasieran Venezuelan egin bezala.
Castrok 95 urte beteko ditu ekainean —Fidel Castro 1959tik 2008ra herrialdeko lider izandakoaren anaia da—, eta, espedienteak jasotzen duenez, Kubako armadak bi hegazkin arin erorarazteko 1996ko otsailaren 24an egindako operazioaren erantzulea izatea leporatzen diote —Defentsa ministroa zen orduan Castro—. Egozten diotena kontuan hartuta zigortuko balute, heriotza zigorra edo bizi osorako kartzela zigorra ezarri ahalko liokete.
AEBetara erbesteratutako eta AEBetako herritartasuna zuten kubatarrek osatutako Hermanos al Rescate taldekoak ziren bi hegazkin horien pilotuak. Armadak jo zituen, eta barruan zihoazen lau pertsonak hil ziren, pilotuak barne. Hegazkin horiek Kubako aire eremuan sartzen ziren baimenik gabe, eta uhartetik itsasoz ihes egin nahi zutenak erreskatatzea zuten helburu.
Azken egunetan, espedientean jasotakoak kaleratu dituzte AEBetako zenbait hedabidek, eta, audio baten arabera, Castrok zera esan zuen 1996ko ekainean: «Nik esaten nuen ahalegindu behar genuela hegazkin arinak gure lurretan erorarazten, haiek Habanan sartu eta alde egiten baitzuten [...] Tira, eroraraz itzazue agertzen direnean».
Kubako Gobernuak argudiatu zuen orduan hegazkinak bere aire eremuan zeudela, pilotuak «terroristak» zirela, eta horregatik egin zietela eraso. NBE Nazio Batuen Erakundearen eta beste entitate batzuen ikerketen arabera, nazioarteko uretan erorarazi zituzten. Horrek, hortaz, zibilen kontrako eraso bat bihurtzen du gertatutakoa.
15Zenbat egun lehenago bukatuko den ikasturtea Kuban. AEBek areagotutako blokeoaren ondorioz pairatzen ari diren energia krisiak behartuta, ikasturtea aurreikusi baino hamabost egun lehenago bukatuko dute Kuban: ekainaren 30ean amaitu beharrean, 15ean amaituko da. Hori jakinarazi zuen atzo Naima Trujillo Hezkuntza ministroak.
Eta iragarpena heldu da, noiz eta Todd Blanchek, AEBetako behin-behineko fiskalburuak, Miamiko Askatasunaren Dorrean hitzaldi bat eman aurretik. Hori da, hain justu, erbesteratu kubatarren sinbolo bat. Horiek eskatzen ari zitzaizkion Donald Trumpi aurkez zitzala Castroren aurkako karguak. «Estatubatuarrak hiltzen badituzu, jazarri egingo dizugu», nabarmendu du Blanchek. Justizia Departamentuaren erabakiaren berri eman eta gero, Trumpek esan die kazetariei ez duela onartuko «terroristak babesten dituen eta etsaitasunezko operazio militarrak egiten dituen estatu alproja bat» egotea AEBetatik 150 kilometro eskasera.
Kubaren aurkako presioa handitu du Trumpen administrazioak, eta uhartea itotzeko ahaleginean dabil, hala zigor ekonomikoak areagotuz, nola energia blokeoa ezarriz. Etxe Zuriak ez du baztertzen, gainera, esku hartze militar bat, Venezuelan egin bezala. Nicolas Maduro Venezuelako Gobernuko presidentearen atxiloketari bide eman zion gidoia errepikatzen ari dira AEBak. Izan ere, 2020ko martxoan narkotrafikoagatik inputatu zuten. Joan den urtarrilean bahitu zuten AEBek, operazio militar batean; geroztik, behin-behinean atxilotuta daukate AEBetan.
Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria, gainera, kubatarrei mintzatu zaie gaur bideo batean. Espainolez mintzatu da, eta «Kuba berri bat» eraikitzera deitu ditu «Kubako herritar xeheak». Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak sare sozialen bidez erantzun dio, eta «interes ustelen bozeramailea» izatea egotzi.