Salmond: «Dirua eta monarkia baino gehiago partekatuko dugu»

Eskoziako erreferendumerako proposamena egingo du gaur SNPko buruak; Londresek baldintzak ezarri nahi dizkio kontsultariJustizian eta ongizatean nazioarteko erreferente izango direla dio Salmondek

2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak gaur aurkeztuko du Eskoziaren independentziaren erreferendumaren inguruko proposamena. Urte hasieran David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak aurrea hartu nahi izan zion Eskoziako Gobernuari kontsulta egiteko proposamena eginez, baina hori egiteko hainbat baldintza ezarrita. Salmondek muzin egin die Londresen kondizioei, eta, unionisten artean piztu diren kezken inguruan, independentzia lortuz gero Eskoziak Erresuma Batuarekin «dirua eta monarkia baino gehiago» partekatuko dituela esan du. «Gizartearen batasuna», hain zuzen.

Independentzia lortzen badute, justizia eta gizarte ongizatearen alorrean gainontzeko herrialdeen «itsasargi» bilakatzea da Salmonden asmoa. Gizarte segurua, egonkorra eta tolerantea eraiki nahi du SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruak. Gainera, Eskoziarentzat onuragarri ez ezik, Erresuma Batuarentzat ere onuragarria izango dela uste du, eta bien arteko harremana «bizilagun onena» izango dela. «Lan egiteko modu berri baten aitzindariak izango gara, gainontzeko herrialdeek jarraitu ahal izango dutena, nahi izanez gero», adierazi du Salmondek.

SNPk Independentziaren aldeko kanpaina egingo duela adierazi du alderdiko buruak; baina hark dioenez, azken helburua ez da independentzia bera. Salmonden hitzetan, garrantzitsuena da behin independentzia lortuta herritarren asmoak betetzea, Eskoziako ekonomiari bultzada bat ematea eta nazioartean kide arduratsu izatea.

Cameronen proposamena

Cameronek esana du Eskoziak «bidezkoa, argia eta erabakigarria» izango den galdera merezi duela. Erreferenduma egiteko eskubidea aitortu die Erresuma Batuko lehen ministroak, baina kontsulta Londrestik gidatu nahi du. Cameronek dio Edinburgok ez duela eskumenik herrialdearen estatus konstituzionalari eragiten dioten erabakiak hartzeko. Gainera, erreferendumaren proposamena egiterakoan bi baldintza ezarri dizkio Eskoziako Gobernuari: kontsulta beranduenez hemezortzi hilabeteko epean egitea; eta bi aukera bakarrik eskaintzea herritarrei, independentzia bai ala ez.

SNPk uste du Londres arazoak sortzen ari dela baldintzak ezarrita. Cameroni Thatcherren antzera jokatzea egotzi dio Salmondek, Margaret Thatcher lehen ministro ohi kontserbadoreari erreferentzia eginez. Hori horrela, galdeketa 2014ko udazkenean egingo dutela berretsi du. Horrez gain, beste aukera bat gehitzearen aldekoa da Eskoziako Gobernua: devo max edo autonomia gehiago izatearen aukera.

Inkesten arabera, herritarren heren bat dago gaur egun independentziaren alde, gutxi gorabehera. Beste heren batek Erresuma Batuan jarraitzea defendatzen du, eta azken heren batek, berriz, autonomia handiagoa izatea. Hori horrela, Londresek independentziaren aukera bakarrik eman nahi die herritarrei, badaki eta kasu horretan ezezkoa aterako dela garaile, ziurrenik. Salmondek, ordea, independentzia lortu ezin badute autonomia handiagoa izatea bermatu nahi du, horrelako aukerak «asko jota belaunaldi bakoitzean behin bakarrik» gertatzen direla baitio.

2014a, gainera, urte sinbolikoa da Eskoziarentzat, Bannockburneko batailaren 700. urteurrena beteko baita. Gudaldi hartan garaipen garrantzitsua lortu zuten eskoziarrek Ingalaterraren aurka, Eskoziaren independentziaren gerren barruan. Urteurren hori baliatu nahi du SNPk erreferenduma egiteko. Dena den, independentziaren aldeko joera gorantz doala ikusirik, bozketa ahalik eta gehien atzeratu nahi dute, Erresuma Batuaren barruan jarraitu nahi ez dutenen kopurua indartzea espero baitute. Cameronek, berriz, 2013ko ekaina baino lehen egin nahi du kontsulta. Politikaren alorrean ziurtasun ezak Erresuma Batuaren ekonomiari kalte egiten diola argudiatuta. Analista politikoen ustez, dena den, erreferenduma lehenbailehen egin nahi badu Eskozian gehiengoak independentziaren alde egiteko aukera murriztu nahi duelako da.

'Devo max'

Autonomia handiagoa izateko proposamena oraindik argitzeke badago ere, askatasun ekonomiko erabatekoa defendatzen du SNPk. Hala, Eskoziak bere finantza sistema propioa izango luke, eta Erresuma Batuari hainbat zerbitzurengatik itzulketa bat ordainduko lioke. Devo max aukeraren alde eginik, bandera, monarkia eta defentsa partekatzen segituko lukete, besteak beste.

Gaur Edinburgoko legebiltzarrean azalduko du Salmondek zein independentzia eredu landu nahi duten, eta kontsultaren inguruko xehetasunak zeintzuk izango diren. SNPk dio independentziaren erreferendumak atzera bueltarik ez duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.