Siriako gerra

Salih Muslimen atxiloketa «iraultza trabatzeko» saioa dela salatu dute kurduek

Txekiak PYDko buru ohia atxilotu du; Turkiak haren estradizioa eskatu du. Kurduek eta hainbat eragilek Muslim aske uztea galdegin dute

Salih Muslim PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko buruzagi ohiaren artxiboko irudi bat. ENNIO LEANZA.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Turkiak beste urrats bat egin du inboluzioaren bidean, etxe barruan oposizio kurdua isilarazteko baliatzen ari den autokrazia mugetatik haratago ere praktikan jartzeari ekin dionetik. Rojavako Afrin barrutiari erasotzeko operazio militarraren ostean, keinu diplomatikoago bat egin du; Saleh Muslimen estradizioa eskatu. Txekiak PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko buruzagi ohia atxilotu zuen iragan larunbat gauean, Pragan. Ankarak eman zuen hura atxilotzeko nazioarteko agindua, eta, hotelean atzeman ostean, atzo eskatu zuen haren estradizioa. Muslim gaur da epailearen aurrean deklaratzekoa, 11:00etan, Txekiako Auzitegi Gorenean.

Recep Tayyip Erdoganek berak igandean jakinarazi zuen buruzagi kurdua atxilotuta zegoela: «PYDko burua atxilotuta dago, bai. Txekiako Errepublikak gure eskuetan uztea espero dugu; justizia egin dadin espero dugu». Sanliurfa hirian egin zituen adierazpenok presidenteak.

Erdoganen aurkarien zerrenda luzean aurreneko lekuetan dago Muslim. Rojavako iraultza demokratikoaren ideologoetako bat da buruzagi kurdua, eta eredu hori muga zeharkatu eta iparraldean errotu aurretik, guztiz akabatzea, haren zantzu guztiak ezabatzea da agintariaren asmoa.

Siriako kurduek de facto estatu federal bat ezarri dute Yaziran, Afrinen eta Kobanen. Hirugarren bideari jarraikiz, hau da, inorekin lerratu gabe, ez gobernuarekin, ez eta oposizio armatuarekin, abian dute eskualdean egun dagoen eredu demokratiko bakarra, gobernu autonomo zibila, laikoa eta parekidea genero ikuspuntutik, eta elkarbizitzan oinarrituta, gutxiengo arabiarrekin, asiriarrekin, zirkasiarrekin eta armeniarrekin elkarlanean.

Muslimek esana da «muturreko demokrazia» bat dela, eta eredu hori lore bat dela basatzaren erdian: «Rojava babestu beharreko lore bat da, lokatzean desagertuko ez bada».

Muslimen atxiloketaren atzean, bada, iraultza demokratikoa trabatzeko saioa ikusi dute kurduek. PYDk berak buruzagia askatzea eta atxiloketa «immoral» horregatik barkamena eskatzea galdegin dio Txekiako Gobernuari. Siriako prozesu iraultzailean «giltzarria» izan dela adierazi du alderdiak, «proiektu demokratikoan eta irtenbide politikoan» ezinbestekoa.

Siria Demokratikoaren Kontseiluak ere Muslim askatzeko eskatu du «bakearen eta demokraziaren alde» egin duen lana goraipatuz. Haren atxiloketa «nazioarteko legediaren» kontrakoa dela salatu du. Salih Muslimen anaia ere bat etorri da eskaerarekin. Mohammed Muslimen arabera, estradizio eskaera bera legez kanpokoa da: «Turkiak egin du atxilotzeko agindua; beraz, ez da onartuko. Bera Siriako herritarra da».

Pragan, auzitegiaren atarian, dozenaka lagun elkartu ziren atzo. Europako hainbat hiritan ere elkarretaratzeak egin zituzten kurduek, enbaxaden aurrean, eta gaurko ere protesta ekintzak iragarri dituzte. Nazioartean ere aske uzteko eskatu zuen hainbat eragilek eta alderdi politikok, baita diaspora kurduak ere. EH Bilduk ere hura aske uzteko eskatu du.

Kurduen ikur

Muslim Kobanitik gertu dagoen herrixka batean jaio zen, Seyranen, 1951n. Erresistentziaren ikur bilakatu den hiri horretatik gertu, borrokan ari zela, bost seme-alabetako bat galdu zuen. Ingeniari kimikoa da lanbidez, eta ikasle zela sartu zen askapen mugimendu kurduan. PYDren sortzaileetako bat da —2003an eratu zuten alderdia—, eta 2013tik 2017ko irailera arte presidentekidea izan zen. Turkiak YPG Herriaren Babeserako Unitateen adar politikotzat du PYD, eta 2016an eman zuen buruzagi kurdua atxilotzeko agindua. Duela bi aste, berriz, «terroristen zerrenda» eguneratu zuen, eta bertan ehunka lagun sartu zituen, tartean Muslim. Haren truke 850.000 euro agindu zituen. 2016ko otsailean bonbaz atentatu bat egitea leporatzen dio Ankarak Muslimi: PKKri egotzi zion atentatu hori.

Egun TEV-DEM Gizarte Demokratikoaren Mugimenduko —Siriaren Iparraldeko Federazioan gobernuan dagoen alderdiko— kanpo harremanetarako bozeramailea da, eta, hori dela eta, lan diplomatikoa egiten ari zen Europan. Europako Parlamentuan izan zen duela pare bat aste.

BERRIAri hainbat elkarrizketa eman dizkio azken urteotan; azkenekoa, joan den urtarrilaren 24an. Bertan esan zuen kurduak bidea urratzen ari direla demokraziaren ikuspegi berri baterantz: «Sistema berri bat abiarazi dugu, eta praktikan jarri. Proiektu horrek Ekialde Hurbil osoarentzat balio du». YPG eta YPJ taldeak zibilez osatuta daudela ere adierazi zuen: «Armak hartu dituzte euren etxeak eta herriak defendatzeko». Afringo erasoaldiaren kontrakoa da haren azken mezua Twitterren. Hildako umeen argazkiak argitaratu zituen larunbatean: «Turkey president-child killer (Turkiako presidentea ume-hiltzaile)».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.