Espainiako inbestidura. Gobernu akordioa

«Ausarta eta anbiziotsua»

PSOEk eta UPk ondutako gobernu programa «aurrerakoiak» planteatzen du bertan behera uztea LOMCE eta 'Mozal' legeak, eta 2012ko lan erreformak «lapurtutako eskubideak berreskuratzea»

LOMCEren aurka Bartzelonan 2017an egindako manifestazioa. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta - Xabier Martin
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Osatu dute PSOEk eta UP Unidas Podemosek Espainiako Gobernuaren datorren legegintzaldirako gobernu programa. Ituna jasotzen duen dokumentuari Koalizio aurrerakoia deitu diote, eta, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu duenez, «politika erabilgarria» aldarrikatzen du, eta «anbiziotsua eta ausarta» da aurrerakoia izateko helburuan aurrerapausoak emateko orduan. Pablo Iglesias UPko idazkari nagusiarentzat, «historikoa» da akordioa, eta iruditzen zaio paperean jasotakoa gobernu ekintza bihurtzeko «obligazioa» dutela. Sanchez presidente izendatzen baldin badute —datozen egunetan da egitekoa inbestidura saioa—, Espainiak koalizio gobernu bat edukiko du aurrenekoz frankismoaz geroztik.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin eta bi egun geroago, joan den azaroaren 12an, aurkeztu zuten biek aurreakordioa, eta orduan plazaratutakoa osatu dute dokumentu berrian. Hori sinatzeko agerraldi bat egin zuten atzo Espainiako Kongresuan. Sanchezen arabera, «behar gehien duen jendeaz» arduratzeko asmoa dute; adierazi zuen «aurrera» egin nahi dutela, baina «inor atzean utzi gabe».

Iglesiasen ustez, koalizioak uztartu egiten ditu PSOEren «eskarmentua» eta UPren «freskotasuna». UPko idazkari nagusiaren esanetan, azken hamarkada murrizketena izan da, baina itunaren aurkezpenean —kazetariek ezin izan zuten galderarik egin— esan zuen askok aldarrikatu dutela Espainian kontrakoa gertatu «ahal dela». Hori dela eta, plazaratu zuen aldarrikapen horiek «gobernu ekintza» bilakatzea izango dela koalizioaren erronka nagusia. Eta, Iglesiasen hitzetan, horien bidez intentzio bat du koalizioak: Europan erreferente bilakatzea justizia sozialeko politiketan, politika feministetan eta klima larrialdiaren aurkako borrokan.

Hauek dira 51 orrialdeko dokumentuaren puntu nagusiak.

Hezkuntza

Gobernu koalizioak asmoa du bertan behera uzteko hezkuntza erreformatzeko LOMCE legea, PPk ia-ia oposizio guztia aurka zuela onartutakoa 2013ko azaroaren 28an. LOMCE bera eta bere «ondorio negatiboak» indargabetzeko,Hezkuntzarako Oinarrizko Legea onartu nahi dute PSOEk eta UPk. Haien asmoa da hezkuntza publikoa «blindatzea», eskola segregazioa saihestea eta «hezkuntza bideak» ikasleen beharretara moldatzea.

Erlijioa ikasgaia hautazkoa izango da ikasleentzat, eta, itunak jasotzen duenez, ez da egongo«ikasgai alternatiborik». Bestetik, «berdintasun baldintzetan» nahi dute bultzatu 0 eta 3 urte arteko haurren hezkuntzarako sarbidearen «unibertsalizazioa». Iruditzen zaie neurri horren bidez desberdintasuna murriztu ahal izango dutela, eta balioko duela kontziliazioa sustatu eta «eskola porrotari» aurre egiteko.

Osasuna

Botik errezetatuak ordaintzen hasi ziren pentsiodunak 2012ko apirilean, PPk dekretuz bidez ezarri zuenean sendagaientzako ordainketa partekatua. PSOEk eta UPk konpromisoa hartu dute datorren legegintzaldian hori «progresiboki» kenduz joateko. «Bermeak» agindu dituzte ez daitezen beste ordainketa partekatu batzuk ezarri «pertsonen egoera sozioekonomikoa» kontuan hartu gabe.

Koalizioak, gainera, aurrerapausoak eman nahi ditu osasun sistema publikoa «blindatu» ahal izateko. Horretarako, «kudeaketa publiko zuzenean» oinarritu nahi du, eta «Osasun Sistema Nazionala» kudeatzeko molde berriak ahalbidetzen dituen 1997ko lege bat gainbegiratuko du, baita «sistema pribatizatu ahal izateko ateak irekitzen dituzten arauak» ere.

Osasun sistema publikoakaho-hortzetako arreta «progresiboki» eskainiko duela jaso du itunak. Plan bat onduko dute hori garatzeko.

Gainera, botiken enpresen politikak «norabideratu» asmo dituzte, lehenetsiz sendagaien «eraginkortasuna», eta horien prezioak ezartzeko «gardentasuna».

Etxebizitza

UPk eta PSOEk asmo bat dute: alokairuen prezioen «gehiegizko igoerak frenatzea». Hori gauzatu ahal izateko, merkatua «tentsioan» dagoen tokietan «beharrezko neurriak» hauspotuko dituzte. Autonomien eta udalen esku utziko dute prezioak ezartzea, betiere Sustapen Ministerioa garatzen ari den sistema bat aintzat hartuz.

Alokairu turistikoen auziari ere heldu diote. Bi alderdiei iruditzen zaie hiri batzuetan «bereziki larria» dela bai toki turistikoetan gertatu den alokairuen prezioen «gorakada», bai bizitoki izateko etxebizitzen «eskaintza mugatua», erabilera turistikoa duten ostatuen ondorioz. Horri aurre egiteko neurriak bultzatuko dituzte.

Klima larrialdia

Klima Larrialdiaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartuko duela jaso du koalizioak programan. Eta helburu batzuk ere ezarri ditu: 2040an Espainian sortutako argindarraren %85-95 energia berriztagarrien bidez lortzea, eta 2050ean %100 lortzea berriztagarriak erabilita.

Mendearen erdialderako, gainera, «zero zabor» helburua aldarrikatzen du. Hau da, ekonomia zirkularraren estrategiaren alde egin du, eta bultzatuko du erabilera bakarreko plastikoen lege bat onartzea.

Berdintasuna

PSOEk eta UPk familia aniztasuna «aitortzeko eta babesteko» konpromisoa hartu dute. Haien asmoa da «era guztietako familia egiturak» babesteko lege bat ontzea. «Hain justu, babestuko dira guraso bakarreko familiak —horien %82k emakumezkoak dituzte buru—, familia ugariak, erditze anizkuna eduki dutenak, diru laguntzak eta zerbitzuak egokituz familien errentara, tamainara eta ezaugarrietara».

Bestetik, prozesu guztietan zerrenda parekideak ezarriko dituzte, «instituzioetan emakumezkoen presentzia bermatze aldera».

Eutanasia

Heriotza duinerako eskubidea eta eutanasia arautzeko intentzioarekin, koalizioaren intentzioa da erantzun juridiko «sistematiko, orekatu eta garantista bat» ematea gaur egungo gizartean auziarekin lotuta dagoen «eskaera jarraituari». Hauspotuko ditu bai Eutanasia Arautzeko Lege Organikoa, baita heriotzaren aurretik pertsonen duintasuna bermatuko duen lege bat ere.

'Mozal legea'

«Funtsezko eskubideak» urratzen dituela argudiatuta, PSOE Herritarren Segurtasunerako Legearen kontra agertu zen. PPk bultzatuta, 2015eko uztailaren 1ean sartu zen indarrean Mozal legea. Koalizioak, ordea, «ahal bezain laster» indargabetu nahi du. Adierazpen eta bilera askatasuna bermatzeko asmoarekin, agiriak jaso du herritarren segurtasunerako lege berri bat onartuko dutela, eta «ikusmolde aurrerakoia» edukiko duela.

Lan erreforma

2012ko lan erreformak «lapurtutako lan eskubideak berreskuratzea» jaso du akordioak. Urtebeteko ultraaktibitatea baztertu eta mugagabea bihurtzeko asmoa islatzen du akordioak; hau da, lan itun bat bukatzean urtebete ez, baina hura berritu arte indarrean egotea, erreformaren aurretik zen moduan. Era berean, gaixo baimenak pilatzeagatik kaleratzeak egiteko aukera alboratuko dute. Gainera, Euskal Herrian desadostasun handia eragin dezakeen beste neurri bat ere jaso du akordioak: sektoreko hitzarmenei lehentasuna ematea enpresa hitzarmenen gainetik. Horrez gain, hitzarmen kolektiboa urratzeko enpresen eskubidea aztertuko dute berriro, arrazoi ekonomiko larrietara mugatuz.

Gutxieneko soldata

Lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko helburua ere adostu dute. Espainiako batez besteko soldataren %60ra eramatea dute xede, hau da, 1.200 eurora. Elkarrizketa Sozialerako mahaia deituko du gobernuak proposamen zehatz bat plazaratzeko, sindikatuak, enpresariburuak eta adituak elkartu eta gero. Akordioak ez du zehaztu noiz lortuko litzatekeen 1.200 euroko gutxieneko soldata hori, baina legegintzaldi amaierako helburua litzateke, betiere «egoera ekonomikoaren arabera».

Kontratazioan ere esku hartuko du gobernuak. Kontratu mota gutxiago egongo dira, eta partzialtasuna kontrolatzeko neurriak indartuko dira, batez ere «kontratatutako lan denboraren banaketa irregularra» gertatzen denerako.

Pentsioak

«Pentsio duinen bermeak» ere aipatzen ditu agiriak. Toledoko Itun berri bat proposatuko du gobernuak, pentsioak KPIaren arabera gaurkotzeko beti, «legez». Gutxieneko pentsioen eta pentsio ez-kontributiboen erosteko ahalmena handitzeko helburua dute, era berean. Eta pentsiodunen beste aldarrikapen garrantzitsu bat ere jasotzen du agiriak: jasangarritasun faktorea kentzea. Herritarren bizi-itxaropena handitzen ari denez, neurri horrek gutxitu egiten du urtero jaso beharreko pentsioa. Funtsean, diru kopuru berbera (balizko) urte gehiagotan banatzeko sistema da Sanchezen gobernuak alboratu nahi duena. Horrekin batera %0,25eko derrigorrezko igoera baztertuko du. Alegia, 2013ko erreformaren mamia alboratuko dute, Toledoko Itunean akordio berri bat lortuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.