Sahel: jihadismoa eta pobrezia barnean dituen ertza

Saharako desertuaren hegoaldeko ertzeko eskualdea da Sahel. 2023an, Maliko, Nigerko eta Burkina Fasoko gobernu militarrek Sahelgo Estatuen Konfederazioa sortu zuten, eta herritarren babesa lortu dute.

Sahelgo Estatuen Aliantzako gobernuen jarraitzaileak Ecowasen aurka protestan, iazko otsailean, Bamakon. HADAMA DIAKITE / EFE
Sahelgo Estatuen Aliantzako gobernuen jarraitzaileak Ecowasen aurka protestan, iazko otsailean, Bamakon. HADAMA DIAKITE / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko ekainaren 20a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Saharako desertuaren hegoaldeko eremua da Sahel eskualdea; izenak ere hori esan nahi du: ertza, arabieraz. Muga bat da, trantsizio gune bat basamortu lehorraren eta ohian eta sabana hezeagoen artean. Geografikoki trantsizio eremuan badaude ere, Sahelgo herrialdeak muturretan ageri dira garapenaren eta «terrorismoaren» arloko sailkapenetan. Nazio Batuen Garapen Programak iaz kaleratutako giza garapenaren indizearen arabera, munduko hamar herrialde azpigaratuenen artean daude Mali, Burkina Faso, Niger etaTxad. Eta Ekonomiarako eta Bakerako Institutuak aurten argitaratutako Terrorismo Indize Globalean lehen postuan dago Burkina Faso. Gisa horretako erasoetan pertsona gehien hil zuten estatua izan zen iaz Burkina Faso: 1.532. Gainera, indize horretan lehen bosten artean ageri dira Mali eta Niger ere.

Afrika alderik alde gurutzatzen du Sahelek: Ozeano Atlantikoa eta Itsaso Gorria lotzen dituen zerrenda bat da, eta 6.000 kilometro luze baino gehiago da —Iruñetik San Petersburgora (Errusia) joan eta etorri—. Eremu geografiko horren parte dira Senegaldik hasi eta Eritrearainoko herrialde guztiak. Alde handiak daude batzuen eta besteen artean, baina zerrendaren erdiguneko hiru estatuk antzeko ezaugarri politikoak dituzte: Malik, Burkina Fasok eta Nigerrek.

Hain zuzen, hiru estatu horietan junta militarrak daude gaur egun gobernuan. Azken bost urteetan, militarrek bina estatu golpe eman dituzte Malin —2020 eta 2021— eta Burkina Fason —2022ko urtarrilean eta urrian—. Nigerren ere armadak hartu zuen gobernuaren kontrola 2023an. Afrika Mendebaldeko inguru horretan militarrek gobernua hartzea «ohikoa» izan dela gogorarazi du Franklin Nossiter (Vichy, Frantzia, 1998) International Crisis Group ikerketa zentroko ikerlariak. Sahelgo gaietan aditua da, eta Dakarren bizi da. Haren ustez, azken estatu kolpeek badute berezitasun bat: «Aurreko hamarkadako estatu kolpeen ostean, nahiko azkar egin izan zuten trantsizioa, hau da, hauteskundeak egin zituzten. Orain, baina, ez da halakorik gertatu».

Nigerren, martxoaren amaieran, alderdi politiko guztiak desegin zituzten, eta Malin ere asmo bera dutela jakinarazi du Crisis Groupeko ikerlariak: «Gobernu militar hauek oso garbi utzi dute boterean jarraitu nahi dutela». Izan ere, klase politiko berri bat ezarri nahian ari direla iritzi dio ikerlariak: «1990eko hamarkadatik jende bera egon da boterean, jende bera aurkeztu da bozetan eta jende bera agertu da albistegietan. Orain, hori guztia aldatzen ari da. Alderdi zaharrek garrantzia galdu dute. Eta figura berri militarrak azaleratu dira».

«Gaur egungo gobernuen aldeko mobilizazio handiak egin dituzte; aurreko agintariekin ez zuten halakorik egin»

FRANKLIN NOSSITERInternational Crisis Group ikerketa zentroko ikerlaria

Gobernu militarrek errepresioa erabili dutela ere aipatu du ikerlariak: «Disidentzia zapaldu dute; kartzelan sartu dituzte, edo desagerrarazi». Halere, iruditzen zaio gaur egungo agintariek «babes zabala» dutela herritarren artean: «Gaur egungo gobernuen aldeko mobilizazio handiak egin dituzte; aurreko agintariekin ez zuten halakorik egin». Nossiterrentzat, herritarrek desengainu sentsazioa zuten aurreko agintariekin: «Bazegoen pertzepzio bat ustelak zirela eta ez zutela emandako hitza bete». Baina ohartarazi du: «Agian, urte batzuen buruan, erregimen hauekin ere hasiko dira zapuztuta sentitzen».

Mendebaldetik urruntzen

2023ko irailean, Mali, Niger eta Burkina Fasoko agintariek hitzarmen bat sinatu zuten, eta AES Sahelgo Estatuen Aliantza sortu zuten. Nigerko estatu kolpearen ostean, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak Niger inbadituko zuela egin zuen mehatxu, eta ondoren hauteskundeetara deituko zuela. Niger defendatzeko, Maliko eta Burkina Fasoko gobernu militarrek itun hori sinatu zuten. Eta hirurek taldea utzi zuten, argudiatuta erkidegoak atzerriko potentzien interesak defendatzen zituela.

Iazko uztailean, beste urrats bat egin zuten, eta aliantza zena konfederazio bihurtu zuten: Sahelgo Estatuen Konfederazioa. «Sortu dute AESeko pasaportea eta telebista, inportazioei zerga komunak ezarri dizkiete... Segurtasun aliantza izatetik harago joan dira», zehaztu du Nossiterrek.

Aurrez, bestelako segurtasun koalizioak ere egon dira eremu horretan; batez ere, Mendebaldeak hauspotutakoak, baina pixkanaka ahulduz eta desagertuz joan dira. Besteak beste, iraganean, G5 Sahel taldea egon zen; Nigerrek, Malik, Burkina Fasok eta Txadek eta Mauritaniak osatua, eta Frantziak bultzatua. Aliantza hori, baina, desagertu egin zen 2023an, AESeko hiru kideak irten ostean.

Nigerko, Maliko, Errusiako eta Burkina Fasoko Atzerri ministroak, apirilean, Moskun. PAVEL BEDNYAKOV / EFE
Nigerko, Maliko, Errusiako eta Burkina Fasoko Atzerri ministroak, apirilean, Moskun. PAVEL BEDNYAKOV / EFE

Mendebaldeak babestutako egiturak desegin heinean, beste eragile batzuk iritsi dira: «Errusia da Sahelgo Estatuen Konfederazioa aitortu duen herrialde bakarra». Gainera, Nossiterrek jakinarazi duenez, Errusiak mila paramilitar inguru izan ditu Malin: «Lehen, Wagner taldekoak ziren; orain, Africa Corps izenpean jarduten dute» —Wagnerrek  ekainaren 6an iragarri zuen ofizialki herrialdea utziko duela—. Bestalde, Txinak herrialde horiekin harreman komertzialak dituela ere gehitu du; baita Turkiak ere.

Jihadisten eboluzioa

Jihadismoa ere izan du hizpide Nossiterrek, eta talde horiek izandako eboluzioa nabarmendu du: «Gatazka 2012an hasi zen; orduan, talde separatistek [tuaregak] eta jihadistek Mali iparraldeko zenbait lurralde hartu, eta beren gobernuak ezarri zituzten. 2013an, Frantziak bonbardatu egin zituen. Ordutik, baina, aldaketa handi bat izan da». Ikerlariak azaldu duenez, jihadistek hasieran «ohiko eraso terroristak» egiten zituzten: Mendebaldeko herritarrak zeuden hirigune, hotel eta jatetxeetan egiten zituzten erasoak; «nazioarteko titularrak bereganatzeko». Azken urteetan, aldiz, beren jarduera hirietatik landa eremuetara eraman dutela azaldu du: «Eremu zabalak dituzte kontrolpean; zergak ezartzen dituzte, beren legeak inposatu...».

Estrategia aldaketa hori azpimarratu du Sergio Altunak ere (Logroño, Espainia, 1985). AEBetako George Washington Unibertsitateko ikerlaria da, aditua Afrika iparraldeko eta Sahelgo muturreko talde islamista armatuetan. Azaldu du jihadistek ikasi egin dutela 2012an gertatutakotik, eta, orain, eremu zabalak kontrolatzen badituzte ere, ez dutela jakinarazten. Altunak Sahelen jarduten duten muturreko talde islamistak zein diren zerrendatu du, bideo dei bidez.

«Mendebaldeko ikuspegitik, talde jihadisten kontrolpeko guneak areagotzeak ezegonkortasuna eragin dezake»

SERGIO ALTUNAGeorge Washington Unibertsitateko ikerlaria

«Batetik, Al-Qaedaren adarra dago: JNIM Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldea. Malik, Nigerrek eta Burkina Fasok muga egiten duten eremuan jarduten du gehienbat. Bestetik, EI Estatu Islamikoarekin lotura duten bi adar ofizial daude: ISGS Sahara Handiko Estatu Islamikoa eta ISWA Mendebaldeko Afrikako Estatu Islamikoa». Horiez gain, Boko Haram ere aipatu du.

Zenbaitetan, talde horien kontrolpeko guneetako herritarrek «ez ikusiarena» egiten dutela azaldu du; herritar horien asmo bakarra bizirautea delako. Baina, Mendebaldeko ikuspegitik, talde jihadisten kontrolpeko guneak areagotzeak «ezegonkortasuna» eragin dezakeela uste du; EIk Sirian edo Iraken kontrol handia izan zuen garaia ekarri du gogora. Eta gehitu du: «Tartean, soilik, Saharako desertua daukagu».

Jihadismoari aurre egitea bada Sahelgo gobernuen erronketako bat, baina, Nossiterrentzat, agintari berrien egiteko garrantzitsuena «frantziarren aurkako erretorikatik harago joan» eta garapena sustatzea da: «Usteltzat eta zahartzat zeuzkaten agintariak kanporatzea lortu dute, panafrikanistak dira, eta subiranotasuna aldarrikatzen dute. Baina, nire nagusiak esaten duen moduan, subiranismoa ezin da jan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.