Amnesty International giza eskubideen aldeko GKEak hainbatetan eskatu dio Espainiari aske utz ditzala Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea. GKEaren esanetan, epaiketan izan diren 52 saioetan ez dute atzeman prozesua "bidegabea" izen dela baieztatzeko moduko "inolako faktorerik", baina, adierazi duenez, "agerikoa" da zigorra sedizio delituaren "irakurketa irekiegi" baten ondorio dela. Irakurketa horrek "protesta ekintza baketsuak kriminalizatzen ditu", Amnesty Internationalen hitzetan. Sanchez eta Cuixart ekintzaile independentistak behin-behinean espetxeratu zituzten 2017ko urriaren 16an, eta kartzelan dira geroztik. Espainiako Auzitegi Gorenak sedizio delituagatik zigortu zituen joan den urrian. Bederatzi urteko kartzelaldia eta beste horrenbesteko inhabilitazioa ezarri zien.
Cuixart eta Sanchez "berehala" aske uzteko eta jarri dizkien zigorrak lehenbailehen indargabetzeko eskatu dio GKEak Espainiari. Horrez gain, Espainiako Kongresuari galdegin dio presaz berrikus dezala sedizio delituaren definizioa, "desobedientzia zibileko protesta baketsuak kriminalizatu" ez ditzan eta adierazpen eta bilkura askatasunak "behar ez bezala" mugatu" ez ditzan.
"Jordien kontrako zigorra beraien adierazpen eta bilkurarako askatasunak murriztu ditu era neurrigabean", jaso du Amnesty Internationalen txostenak. Ziurtatu du Sanchezek eta Cuixartek "sekula ere ez" zutela espetxean sartu behar.
GKEak Bartzelonan aurkeztu ditu Sanchezen eta Cuixarten egoerari buruzko ondorioak, Espainiako Auzitegi Gorenak zigor epaia eman eta bost astera.
Autodeterminazioari buruzko epazbena
Kataluniako Parlamentuak hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko du autodeterminazio eskubideari buruzko ebazpena. Datorren astean izango da hori. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak partzialki indargabetu zuen JxCk, ERCk eta CUPek adostutako testua. Zehazki, autodeterminazio eskubideari buruzko puntua eta Espainiako erregetza arbuiatzen duena baliogabetu ditu auzitegiak. Ikusteko dago bozkatuko den azken testuak zer jasoko duen, zehatz-mehatz. Izan ere, talde independentistek hainbat zuzenketa aurkeztea espero da, auzitegiaren debekua saihestu ahal izateko.