Espainiako inbestidura

Sanchezek Espainiako presidente hautatua izateko babes nahikoa ba ote duen argituko da gaurtik aurrera

Behar zituen abstentzio eta baiezko guztiak lortuta, Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko inbestidura saioa larunbat goizean hasi da, eta asteartean bukatuko. 167 aldeko boto ditu, eta 165 kontrako.

Cristina Narbona, Pedro Sanchez eta Adriana Lastra gaur goizean PSOEren zuzendaritzako bileran. EMILIO NARANJO, EFE
2020ko urtarrilaren 4a
16:12
Entzun

ERCrekin hitzartu duen akordioa ezagutu denetik, Pedro Sanchezek kritika gordinak jaso ditu Espainiako eskuineko alderdienak —eta baita alderdi barruko buruzagi batzuenak ere—. Horrez gainera, azkeneko orduan Espainiako Hauteskunde Batzordeak inbestidurarako bidea zaildu dio, Quim Torra eta Oriol Junqueras inhabilitatuta. Baina Espainiako jarduneko presidenteak ez du jadanik etsitzeko asmorik. PSOEk oniritzia eman dio ERCrekin sinatutakoari, eta zalantzak agertu ditu Hauteskunde Batzordeak erabakitakoaren balioaz.

Azkeneko aste honetan ERCren eta EH Bilduren abstentzioak lortu ditu Sanchezek, eta EAJrekin, Teruel Existerekin eta BNGrekin baiezkoa hitzartu du, zeini bere eskariak emanez. Eta Unidas Podemosekin hitzartu duen gobernu programa eta gobernuaren osaketa bera ere aurkeztu ditu egunotan. Bidea ireki du PSOEren hautagaiak, eta aldeko 167 boto izango ditu astearteko bozketan, gehiengo sinplez irabazteko aukera izango duen egunean. Igandean egingo dute lehen bozketa, eta han ez du gehiengo absoluturik lortuko; baina astearteko bozketan gehiengo sinplea aski izango du, eta orain hiru botoren aldea dauka.

Eskuineko indarrek eta JxCat eta CUP katalanek aurka egingo diote, baina 165 boto dituzte —Coalicion Canariak larunbateko eztabaida saioan iragarri zuen kontrako botoa emango duela—, eta ez dute aski izango Sanchezen inbestidura geldiarazteko. Ez bada ezustekorik edo okerrik gertatzen, behintzat —boto bakar bat ezezkora aldatzea edo baiezko bi boto abstenitzea erabakigarria izan baitaiteke—. ERCren eta EH Bilduren 18 abstentzioak erabakigarriak suertatuko dira azkenean.

Sanchezen inbestidurak aurrera egingo du, beraz, ezer okertzen ez bada; baina alde hain justuarekin (bi boto bakarrik), ez dago akatsetarako tarterik. Boto bakar baten gorabehera nahikoa izan daiteke presidentearen hautaketa hankaz gora jartzeko. Astearteko bozketan diputaturen batek ez balu jarraituko alderdiak emandako irizpidea edo, deskuidu batean, parlamentuan egoterik izango ez balu, gauzak goitik behera aldatzeko arriskua egon daiteke. Horri egin dio erreferentzia Ines Arrimadas Ciudadanosekoak: PSOE inguruko «ausarten bat» eskatu du, botoa irizpidea alda dezan.

Larunbatean, lehen saioa; igandean, lehen bozketa

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko eztabaida larunbateko goizeko bederatzietan hasi da. Sanchez bera izan da hitza hartzen lehena, denbora mugarik gabe. Legegintzaldirako asmoen berri eman du, eta ondoren eten bat egin dute. Gainerako alderdien txanda izan da gero, ordezkari gehien dutenekin hasi eta talde txikienekin bukatu. Ordezkari bakoitzak ordu erdiko txanda bat izan du. Sanchezek banaka erantzun die.

PPko Pablo Casado izan da Sanchezen ondoren hitza hartu duen lehena; haren atzetik joan dira Voxeko Santiago Abascal, Unidas Podemoseko Pablo Iglesias, Talde Pluraleko ordezkariak —Junts per Catalunya, Mas Pais, Coalicion Canaria, Nueva Canarias, Mes Compromis, BNG, PRC eta Teruel Existe—, ERCko Gabriel Rufian, Ciudadanoseko Ines Arrimadas, eta EAJko Aitor Esteban. 21:30 aldera bukatu da larunbateko saioa.

Igande goizean jarraituko du eztabaidak. 09:00etan hasiko da, eta EH Bilduko Mertxe Aizpuruak hartuko du lehen hitza. Haren atzetik, Talde Mistoko —CUP, Navarra Suma eta Foro Asturias— ordezkariak izango dira azkenak. Guztiei erantzun ondoren, bozketa egingo dute, eguerdi partean. Aurreneko bozketa hori irabazteko, gehiengo absolutua beharko luke Sanchezek, baina 176 diputaturen baiezkoak beharko lituzke, eta inondik ere ez ditu babes horiek.

Asteartean, bigarren bozketa

Hortaz, aurreneko bozketa hori egin eta bertan bukatuko da Kongresuko saioa. Handik justu 48 ordura elkartuko dira berriro, bigarren bozketa egiteko. Urtarrilaren 7a izango da, asteartea, eta igandeko bozketa bukatutako ordu berean hasiko dute saioa. Sanchez presidentegaiak hamar minutu edukiko ditu babes eske azkeneko hitzak egiteko. Hortik aurrera, gainerako alderdiek bosna minutu edukiko dituzte.

Hortaz, saioa hasi eta ordubete edo ordu eta erdira egingo dute bigarren bozketa, asteartean. Eta, orduan bai, gehiengo soilarekin aski izango du Sanchezek presidente aukeratua izateko. Alegia, aldeko boto gehiago beharko ditu, kontrakoak baino; boto bakar bat gehiago ateratzea ere aski luke. Baina horretarako ere justu ibiliko da PSOEren hautagaia.

Ezustekoren bat gertatuko balitz eta urtarrilaren 7ko bozketan gehiengo soilik lortuko ez balu, 60 eguneko epe bat irekiko litzateke. PSOEk eta Unidas Podemosek bi hilabeteko epea izango lukete, beraz, bigarren inbestidura ekinaldi bat lotzeko. Kasu horretan, gutxi gorabehera, martxoaren 5era arteko epea edukiko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.