Katalunia

Sanchezek inbestidura saioan parte hartzeko baimena eskatu dio Gorenari

Ostiraleko osoko bilkuran bere hautagaitza defendatu ahal izateko neurriak har ditzala galdegin dio Pablo Llarena epaileari. Behin-behinean aske uztea, saiora joan ahal izateko baimena ematea edo bideo konferentzia bidez eztabaidan hitza hartzeko aukera onartzea eskatu dio.

Jordi Sanchez JxCeko diputatua, Auzitegi Nazionalera bidean, iazko urriaren 16an, Llarena epaileak espetxeratu zuen egunean. KIKO HUESCA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 10a
14:45
Entzun

Jordi Sanchez JxCko diputatu eta Generalitateko presidente izendatzeko hautagaiak eskaria aurkeztu dio Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileari, ostiralerako Kataluniako Parlamentuak deitua duen inbestidura saioan parte hartu ahal izateko.

Bigarrenez eskatuko dio Sanchezek inbestidura saioan parte hartzeko baimena Gorenari. Martxoaren 12an bere hautagaitza eztabaidatzeko osoko bilkura zuen egitekoa parlamentuak, baina Llarenak ukatu egin zion horretarako aukera eta bilkura atzeratzea erabaki zuen Roger Torrent parlamentuko presidenteak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak haren egoeraren gainean kautelazko neurriak hartzearen alde agertuko zen argitu zain.

Sanchezek, ordea, uko egin zion bere hautagaitzari, Jordi Turull JxCko diputatua presidente izendatzeko aukerari bide emateko. Turullen inbestidura ere eragotzi du Espainiako Justiziak eta behin behineko espetxealdian da orain diputatua, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatuta.

Aldiz, Sanchezek badu elementu berririk Gorenari zuzendu dion bigarren eskarian: NBEren Giza Eskubiden Komiteak diputatuaren eskubide politikoak bermatzeko Espainiari eginiko galdea. NBEk eskubide horien ariketarako "beharrezko neurriak" har ditzala eskatu dio Espainiari, behin behineko neurri gisa, Sanchezek nazioarteko erakundean aurkeztu zuen salaketa aztertu artean.

Sanchezen defentsako abokatu Jordi Pinak Llarenari eskatu dio bermatu dezala "Espainiak nazioarteko konpromisoak beteko dituela giza eskubideen alorrean".

Sanchez Soto del Real espetxean (Madril) dago preso, behin behineko neurri gisa, iazko urriaren 16az geroztik, Kataluniako prozesu subiranistari lotutako auziarengatik. Auzitegi Gorenak matxinada eta ditu publikoaren erabilera bidegabea leporatzen dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.