Elkartze bidegabea egotzita, Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia (2007-2012) erruduntzat jo du Parisko auzitegi batek. Muammar Gaddafi 42 urtez Libiako buruzagi izan zenak 2007ko Frantziako presidentetzarako bozetarako kanpaina finantzatzen lagundu ote zion ikertu duen kasuaren epaia irakurri dute gaur. Sarkozyri diru publikoa bidegabe erabiltzea eta ustelkeria pasiboa ere egozten zizkioten, baina delitu horiei dagokienez, absolbitu egin dute. Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote. Hilabete bateko epean fiskaltzak deituko du, eta jakinaraziko dio noiz espetxeratuko duten; helegitea jarrita ere, erabakia ez dute bertan behera utziko.Â
Eta epaia entzun ondoren kazetariei auzitegian iragarri dienez, helegitea jarriko du. Nabarmendu du, gainera, epaia erabaki «oso larri bat» dela zuzenbide estatuarentzat. «Nire gain hartuko dut ardura, eta, epaitegietatik deitzen nautenean, joango naiz. Eta nahi baldin badute kartzelan lo egitea, kartzelan lo egingo dut; baina betiere, buruari tente eutsita. Errugabea naiz». Esan du «injustizia bat» dela gertatutakoa, «eskandalu bat».
Urtarrila eta apirila artean egin zuten epaiketa, eta akusazioak mahai gainean jarri zuen «zantzu multzo» bat, oinarri hartuta Libiako Gobernuko funtzionario ohi batzuen adierazpenak eta ustezko bitartekari baten aitortza. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen eskuineko presidente ohiarentzat, eta 300.000 euroko isuna.

Fiskaltzaren arabera, hain zuzen, Sarkozyk eta haren lantaldeak «ustelkeria itun» bat hauspotu zuten 2005ean, Gaddafirekin eta haren ingurukoekin, bi urte geroago egitekoak ziren presidentetzarako hauteskundeetako kanpaina legez kanpo finantzatzeko. Kontuan hartzekoa da, gainera, Sarkozy orduan Barne ministroa zela. Horren guztiaren harira, 2007ko kanpainan Sarkozyren kanpainaburu izan zenari, Claude Gueanti, sei urteko espetxe zigorra ezarri diote elkartze bidegabeagatik eta ustelkeriagatik —Barne ministroa izan zen 2007tik 2012ra—. Dena den, Nathalie Gavarino epaimahaiburuak azpimarratu du ez dutela kartzelatuko, haren osasun egoera dela-eta. Eric Woerth kanpainaren finantzaburua izan zena, bestalde, absolbitu egin dute.
Ministerio publikoak epaiketan azaldu duenez, mesede legalak, diplomatikoak eta komertzialak eskatu zizkion Gaddafik, diruaren truke. Esplikatu dutenez, truke horrek beste helburu bat ere bazuen: Gaddafiren nazioarteko irudia hobetzea; izan ere, pixkanaka okertuz joana zen, eta 1980eko hamarkadaren amaiera aldera Mendebaldeak Libia bakartu zuen.Â
«Nahi baldin badute kartzelan lo egitea, kartzelan lo egingo dut; baina, betiere, buruari tente eutsita»
NICOLAS SARKOZYÂ Frantziako presidente ohia
2007an presidentetzara heldu zenean, Sarkozyk Parisa gonbidatu zuen Gaddafi. Sarkozy izan zen, hain zuzen, 1980eko hamarkadaren amaieraz geroztik bisita ofizial batean Gaddafi hartu zuen Mendebaldeko lehen liderra. Urte bakan batzuk geroago, ordea, 2011n, Frantzia izan zen, AEBekin eta Erresuma Batuarekin batera, Gaddafiren kontra altxatu ziren matxinoei lagundu zienetako bat —Sarkozyk jarraitzen zuen presidente izaten—. Urte hartako urrian hil zuten Gaddafi.
Beste kasuak
Beste bi kasutan ere zigortu izan dute Frantziako presidente ohia. Batean, influentzia trafikoagatik, egotzita epaile baten tratu mesedegarria jasotzen saiatu zela; eta bestean, 2012ko presidentetzarako bozetan legez kanpoko gastuak ezkutatzen saiatu zelakoan. Biei ala biei helegitea jarri zien Sarkozyk, errugabea dela argudiatuta.
Lehen auziari dagokionez, Sarkozyri hiru urteko espetxe zigorra berretsi zion Frantziako Kasazio Auzitegiak iazko abenduan; azkenean, baina, kartzelara joatea saihestu zuen, eta urtebeteko etxeko atxiloaldia ezarri zioten —zigor hori jarri dioten Frantziako lehen estatuburua da—. Eskumuturreko telematiko bat eraman zuen aldean otsailetik maiatzera, baina, legea eskuan, 70 urte betetzean, zigortuek baldintzapean aske geratzeko eskatu dezakete Frantzian. Sarkozyk apirilean egin zuen eskaera, eta maiatzean onartu zioten; orduan, geroztik eskumuturrekorik gabe dago, aske, nahiz eta baimena eskatu beharra daukan bi astetik gorako bidaiak egiteko eta atzerrira joateko.