Sahararren malkoak

Abdelaziz presidenteari azken agurra eman diote errefuxiatu guneetan. Lurralde okupatuetan, omenaldiak galarazi ditu Marokoko Poliziak

Mohamed Abdelazizen hilkutxa, atzo, Rabunin, Tindufen (Aljeria). JAVIER MARTIN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteari azken agurra eman zioten atzo, malko artean, kanpalekuetan bizi diren errefuxiatu sahararrek. Agintariaren gorpua arratsaldeko lehen orduan iritsi zen aireportura, Tindufera. Aljeria hegoaldeko hiri horretatik, ahuku, kanpalekura eraman zuten, Rabunira. Han dauka egoitza nagusia erbestean, basamortuen basamortuan, estatu bat eratu behar izan duen gobernuak.

Jatri Aduh jarduneko presidentea eta Abdelkader Omar lehen ministroa zain zituen atarian. Baita Fronte Polisarioko agintari gorenak, senideak, gerra garaiko lagunak, nazioarteko ordezkariak eta lurralde okupatuetatik joandako senide, lagun eta ekintzaileak ere, tartean Aminatu Haidar; Mendebaldeko Saharatik kanpalekuetara joan da lehen aldiz ekintzaile sahararra, bisita historikoan. Mohamed Cheij Erguibi presidentearen anaiak ere lurralde okupatuetatik bidaiatu zuen Tindufera. Erguibi abokatua da, eta hamasei urtez egon zen kartzela batean, desagertuta; Kalat Magunan.

Saharako banderarekin bildu zuten presidentearen hilkutxa,eta independentziaren aldeko oihuak egin zituzten etengabe sahararrek. Ondoren, hainbat wilaya-tatik pasatu ostean, horietan ere lagun ugari elkartu zen segizioaren bidean, eta presidentearen etxea izan den haimara eraman zuten haren zerraldoa. Gaubeila egingo dute han haren gertukoek gaur goizaldera arte, eta egunsentian lurralde liberatuetara eramango dute hilotza, Bir Lehlura. Hiri sinboliko horretan emango diote lur, ekitaldi intimoago batean; han deklaratu zen errepublika.

Lurralde okupatuetan bizi diren sahararrek, alta, ezin izan diote azken agurra eman agintariari. Marokoko Poliziak omenaldi ekitaldiak galarazi zituen; Aaiunen asteazkenean jarritako haimak biharamunean eraitsi zituen Poliziak. Maatala auzoan elkarretaratutakoen kontra ere gogor egin zuen atzo, eta gutxienez hiru emakume zauritu. Smara okupatuan, berriz, presidentearen jaioterrian, meskita batean elkartu ziren hainbat eta hainbat saharar otoi egitera, baina, ondoren, sakabanatu egin zituzten.

Doluminak mundu osotik

Abdelazizen aldeko dolumin mezuak mundu osotik iritsi zaizkio Fronte Polisarioari. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak berak doluminak eman ditu. Hura izan da Abdelazizekin elkartu zen azken agintaria; izan ere, martxoan izan zen idazkari nagusia kanpalekuetan, eta han egindako adierazpenak, okupazio hitza aipatuz, azken krisia eragin dute 25 urtez —su-etena sinatu zenetik— ez atzera ez aurrera dagoen gatazkan; Marokok Minursoko langileak kanporatu zituen horren ostean.

Erreakzioak etxetik ere etorri dira. Jatri Aduhek esan du aurrerantzean estrategia ez dela aldatuko: «Borrokan eta erresistentzian kemenez eta pazientziaz segituko dugu». Samina sakona bada ere presidenteak irekitako bideari jarraituko diotela berretsi dute agintariek eta ekintzaileek. Mohamad presidentearen semeak ere borroka inoiz baino biziago dagoela adierazi zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.