2007. urtean Hagako Nazioarteko Auzitegian egindako deklarazioan, estatubatuar suhiltzaile ohi batek esan zuen Sarajevon bazeudela pertsona batzuk gidari eta guzti ibiltzen zirenak, beren janzkeragatik eta arma motengatik susmoa pizten zutenak. Bera Sarajevon boluntario ibilitakoa zen 1992 eta 1995 bitartean, gerra zibilean milizia serbo-bosniarrek hiria setiatuta zeukatenean. Orain arte, ikertu gabe zegoen gerrako turisten kontu hura, harik eta, duela aste batzuk, Milango Fiskaltzak frankotiratzaile horien gaineko ikerketa ofizial bati ekin zion arte, Ezio Gavazzeni idazle eta kazetari italiarrak epaileei emandako dokumentazioari esker.
La Repubblica egunkariak eman du ikerketaren berri, eta geroztik mundu guztian zabaldu da albistea.
Ez nik eta ez nirekin aritu direnek, hau da, ez Guido Salvini magistratu izanak eta ez Nicola Brigida abokatuak ez dugu nahita filtratu informazioa. Fiskaltzan aurkeztu dudan materialaren %15 baino ez da argitaratu egunkarietan.
Nola laburtuko zenuke kontua?
Sarajevo setiatuta egon zen bitartean, Mendebaldeko zenbait herrialdetako pertsona batzuek —haietako asko italiarrak— dirutza galantak ordaindu zituzten zibil babesgabeei tiro egiteko hiri inguruko muinoetatik. Batere arriskatu gabe, jakina.
Testigantzen arabera, asteburuko hiltzaileak Serbiako hegazkin konpainia baten bidez heltzen ziren Belgradera, gero Palera joan, eta handik Sarajevora eramaten zituzten, helikopteroz edo lurretik.
Haiei harrera egiteko organizazio bat zegoen, ondo egituratua eta zenbait adar zituena, eta asteburuero Sarajevora eramaten zituzten asteburuko frankotiratzaileak izenekoak. Ez zen inoiz edo behin gertatutako kontu bat: frankotiratzaileak, ostiralean iritsi, eta igandean joaten ziren; adar askotako organizazio baten laguntzaz, enpresari eta profesional haiek kontrolguneak pasatzen zituzten, eta beren helmugara iritsi: Sarajevoko biztanleei doitasun handiko errifleekin tiro egiteko moduko lekuetara. Antolatzaileak ez ziren milizia serbo-bosniarrak; haiek beren eskupekoa kobratzen zuten, bai, baina joan-etorri haiek ez ziren miliziek antolatuak.
Milizia kroaziarrak ere tartean ziren?
Kroaziarrek Mendebaldeko boluntarioak onartzen zituzten, gehienak eskuin muturreko militanteak; boluntario horiek milizia kroaziarretan aritzen ziren serbiarren kontra, eta, trukean, bazuten baimena zibilei tiro egiteko, «ondo pasatze aldera».
«Pertsona batzuek —haietako asko italiarrak— dirutza galantak ordaindu zituzten zibil babesgabeei tiro egiteko»
Nolatan hasi zinen hori ikertzen?
90eko urteetarako zer edo zer aditua nuen kontu burugabe horren gainean, bi artikulu argitaratu baitziren Italiako egunkarietan: Venanzio Postiglionek artikulu bat publikatu zuen 1995eko martxoan, Corriere della Sera-n, eta Giuseppe Zaccariak beste bat, La Stampa-n. Zirrara handia egin zidan haiek kontatutakoak, baina baliabiderik ez neukan hura sakon ikertzeko. Eleberri bat idaztea bururatu zitzaidan, baina zehatz-mehatz ez nekien nola antolatzen zituzten bidaia haiek, eta amore eman nuen.
2022an, ordea, Sarajevo Safari dokumentala estreinatu zuten, Miran Zupanic zuzendari esloveniarrak egina eta Al-Jazeerak ekoitzia. Filmean, bi lekukok —mertzenario ohi bat eta militar ohi bat dira, biak bosniarrak— kontatzen dute Sarajevoko setioan «turista» italiar batzuk ikusi zituztela hiriaren inguruko muinoetan. Zuzendariari idatzi nion, eta harremanetan jarri ninduen zenbaitekin, besteak beste Bosniako zerbitzu sekretuetako kide batekin; horri esker ikertu ahal izan dut gaia.
Lehen ere argitara atera da gaia behin baino gehiagotan, baina ez inongo herrialdek eta inongo epailek ez du erabaki auzia ikertzea eta errudunak zigortzea...
Corriere della Sera-ko artikulua azalean atera zen, eta, tartean ziren testigantza batzuen arabera, frankotiratzaile atzerritar batzuk zibilei tiroka ibiliak ziren, dirua ordainduta horretarako. Nola liteke orduan Milango Fiskaltzako inork ikerketarik ez abiarazi izana? Orain arte, ez da inolako ikerketari egin inon. Nire ikerketari esker hasi zen prozesu judizial bat, askoren ustez kondaira urbano bat besterik ez zen gai baten inguruan. Sarajevo Safari dokumentalari sari asko eman zizkioten, eta herrialde arabiarretan ikusi zuten, baina baita Balkanetan ere. Nolanahi ere, Mendebaldeko inongo telebistak katek ez zituen erosi filma emateko eskubideak.
«Izugarrikeria horren erantzule asko hortxe daude, epaituak eta zigortuak izateko moduan»
Zein ziren asteburuko frankotiratzaileak?
Enpresari eta profesional jendea joaten zen Sarajevora tiro egitera, gehienbat emakumeei, haurrei eta zaharrei tiro egitera; gehienak Italia iparraldean bizi ziren, Turin eta Trieste artean, eta 200.000 euro gastatzen zituzten asteburu bakar batean. Ekonomian eta gizartean eragin handia duten pertsona batzuei buruz ari gara. Ehunka batzuk dira, denak ere armazaleak, ehizazaleak. Safari-safariak egiten zituzten gizakiak harrapatzeko, 100.000 euro ordainduta Afrikan elefanteak harrapatzeko egiten diren safarien antzekoak, edo 200.000 ordainduta lehoiak harrapatzeko egiten direnen antzekoak.
Zer emango du fiskaltzaren ikerketak?
Milango Fiskaltzak carabinieri-en esku utzi du ikerketa, eta datozen egunetan galdeketa egingo didate. Litekeena da parte hartutako batzuk hilak izatea honezkero, hirutik bat-edo, baina izugarrikeria horren erantzule asko hortxe daude, epaituak eta zigortuak izateko moduan. Gure ustez, erantzuleetako batzuk behintzat identifika ditzakegu, baina hori fiskaltzaren zeregina da.