Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak, Jordi Sanchez ANCko presidenteak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak Auzitegi Gorenean deklaratuko dute berriz ere, urtarrilaren 11an. Beste behin deklaratzeko aukera galdegin zuten hiru auzipetuek, eta Pablo Llarena epaileak onartu egin du eskaria.
Forn, Sanchez eta Cuixart espetxean daude Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako auzia dela eta. Kautelazko neurri gisa agindu zuen Auzitegi Nazionalak haien espetxeratzea, eta auzia Gorenaren esku gelditu ondoren, neurri bera berretsi zuen Llarenak hirurentzako eta Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordearentzako. Leporatzen zaizkien delituak berriz egiteko arriskua dutela adierazi zuen epaileak. Aldiz, Llarenak 100.000 euroko bermearekin aske utzi zituen espetxean ziren Generalitateko sei kontseilari.
Abenduaren 21eko hauteskundeetarako hautagai dira Forn eta Sanchez. Biak Junts per Catalunyaren zerrendan aurkeztu dira. Hori dela eta, Sanchezek aske uzteko baimena galdegin zion Gorenari, hauteskunde kanpainan parte hartu ahal izateko, baina Llarenak aukera hori ukatu dio gaur. Epailearen esanetan, Sanchez aske uzteak handitu eigngo luke auzipetuak indarkeria mobilizazioak deitzeko arriskua.
Matxinada delitua leporatzen die justiziak Forni, Sanchezi eta Cuixarti, besteren artean.