Batasun Nazionalak (RN) Parisen duen egoitzara sartu da Frantziako Polizia asteazken goiz honetan, hura miatzera. Le Monde egunkariak zabaldu dituen informazioen arabera, Frantziako Justizia eskuin muturreko alderdiaren azken hauteskunde kanpainak ikertzen ari da, legez kanpoko finantzaketa baten susmopean. Kanpaina horietan RNren zerbitzu emaile izan ziren hainbat enpresa eta horien arduradunen etxebizitzak ere ari dira miatzen.
Frantziako hedabideak jakinarazi duenez, iazko uztailean abiatu zuten ikerketa RNren kontra. Jomugan dituzte, hain zuzen, 2022ko Frantziako presidentetzarako eta Asanblearako hauteskundeak, eta iaz iragan ziren Europako hauteskundeak. Hainbat zerbitzuren fakturazioa puztu egin zutela uste dute, Frantziako Estatuak kanpainako gastuak ordaintzeko itzultzen duen diru kopurua emendatzeko.
Parisko fiskaltzak baieztatu egin du eskuin muturraren kontrako ikerketa. Haren arabera, oraingoz ez dute inor akusaziopean eman, baina inkesta irekia dela jakinarazi dute. Le Monde egunkariaren arabera, RNri diru maileguak egin dizkieten hainbat pertsona galdekatu dituzte azken hilabeteetan.
Batasun Nazionaleko diruzainaren arabera, «ohiko» maileguei buruzko informazioak eskatu dizkiete, baina dokumentu andana eramaten ari da Polizia.
RNko buruak ez dira egoitzara agertu miaketa egiten ari ziren garaian. Estrasburgon dago Jordan Bardella presidentea, Europako Parlamentuko saio batean. «Operazio ikusgarri eta ezohiko hau jazarpen estrategia hutsa da, argiki. Pluralismoaren eta alternantzia demokratikoaren kontrako kalte larria da», adierazi du X sarean idatzitako mezu batean.
Mailegu parrasta
Legala da edozein herritarrek alderdi politiko bati mailegua egitea, baina oso zorrotz begiratua da. Besteak beste, ez da posible «ohiko» mailegu bat ematea, eta ezinbestekoa da epe jakin batean alderdiak dirua itzultzea. Elementu hori dago ikerketaren oinarrian, Frantziako hedabidearen arabera.
Frantziako Estatuan erregistratuak diren 594 alderdi politikoen artean bederatzik baizik ez dute diruztatze metodo hori erabiltzen, baina biren artean mailegu horien %98 biltzen dituzte: Batasun Nazionalak %85,7 eta Eric Zemmourren Errekonkistak %12,4.
Deigarriak dira datu horiek. Izan ere, 2023an hamar milioi euro eskuratu zituen RNk diruztatze publikotik, eta iazko hauteskundeen ondotik, are gehiago jaso beharko luke.