Herbehereak

Ruttek politika utziko du udazkeneko bozen ondoren

Agintari liberalak hamahiru urte egin ditu Herbehereetako lehen ministro. Iragan astean koalizio gobernua desegin zuen, migrazioaren inguruko desadostasunengatik.

Mark Rutte Herbehereetako jarduneko lehen ministroa, gaur, Ordezkarien Ganberan, politika utziko duela jakinarazi aurretik. REMKO DE WAAL / EFE
ander perez zala
2023ko uztailaren 10a
12:41
Entzun

Herbehereetako lehen ministro karguan denbora gehien pasatu duen politikariak, Mark Rutte liberalak, jakinarazi du politika utziko duela Ordezkarien Ganberarako udazkeneko bozen ondoren. «Atzo goizean hartu nuen erabakia: ez naiz berriz eskuragarri egongo VVDren [Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdiaren] buruzagi modura. Politika utziko dut, hauteskundeen ondoren gobernua osatzen denean», esan du Ruttek gaur, parlamentuko behe ganberan. Hamahiru urte egin ditu gobernuburu gisa —2010eko urritik—: lau koalizioren buruzagi izan da, eta hirutan eman du dimisioa agintaldia amaitu aurretik.

Ruttek azaldu du erabakia «pertsonala» izan dela, eta ez duela zerikusirik izan asteotan gertaturikoarekin. Hain justu, joan den ostiralean lau alderdiko gobernua desegin zuen, koaliziokideek migrazioaren aferan dituzten desadostasunengatik; jada jardunekoa den lehen ministroaren arabera, aho batezko erabakia izan zen, ezinezkoa zelako desberdintasunak konpontzea, «zubiak eraikitzea».

Iaz eztabaida handia izan zuten Herbehereetan migrazio zentroek gainezka egin zutelako, eta, horren harira, Ruttek, besteak beste, asilo eskatzaileen kopurua murriztu nahi zuen, eta horien familia bilkurak mugatu; gobernuko koaliziokideek, ordea, ez zuten begi onez ikusi asmo hori. Joan den urtean 47.000 asilo eskari jaso zituzten, eta aurten 70.000 inguru espero dituzte, urte hasierako estimazioetan jasota dagoenez.

VVDk ez du oraingoz jakinarazi nola hautatuko duen Rutteren ordezkoa; bai alderdiaren buruzagi kargurako —hamazazpi urte bete ditu postu horretan—, baita lehen ministro izateko hautagai bihurtzeko ere. Udazkenean egingo dituzte Herbehereetako Ordezkarien Ganberarako bozak —printzipioz, azaroan—, eta ordurako aukeratu beharko dute lider berria; alderdi kontserbadoreak lortu du ordezkaritzarik handiena 2010etik hona egindako lau hauteskundeetan —150 aulkietatik 34 ditu orain—, eta, printzipioz, faboritoa da aurtengoetarako ere.

Edonola ere, arretaz erreparatu beharko zaio BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimendua alderdiaren ibilbideari, lehen indarra izan baitzen iragan martxoan egindako Senaturako bozetan; inkesten arabera, boto gehien bilduko luketen alderdietan bigarrena izango litzateke behe ganberan —eserleku bat du egun—.

Negoziazioen errekorra

Herbehereetan, ohikoa da gutxienez hamar alderdik lortzea ordezkaritza Ordezkarien Ganberan. Horren ondorioz, indar politikoek hilabeteak behar izaten dituzte koalizio gobernuak osatzeko negoziatu eta ados jartzeko; batezbestekoa hiru hilabetekoa da, eta errekorra, berriz, 299 egunekoa, hau da, ia urtebetekoa.

Eta, hain justu, azken denbora tarte hori behar izan zuen Ruttek ostiralean desegindako aliantza osatzeko: Demokratak 66rekin, CU Batasun Kristauarekin eta CDA Kristau-Demokraten Deiarekin —koalizioak 77 aulki zituen, gehiengo osoa—.

Herbehereetako jarduneko lehen ministroak ez du argitu zer egingo duen udazkenetik aurrera. Zurrumurru modura, hedabideek askotan aipatu dute balitekeela Ruttek EB Europako Batasuneko edo NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko goi karguetako bat lortzea; Ordezkarien Ganberako saioaren ondoren emandako prentsaurrekoan, ordea, Ruttek esan du ez duela interesik horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.