Serbiako presidentea Sarajevoko 'giza safariekin' lotu dute

Ezio Gavazzeni kazetariak salatu du Sarajevon safariak egiten zituztela gizakiak hiltzeko. Gerora, Kroaziako kazetari batek jakinarazi du Aleksandar Vucic bertan zegoela.

Serbiako presidente Aleksandar Vucic, artxiboko irudi batean. ANDREJ CUKIC/EFE
Serbiako presidente Aleksandar Vucic, artxiboko irudi batean. ANDREJ CUKIC/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko azaroaren 21a
13:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Domagoj Margetic Kroaziako ikerketa kazetariak Serbiako presidente Aleksandar Vucicen aurkako salaketa bat ezarri du asteon, Sarajevon gizakiak hiltzeko egindako safariekin lotura duela egotzita. Vucicek atzo hitz egin zuen kazetarien aurrean, eta ukatu egin zuen gertaera horiekin lotura daukala. Salatu dutenez, Italiako eta beste herrialde batzuetako frankotiratzaile dirudunek Bosnia eta Herzegovinako hiriburura bidaiatu zuten 90eko hamarkadan, zibilak hiltzeko.

Gaia ikertu duten ikertzaileen arabera, «turista frankotiratzaileen» hainbat taldek ehunka pertsonaren hilketetan hartu zuten parte. Haien esanetan, Radovan Karadzic Bosniako Serbiar Errepublikako buru ohiaren (1992-1996) soldaduei diru bat ordaintzen zieten Sarajevo inguruko mendietara eramateko, bertan herritarrei «plazer hutsez» tiro egiteko. Karadzic erruduntzat jo zuten 2016an, genozidioagatik eta gizadiaren aurkako beste krimen batzuk egiteagatik.

Gogoratzekoa da 1992. eta 1996. urteen artean 10.000 pertsona baino gehiago hil zituztela Sarajevoko setioan, bonbardaketen eta tiroketen bitartez, Bosniak independentzia aldarrikatu eta gero. Joan den astean, Milango fiskalek ikerketa bat abiatu zuten, Sarajevon borondatezko hilketak egiteagatik tartean zeuden italiarrak identifikatzeko.

Asteazkenean, berriz, Domagoj Margetic kazetariak Vucicen aurkako salaketa ezarri zuen kasua ikertzen ari den fiskaltzan. Azken egunetan, Margeticek sare sozialak baliatu ditu erakusteko Vucic presidentea —garai hartan gazte boluntario bat zen— «turisten safarietan» zegoela.

Vucicek —2017az geroztik da Serbiako presidentea, eta aurrez lehen ministroa ere izan zen, 2014tik 2017ra— agerraldi bat egin zuen atzo, Belgraden, eta, salaketa horregatik galdetuta, ukatu egin zuen hilketa horiekin lotura daukala: «Ez dut inoiz inor hil, ez zauritu, ezta antzekorik egin ere. Gezurretan aritu dira hogei urtez Sarajevoko frankotiratzaile gisa aritu nintzela esanez, eta gezurretan jarraitzen dute» Gaineratu zuenez, salaketaren helburua «munstro bat eta hiltzaile hotz bat» dela erakustea da. «Lotsagarria da. Ez dut inoiz frankotiratzaileen armarik eskuen artean eduki».

Sarajevoko setioaren inguruko salaketa Ezio Gavazzenik ezarri zuen, frogak Bildu ostean. Haren esanetan, 90eko hamarkadan izan zuen Sarajevon gertatzen ari zenaren berri, Italiako prentsaren bitartez. Baina azken urteetan hasi zuen ikerketa, 2022an estreinatu zuten Sarajevo Safari dokumentala ikusi ostean. Miran Zupanic zuzendari esloveniarrak egina da, eta Al-Jazeera hedabideak ekoitzia.

BERRIAk Gavazzeniri egindako elkarrizketa argitaratu du gaur, eta ikerketaren nondik norakoen berri eman du kazetari italiarrak. Elkarrizketan esan duenez, fiskaltzan aurkeztu duen materialaren «%15 baino ez da argitaratu» egunkarietan, eta erantzuleetako batzuk identifika ditzakete, nahiz eta hori «fiskaltzaren zeregina» dela aipatzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.