Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia Eskoziako Auzitegi Gorenean aurkeztu da gaur goizean, bere kontrako epaiketaren lehen saioan. Ordurako, dozenaka hedabide zeuden zain auzitegiaren atarian, ikusmin mediatiko handia piztu duen auziaren berri emateko. Hamar emakumeren kontrako hamalau sexu eraso egin izana leporatzen diote Salmondi. Lehen ministro ohiak akusazio guztiak ukatu ditu, eta errugabea dela ziurtatu du.
Egozten zaizkion erasoak 2008ko ekain eta 2014ko azaro bitartean gertatu ziren, Salmond Eskoziako lehen ministro zen garaian —2007ko maiatzetik 2014ko azarora izan zen karguan—. Besteak beste, emakume bat bortxatzen ahalegintzea leporatzen dio akusazioak. Haren arabera, Salmond 2014ko ekainean saiatu zen emakume bat sexu harremanak izatera behartzen, Eskoziako lehen ministroaren erresidentzia ofizialean.
Salmond 2019ko urtarrilean auzipetu zuten, eta gaur izango du ahozko epaiketaren lehen saioa. Leeona Dorrian epaileak gidatuko du epaiketa, eta hamabost kidek osatutako epaimahai batek ebatziko du auzia. Epaiketak lau aste inguru irautea aurreikusten da.
Dorrianek epaimahaia osatuko duten bederatzi emakumeei eta sei gizonei nabarmendu die «inpartzialak» izateko betebeharra dutela. Epaileak esan du auzipetua «oso ezaguna» den herritar bat dela, eta soilik epaiketan azaleratuko diren ebidentzien arabera ebatzi behar dutela hura erruduna ala errugabea den. «Ez duzue onartu behar sinpatiak edo aurreiritziek zuen iritziari eragitea».
Salmondek 65 urte ditu, eta bi aldiz hautatu zuten Eskoziako lehen ministro. Haren agintepean egin zuen Eskoziak 2014ko independentzia erreferenduma. Independentismoak erreferenduma galdu eta bi hilabetera, kargua utzi zuen.