Roger Torrent: «Ez diogu utziko zentsurari parlamentuan sartzen»

Konstituzionalak berriro ohartarazi du Kataluniako Parlamentuan autodeterminazioaz hitz egitearen ondorio penalez. Gorenak Puig, Comin eta Ponsatiren aurkako euroagindua eman du

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea legebiltzarrean, joan den irailaren 25ean. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ahaleginean jarraitzen du Kataluniako Parlamentuko debateak kontrolatu eta mugatzeko. Horregatik, beste ohartarazpen bat —azken hilabeteko hirugarrena— egin dio Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari. Berriro jakinarazi dio «ondorio penalei» aurre egiteko arriskuan dagoela baldin eta legebiltzarreko osoko bilkura batean modua ematen badu autodeterminazioaz hitz egiteko. Desobedientzia delituagatik zigortua izateko arriskuan dago horregatik. Konstituzionalak atzo kaleratutako autoaren berri eduki eta gero mintzatu zen ganberako presidentea, ERC Esquerra Republicanakoa, eta nabarmendu zuen ez duela atzera egiteko asmorik: «Ez diogu utziko zentsurari parlamentuan sartzen».

ERCk, JxC Junts Per Catalunyak eta CUPek autodeterminazio eskubideari buruzko ebazpen bat adostu zuten joan den urriaren 22an, eta Legebiltzarreko Mahaiak tramiterako onartu zuen. Zazpi egun geroago, gauza bera egin zuen, koalizio antikapitalistak autodeterminazioa «modu zehatzean» gauzatzeko mozio bat aurkeztu zuenean —datorren asteartean edo asteazkenean dira azken ebazpen hori bozkatzekoak—. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zien mahaiaren bi erabaki horiei, eta Konstituzionalak tramiterako onartu ditu inpugnazioak.

Moncloak auzitegiari eskatu zion, gainera, erantzukizun penalak ezartzeko bai Torrenti, baita mahaiko beste ordezkari subiranistei ere, kontuan hartuta azken bi helegiteak jarri baino lehen ohartarazita zeudela arrazoi beragatik. Konstituzionalak oraingoz ez du bide penala hartuko, baina mahai gainean utzi du fiskaltzara jotzeko aukera. Bide batez, konstituzioaren 161.2 artikulua aintzat hartuz, bertan behera utzi ditu parlamentuak autodeterminazio eskubidearen alde onartutako ebazpenak; «konstituzioaren kontrakotzat» jotzen dituela, alegia. Horregatik ohartarazpena mahaiko kideei: «Ohartarazten zaie adostutako etetea saihestea helburu duen edozein ekinbide eragozteko edo eteteko obligazioa dutela».

Torrentek zehaztu nahi izan zuen legebiltzarrak onartutako ebazpen bat ez dela lege bat, baizik «ibilbiderik gabeko posizionamendu politiko bat», adierazpen askatasunak aterpetua. Gainera, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka egin zuen: «Mariano Rajoy gainditzen ari da». Parlamentuko presidenteak azkeneko asteotan adierazi duenez, prest dago erabakiak eragin ditzakeen kostuak onartzeko. Desobedientziagatik auzipetuko eta epaituko balute, bi urterako inhabilitatua izateko arriskuan legoke. Berdin dago Quim Torra Generalitateko presidentea. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian epaituko dute, hilaren 18an, joan den martxoan ez zituelako xingola horiak Espainiako Hauteskunde Batzordeak eskatu zionean kendu Generalitateko eraikinetatik. Hari ere desobedientzia egozten diote.

Bitartean, Auzitegi Gorenak berriro eman du Antoni Comin, Lluis Puig eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari erbesteratuen aurkako euroagindua. Comin (Osasuna) Belgikan dago, eta Pablo Llarena magistratuak sedizioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik Espainiaratu nahi du. Puig (Kultura) ere Belgikan dago, eta hari diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen dio. Ponsati (Hezkuntza) Eskozian bizi da, eta Llarenak sedizioagatik Espainiaratu nahi du. Kontseilari izandakoen defentsek jakinarazi dute justiziaren aurrean aurkezteko asmoa dutela. 2017ko urritik daude erbestean, eta Espainiako auzitegiek aurrez haien aurka emandako bi euroaginduek ez dute biderik egin. Carles Puigdemonten aurkako euroagindua ere aktibatu zuen Llarenak, buruzagi subiranisten aurkako epaia atera zutenean. Horri buruzko auzi saioa Bruselan egingo dute, abenduaren 16an.

Kanpaldiaz

Sententziaren kontra protesta egiteko, hainbat ikasle kanpaldi bat egiten ari dira Bartzelonako Unibertsitate plazan, joan den astetik; bada, Ciutadans alderdiak hori husteko eskatu zuen herenegun. Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak ez du helegitea aintzat hartu, argudiatuz protestak ez duela «zuzenean» alderdi jakin batentzat botorik eskatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.