Sanchezek estrategia aldatu du, eta erasora igaro da Colauren laguntzarekin

PSOEren eta Fronte Zabalaren ordezkariak tandemean aritu dira, eta PPren eta Voxen balizko gobernu bat herritarrentzat «mehatxua» dela ikusarazten ahalegindu dira. PPren eta Voxen mezu nagusia: Espainiak «atzerapausoa» eman duela azken legealdietan.

Abascal, Sanchez, Feijoo eta Colau, gaur gaueko eztabaidan. JUANJO MARTIN / EFE
Abascal, Sanchez, Feijoo eta Colau, gaur gaueko eztabaidan. JUANJO MARTIN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko azaroaren 27a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi bloke, eta bi mundu ikuskera. Horixe ikusi da gaur gauean Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako kanpainan egin duten azken eztabaidan. Espainiako Telebistaren Akademiak antolatuta, bertan aritu dira Espainiako egungo lau alderdi nagusietako buruak: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea (PSOE), Alberto Nuñez Feijoo oposizioburua (PP), Santiago Abascal ultra (Vox) eta Ada Colau Bartzelonako alkate ohia (Fronte Zabala).

Xakean aritu dira Espainiako alderdi nagusietako lau hautagaiak. Bakoitza taularen alde banatan, baina aurrez aurre dauden bi bloke irudikatuz. Eskuinaren eta ultraeskuinaren hautagaiak Sanchez kate motzean lotzen ahalegindu dira. Haiek eraman dute ekimena eztabaidan, erasokor aritu dira, presidentea estu hartu nahian, eta elkar ez erasotzeko ituna egin dute; gogor egin dute gobernuaren aurka, hasiera-hasieratik azken hilabeteetako gertaerak taula gainean jarriz. Besteak beste, Adamuzko eta Urdako tren istripuak, PSOEren ustelkeria kasuak eta Ceutako migrazio krisia.

Sanchez gobernuaren kudeaketaren balantzea egiten ahalegindu da, eta Moncloan jarraitu ahal izateko proiektua azaltzen, baina aurkariekin talka egiten ere ahalegindu da. Hainbat kritika jaso zituen iragan astean, Feijooren aurkako buruz burko eztabaidan izan zuen jarrera otzanagatik. Bada, erabat aldatu du jokabidea, eta erasora pasatu da, PPren eta Voxen aurka. «Feijoo eta Abascal haien inboluzio proiektua gezurrez eta irainez estaltzen saiatuko dira. Ez zaitzatela nahastu. [...] Haien alderdietara doan edozein eserleku atzerantz joatea da. Saihestu egin behar dugu», mintzatu zaio telebistaz bestalde zegoen ikusleari.

Aldamenean izan du Colau, eskuinari eta ultraeskuinari aurre egiteko modu bakarra «ezkerreko koalizio gobernu sendo bat» osatzea dela erakustaraziz, eta ezkerreko hauteslea mobilizatu nahian. Lehen aldia zuen formatu horretan, aurreneko aldiz aurkeztu baita Espainiako presidente kargura, eta emakumeen aurkako indarkeria izan du hizpide lehen hizketaldian. Indarkeria matxista deitoratu du, eta nabarmendu igandean herritarrek aukera izango dutela botoa emateko «indarkeria matxista ukatzen duen inork» goberna ez dezan. «Gobernu honek defendatu ditu gutxien emakumeak», erantzun dio Feijook.

Eta oposizioaren lau begiak Sanchezengan iltzatuta zeudela baliatuta, proposamenak egiten ahalegindu da Fronte Zabalaren ordezkaria, batez ere etxebizitzaren auzian. Besteak beste, alokairuak jaistea proposatu du, eta etxebizitzak funts putreetatik desjabetzea, alokairu sozialaren esku uzteko. Arlo horretan soilik kritikatu du Sanchez: «Gauza batzuk ondo egin ditu gobernu progresistak, baina etxebizitzaren arloan ez du gainditu».

Feijoo Sanchezekin iragan astean egindako buruz burukotik hauspotuta iritsi da eztabaidara. Gobernuaren higadura agerian utzi nahi izan du, eta behin baino gehiagotan egotzi dio aurrekontuak aurrera ateratzeko ezintasuna. Etxebizitzaren auzian «ezer» egin ez izana leporatu die gobernuko kideei: «Zortzi urte daramatzagu legegintzaldi honekin. PPk milioi bat etxebizitza eraikitzea proposatzen du eta zuek milioi bat aitzakiaz ari zarete». Klase ertaina «suntsitzea» ere egotzi dio. Horri erantzunez, gutxieneko soldata igotzea proposatu den bakoitzean PPk eta Voxek kontrako botoa eman dutela gogorarazi dute Sanchezek eta Colauk.

Abascalek Feijooren helburu berarekin jardun du, baina tonu gogorragoan —«putrea» deitu dio Sanchezi, eta «zerri talde» batez inguratuta dagoela esan du—, eta eztabaida Voxek ohikoak dituen gaietara eramanez: «legez kontrako» migrazioa eta segurtasuna. «Sanchez da etsai nagusia, bere gobernuak inmigrazio masiboa sustatu duelako», abiatu du eztabaida, eta migrazioari egotzi dio etxebizitzaren arazoa ere. «Etxebizitzen prezioak portuetan, aireportuetan eta mugetan erabakitzen dira. Ezin da etxebizitzaren auziaz hitz egin Espainiak immigrazio masiboarekin daukan arazoaz hitz egin gabe».

24 ordu barru amaituko da hauteskunde kanpaina, ostiral gauerdian. Hortaz, lau hautagai nagusiek gaur gauekoa izan dute azken aukera botoa nori eman aukeratu gabe daukaten herritarrak konbentzitzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA