Rio de Janeiroko polizia operazioak talka politikoa eragin du Brasilen

Comando Vermelho bandaren aurkako operazioan gutxienez 119 pertsona hil dituzte. Brasilgo Gobernuak operazioaren «bortizkeria» kritikatu du; Rio de Janeiroko gobernadoreak, Bolsonaroren alderdikoak, «arrakastatsutzat» jo du.

Operazioan hildakoen zenbait gorpu, gaur, Rio de Janeiroko Penha favelan (Brasil). ANTONIO LACERDA / EFE
Operazioan hildakoen zenbait gorpu, gaur, Rio de Janeiroko Penha favelan (Brasil). ANTONIO LACERDA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urriaren 29a
18:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxienez 119 pertsona hil dituzte polizia operazio batean, Rio de Janeiron (Brasil). Herrialde horrtean inoiz ez zen hainbeste jende hila polizia operazio baten eraginez. Eta horrek talka eragin du Luis Inazio da Silva Lula Brasilgo presidentearen gobernuaren eta Rio de Janeiro estatuko gobernadorean artean. Comando Vermelho taldearen buruzagiak atxilotzea zuen helburu atzo Penha eta Alemao faveletan egindako operazioak. 2.500 agentek parte hartu zuten, eta 113 lagun hartu zituzten atxilo. Zifra ofizialez harago, Rio de Janeiroko herriaren defendatzailearen arabera gutxienez 132 dira hildakoak, gauean herritarrak beren senideen gorpuak bilatzen aritu ostean. Topatutako gorpuak kale batean pilatu dituzte, eta ikusgai utzi, operazioa gaitzesteko.

Rio de Janeiro estatuko gobernadorea, Claudio Castro, Alderdi Liberalekoa da, hau da, Jair Bolsonaro eskuin muturreko Brasilgo presidente ohiaren (2019-2023) alderdikoa. Gaur prentsaurreko batean adierazi duenez, operazioa «arrakastatsua» izan da, krimenaren aurkako «kolpe gogor» bat: «Hildako poliziak kontuan hartu gabe, gainerakoa arrakastatsua izan da». Zenbaketa ofizialen arabera, lau polizia daude hildakoen artean. Operazioak kaosa eragin zuen Brasilgo hiri jendetsuenetan bigarrena den horretan: besteak beste, ikastetxeak itxi zituzten, eta errepideak moztuta egon ziren. Gobernadoreak atzo salatu zuen Brasilgo Gobernuak ez diola laguntzarik eskaini, Rio de Janeiro «bakarrik» utzi duela. 

Gobernua ez da iritzi berekoa. Ricardo Lewandowski Justizia ministroak operazioa kritikatu du gaur, Brasilian emandako prentsaurreko batean: «Operazioa izugarri odoltsua izan da, zeharo bortitza. Aztertuko dugu zuzenbide estatu demokratikorekin bateragarria ote den». Lewandowskik Rio de Janeirora bidaiatu du gaur, eta jakinarazi du hango gobernadorearekin batzartzekoa dela. Gaineratu du Lula «izututa» geratu dela hildakoen kopuruarekin, baita «harrituta» ere. Izan ere, Justizia ministroaren arabera, gobernuak ez zuen operazioaren inguruko berririk.

Kritika horiei erantzunez, Castrok adierazi du ez duela sartu nahi «joko politikoan», eta Brasiliari leporatu dio «polarizazioa» bultzatzea.

Folha de Sao Paulo egunkariaren arabera, Brasilen inoiz egindako polizia operaziorik hilgarriena izan da Rio de Janeirokoa. Honen aurretik Carandiru espetxeko operazia zen hildako gehien eragin zituena. 1992an 111 preso hil zituen Poliziak Sao Pauloko kartzela horretan.

Nazioarteko zenbait erakundek ere zalantzan jarri dute atzoko operazioa. OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak adierazi du «izututa» dagoela. Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, agintariei gogorarazi die behartuta daudela nazioarteko zuzenbidea betetzera, eta exijitu die hilketak ikertzeko. HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak «penagarritzat» jo du operazioa. Hilketa «bakoitza» ikertu behar dela gehitu du, eta oroitarazi horrelakoek «segurtasuna baino gehiago segurtasun falta» indartzen dutela.

Diktaduraren garaitik

1970eko hamarkadan sortu zen Comando Vermelho taldea, Ilha Grande uharteko espetxe batean. Brasilgo diktadura militarraren garaia zen (1964-1985), eta, kartzeletan, ohiko presoak eta preso politikoak elkartu ziren. Presoak antolatzen hasi ziren beren eskubideak defendatzeko asmoz, eta horrela sortu zen Comando Vermelho taldea. Preso politikoak, baina, aske geratuz joan ziren —1979an amnistia legea bat onartu zen—, eta sortutako talde horiek bestelako norabide bat hartu zuten. Comado Vermelhoko dozenaka kidek espetxetik ihes egin zuten, Rio de Janeirora. Han, besteak beste, lapurretak egiten eta kokaina salerosten hasi ziren. Egun, Brasilgo banda boteretsuenen artean dago Comando Vermelho.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.