El Salvadorko hainbat emakume, kartzeletan desagertutako senideen bila

Nekazari eremuetan beste leku batzuetan baino are gordinago sufritzen ari dira El Salvadorko salbuespen erregimenaren indarkeria. Sarekada masiboen bidez, gazteak harrapatzen dituzte batik bat, eta gero espetxeetan desagertu ohi dira.

(ID_17610421507425) Hortensia. EL SALVADOR
Niña Hortensia, Chalatenangon (El Salvador). MARTA MAROTO
Chalatenango (El Salvador)
2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marvin Dubon 17 urte betetzear zela eraman zuten lehen aldiz. Ogi bila atera zen, amonarekin gosaltzeko, Niña Hortensiarekin —hala esaten diote—. Baina kafea hoztu, eta Marvinen arrastorik ez. Chalatenangoko eskualdeko herrixka batean bizi dira biak, El Salvador iparraldean: kale lohituak, mundu guztiak elkar ezagutzen duen herri bat. Amonak polizia baten botaren azpian aurkitu zuen biloba; inolako azalpenik gabe, polizia hark furgoneta batean sartu zuen Marvin, eta mutila lau hilabete egon zen desagertuta.

Ausaz harrapatu zuten bezalaxe, ausaz askatu zuten. Bueltatu zenean, larriminak eta goseak jota bueltatu ere, kontatu zuen zeldak zikin-zikinak zeudela eta jendez gainezka, eta presoek bertan egiten zituztela otorduak eta eginkariak, eta beste presoek gaizki tratatu zutela, jo egin zutela. Amonak —hark hazi zuen mutila— ondo gogoan du: «Esan zuen sei egun egon zela minaren minez ezin jaiki». Isilean, bere onera etorri zen pixkanaka, igeltsero edo eraikuntzan lana beltz eginez trauma itotzeko ahaleginetan. Tokiko fundazio baten laguntzaz, txerriak hazteko proiektu bati ekin zion, eta bikote harreman bat hasi zuen herriko neska batekin; hantxe ibiltzen zen neskari laguntzen, talo moduko batzuk saltzen goizean eta arropa erabilia arratsaldean.

Lasaitasunak, ordea, gutxi iraun zuen. Handik urtebete eskasera, Polizia berriz azaldu zen atean. Engainu bidez, Marvin etxetik aterarazi eta berehala jarri zizkioten eskuburdinak. «Halaxe eraman zuten, ez zapata eta ez alkandora», esan du amonak, auhenez. Marvin adinez nagusia da orain, eta ez du epairik izan, ezta zer leporatzen dioten jakinarazteko auzi saiorik ere. Hilabeteak aurrera doaz, eta Niña Hortensiak —emakume zaharrak izendatzeko errespetuzko formula da niña hori El Salvadorko zenbait lekutan— gero eta itxaropen gutxiago du hura berriz ikusteko: «Gaur egun, gaztea izatea bera da delitua. Komunitatean ez dago gazterik jada».

Nayib Bukeleren salbuespen erregimenaren bortxazko oldarraldia nekazari eremuetan sufritu zuten lehenik, eta han sufritzen ari dira gogorren. 2019an iritsi zen boterera Bukele, aurreko gobernu guztiek bete gabe utzitako promes bat beteko zuela zin eginez: krimen antolatuaren dozenaka urteko indarkeria bukaraztea. Mara izeneko taldeek izututa zeuzkaten herritarrak, eta kontrolpean herrialdea. Hain zuzen, munduko herrialderik arriskutsuenetako bat zen El Salvador garai hartan.

«Gaur egun, gaztea izatea bera da delitua. Komunitatean ez dago gazterik jada»

NIÑA HORTENSIA Desagertu baten amona

Premisa horren aitzakian, ordea, 2022ko martxoan salbuespen erregimena ezarri zuen gobernuak; horren ondorioz, de facto bertan behera geratu dira berme konstituzional guztiak, eta herritar espetxeratuen portzentajeak mundu errekorretako bat gainditu du: %1,6 da gaur egun. Preso horien laurdenak, gainera, 25-29 urte bitarteko gazteak dira, eta baliabide gutxiko eremuetan egiten dituzte batez ere sarekadak —soslai hori baitute bandetako kide gehienek—. Marvini gertatu bezala, «zilegi ez den elkarte batean» ibiltzea leporatzen diete atxilotu gehienei; erregimenak figura hori erabiltzen du adierazteko norbaitek loturaren bat duela bandaren batekin.

Erreportaje honetarako elkarrizketatutakoek baldintza bat jarri dute beren istorioak kontatzeko: ez argitaratzea zer herritan bizi diren. Chalatenangoko nekazari eskualdean dago berez herria, eta hura da gehien zigortzen ari diren lekuetako bat, nahiz eta, diotenez, lehenago apenas zegoen bertan inolako talde kriminalik. Hango komunitateetan, mutilak izan ohi dira familiaren sostengua, eta, horregatik, haiek harrapatzen ari direnez geroztik, areago pobretu dira nekazari eremu horiek.

Yolanda Delgadori bizimodua amesgaizto bihurtu zitzaion Poliziak seme Josue eraman zionean. 20 urte ditu Josuek, eta batez ere hark irabazten zuen dirua bere ama eta 10 urteko arreba zaintzeko; anaia zaharragoari ere laguntzen zion, hura modu irregularrean joana baita Ameriketako Estatu Batuetara, eta prekario bizi baita. Josueren ondoren, Yolandaren bi iloba ere atxilotu zituzten, eta, berriki, haren ahizpetako bat ere bai.

«Errugabe asko daude kartzelan. Badakigu erregimenak bonuak ematen dizkiola Poliziari gutxieneko atxiloketa kopuru batera iristeko» 

BEATRIZ MAGALONI Stanford Unibertsitateko ikertzailea

«Goizeko ordu bietan jaiki, eta bost autobus hartzen ditut haiei fardelen bat eramateko modua dudanean», kontatu du Yolandak. Jakiak, arropa eta higiene produktuak sartzen ditu pakete horietan, estatuak ez baitizkie halako premia gutxienekoak bermatzen espetxeratuei. 70 eta 150 dolarren balioa izaten du fardel bakoitzak (60-85 euro), eta hori asko da familientzat. Gainera, salatu dute funtzionarioek gauzak lapurtzen dituztela fardel horietatik, edota ez dutela entregatzen entregatu beharreko guztia: «Jainkoak lagunduko ahal digu, zeren ez diete ematen behar adina janari, eta lapurtu egiten digute eramaten dieguna».

Salatzaileak

Latinoamerikako beste lurralde batzuetan gertatu izan den bezala, ama asko bihurtu dira estatuaren krimenen salatzaileak plazan, iruditzen baitzaie ez daukatela modurik krimen horietatik beren burua defendatzeko. «Errugabe asko daude kartzelan. Badakigu erregimenak bonuak ematen dizkiola Poliziari gutxieneko atxiloketa kopuru batera iristeko», azaldu du Beatriz Magaloni Stanford Unibertsitateko ikertzaile (AEB) eta Stockholm sariaren irabazleak —kriminologiako Nobel saritzat jotzen dute Stockholm saria—. Human Rights Watch-ek eta beste erakunde batzuek, zenbait poliziaren testigantzetan oinarrituta, berretsi dute egiazkoak direla presio horiek: agenteek gutxieneko atxilotze kopuru bat egin beharra dute, eta, beraz, askotan, bizilagunen akusazioak hartzen dituzte oinarri huts.

«Hatz» deitzen diete salatzaile horiei. Hain zuzen ere, bai Yolandak eta bai Niña Hortensiak uste dute bizilagunen batek salatuta eraman dizkietela senideak. Komunitatean jakina da agente batzuek 300 dolar ere eskaini izan dituztela salaketa bakoitzeko. Atxilotuak kartzelan sartzen dituztenean, hurkoek arrastoa galtzen diete, eta hori, nazioarteko zuzenbidearen arabera, bortxazko desagerrarazpentzat jo daiteke. Zeharo inkomunikatuta geratzen dira presoak, ezin abokatuarekin ere harremanetan jarri. «Abusu hutsa da, abusu hutsa. Gure pobreziaz baliatzen dira. Beldur gara ez ote diren bihar edo etzi berriz etorriko eta beste norbait eramango. Justiziaren ifrentzua da hau», ebatzi du Niña Hortensiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.