Sarkozyk Chiracen aurkako aliantza bat proposatu ziola jakinarazi du Bayrouk

'Sud Ouest' egunkariak zabaldu du informazioa, UDFko buruzagiak ez aipatzeko eskatu bazion ere

2007ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Jacques Chirac presidentearen aurkako aliantza bat eratzea proposatu zion 2004. urtean Nicolas Sarkozyk François Bayrouri. Hark, ordea, uko egin zion. Sud Ouest egunkariak zabaldutako informazioa da. Bordeleko kazetari bati zentroko hautagaiak berak eman zion informazio hori, martxoaren 16an egindako elkarrizketa batean, baina ez aipatzeko eskaria eginda. Sud Ouest-ek, baina, kazetaritzako barne lege hori haustea erabaki du.

Egunkariko kazetariekin elkarrizketatik kanpo izan zuen solasaldian hauxe esan zuen Bayrouk: «Sarkozy eta ni neu bezain ezberdinik ezin da izan; dena den, bada hiru urte ez garela bekoz beko mintzatzen». Sarkozyrekin izandako hizketaldiaren berri ere eman zuen orduan: Jacques Chirac Frantziako presidentea zokoratzeko tratu bat proposatu ziola Sarkozyk.



«GARAIZ KANPO AGERRARAZIKO DUGU».Pirinio Garaietan, Jacques Chancel kazetari ohiaren etxean elkartu ziren Bayrou eta Sarkozy. UDF Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasuneko presidentearen arabera betiere, hauek izan ziren eskuineko hautagaiaren hitz zehatzak: «Chiracen aurka bat egin dezagun proposatzen dizut; gu gazteak gara eta bera zaharkituta dagoenez, garaiz kanpo dagoela esango dugu; biek elkarrekin gogor egingo dugu haren aurka, zer deritzozu?».

Bayrouren erantzuna hauxe izan omen zen: «Zure egitasmo horrek ez nau interesatzen; ez dut zurekin Chiracen aurkako aliantzarik egin nahi haren adina eta gurea oinarritzat hartuz; horrelako jokaerekin ez nator bat; ez naiz horrelakoa [...]; zuk egin ezazu nahi duzuna, baina ni gabe izango da».

Sarkozyren ingurukoek egunkariak zabaldutako informazioa gezurtatu dute. Sarkozy eta Chiracen arteko etsaigoa, dena den, agerikoa da. Edouard Balladur lehen ministroa Presidentetzarako hautagai gisa sustatu zuen 1995. urtean Sarkozyk Chiracen kalteetan. Chiracek, alta, sostengua agertu dio orain Sarkozyri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.