Rojavan ez dute amore emango

Euskal ordezkaritza bat Siriaren menpeko Kurdistanen izan da, noiz-eta kurduek beren egiturak Siriarekin integratzea erabaki eta gero. Haien bizimoduaren oinarrien lekuko izan da ordezkaritza: emakumeen askapena, demokrazia zuzena eta ekologismoa.

Herritarrak kaleak patruilatzeko antolatzen dira gauero, larrialdi egoera ematean. LANDER ARBELAITZ / ARGIA CC-BY-SA
Herritarrak kaleak patruilatzeko antolatzen dira gauero, larrialdi egoera ematean. LANDER ARBELAITZ / ARGIA CC-BY-SA
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 26a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Joan aurretik, nolabait, zera zen hedabideen prentsako tituluetako mezua: dagoeneko amaitu zela Rojavako iraultza. Bada, ez, kontrakoa da». Lander Arbelaitz kazetariak Siriaren menpeko Kurdistandik etxera bueltatu eta gero kontatu ditu astebetez han ikusi dituenak; beste hiru euskal herritarrekin joan zen; tartean, Garbiñe Elizegi: «Kurduek modu eredugarrian erakutsi dute beren herria defendatzeko gai direla. Haien proiektuan sinesten dute». Borrokatu egin behar izan dute-eta Damaskorekin izan dituzten negoziazioetan; gehiengo kurdua duten miliziak Siriako armadaren parte bihurtzea hitzartu dute, eta kurduen administrazio autonomoa Siriako instituzioetan integratzea ere bai. Horiek horrela heldu zen laukotea. «Adi daude, tenkatuta, baina ez zentzu txarrean; lasai asko esaten dute gerra berriro hasiko dela. Ez litzateke ezustea izango; prestatuta daude», esan du Arbelaitzek.

Kurduei «traizioa» egin dietela gogoratu du Elizegik, iazko martxoan antzerako zerbait adostu zuten arren ez baitzen bete, eta iazko urtearen amaieran Siriako indarrek erasoei ekin baitzieten berriz, zertarako-eta gehiengo kurdudun miliziak atzera egitera behartzeko. Arbelaitzen hitzetan, Rojavakoak —mendebaldea, kurdueraz— jakitun ziren iazkoa «parentesia» zela: «Bazekiten zein zegoen mahaiaren beste aldean, eta bazekiten egiten ari ziren iraultza ez zuela begi onez ikusten».

HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistari buruz ari da, zeinak 2024 bukaeran orduko gobernuaren aurkako erasoaldia hasi zuen; Al-Assad dinastia boteretik erauztea lortu zuten islamistek, eta Rojavak haiekin negoziatu du integrazio prozesua. «Kurduek ez dute amore emango», adierazi du Elizegik, «erresistenteak» baitira: «Eutsi egingo diote, kondizio horietan bada ere». Azkenerako, akordioa lortu dute. «Orain, kontua da nola inplementatuko ote duten, nola ezarriko ote duten», gehitu du Arbelaitzek.

Bi aldeak «sokatiran» arituko direla irizten dio: «Baina kurduek ez dute esango ados ez daudela, oso pragmatikoak direlako. Guda testuinguru batean bizi dira aspalditik, badakite ezer ez dela behin betiko, saiatuko dira akordioa ez dadila puskatu. Hori bai, marra gorriak finkatuta dauzkate». Emakumeen askapena, demokrazia zuzena eta ekologismoa; finean, «bizitzaren gainean eraikitako filosofia bat» dute Rojavako kurduek.

«Jendea borrokarako oso prest ikusi genuen. Autodefentsa kaleka, auzoka, herrika»

LANDER ARBELAITZ Rojavan izan den euskal herritarra eta kazetaria

Elizegik azaldu du oinarri horien arabera antolatzen dituztela gizarteko alde guztiak, eta ez daudela «prest» horiei uko egiteko, gatazka saihestu nahi duten arren argi baitute beren herria defendatuko dutela. Qamixli hirian eta inguruan ibili da laukote euskalduna, eta horren lekuko izan da: nola herritarrek armak hartu dituzten, nola patruilatzen duten arratsaldeko zazpietatik goizeko seiak arte, nola defendatzen duten bizimodua: «Kristorenak esan zizkiguten: 'Gure gainetik pasatu beharko dute', 'Nire zainetako odol guztia emango dut honen alde'. Jendea borrokarako oso prest ikusi genuen. Autodefentsa kaleka, auzoka, herrika», adierazi du Arbelaitzek: «Estatu Islamikoak eta abarrek publikoki deitu baitiete bere militanteei Rojavan atentatuak egiteko».

Emakumeak, erdian

Emakumeek badute zer esana eremu guztietan, edozein dela ere, «horrela izan dadin borrokatu direlako», esan du Elizegik; aipatzeko modukoa dela deritzo, «inguruko herrialdeetan emakumeak nola dauden ikusita». Emakumeen askapenak eragina du borrokan ere: «Hasieratik esan ziguten hau emakumeen kontrako gerra bat dela», erantsi du Elizegik, eta horrexegatik beragatik erabaki zutela armak hartzea, izan milizietan —YPJ Emakumeen Babes Unitatean— edo kaleetan.

2011ko Udaberri Arabiarraz geroztik Rojavaren alde milaka herritar hil direla azaldu du Arbelaitzek, 15.000 hamabost urtean: «Martirienak asko ukitzen ditu herritarrak. Egundoko presentzia dute egunerokoan; gu egon garen lekuetan, behintzat, kaletik leku guztietan ikusten genituen eroritakoen argazkiak». Qamixliko martirien hilerrira ere joan ziren, eta Kobane hirikoa ere aipatu du; «bereziki harrigarria omen da», batik bat Estatu Islamikoaren kontrako gerran hiri hori kurduen erresistentziaren «sinbolo» izan zelako. Euskal ordezkaritza ezin izan da Kobanera joan, Siriako armadak jada setiatua ez duen arren hiria inguratuta baitu oraindik ere.

«Hasieratik esan ziguten hau emakumeen kontrako gerra bat dela»

GARBIÑE ELIZEGI Rojavan izan den euskal herritarra

Guda testuinguruan egonagatik ere «utopia» eraikitzen jarraitzeko erabakimena goraipatu du Arbelaitzek, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruak proposatutako konfederalismo demokratikoan oinarritua: «Haien proposamena sakona da, gogoetatua».

Proposamen horrek jineologia du oinarrietako bat —jin (emakumea kurdueraz) eta logia (zientzia grezieraz)—, «nolabait egiten ari diren lan teoriko bat», emakumeen askapenari buruz, gogoetari buruz, eta gizartea akademiatik eragiteko asmoz. Horretan aritzen direnak «guztiz seinalatuta» daudela ohartarazi du, eta hala eta guztiz ere tinko jarraitzen dutela: «Esaten dute: 'Badakigu jopuntuan gaudela, ez gaituztela onartzen, baina guk ez ditugu haiek onartzen, eta haien ideologia fundamentalistaren kontra borrokatu behar da. Ezin da onartu emakumeen aurkako zapalkuntza sistematiko hau'. Iraultzaz hitz egiten dute», azaldu du Arbelaitzek, «baina ez bakarrik termino militarretan, baizik baita politikoetan ere».

Eskaera bat ere egin zioten euskal ordezkaritzari, Arbelaitzen hitzetan: «Jendeak jakin dezala hasi besterik ez direla egin: ‘Guk ez dugu azken hitzik esan. Borrokan segituko dugu, eta munduak jakin behar du zertan ari garen hemen. Kurduok beti iraun dugu lagun handirik gabe; gure lagunak herriak dira, herritarrak’. Agian, bakeak ez ditu hainbeste aliatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.