Frantziako Polizia Nicolas Sarkozy herrialdeko presidente ohiaren etxea eta haren abokatuen bulegoak miatu ditu Parisen, 2007ko hauteskundeetako kanpainan legez kanpo finantzatu zelakoan. Jean Michel Gentil Bordeleko Auzitegiko epaileak eman du operazioa egiteko agindua, Le Monde-k dioenez. Sarkozy bera Kanadan da, emaztearekin.
Kanpainarako ustez modu ilegalean 150.000 euro jaso izana egozten diote Sarkozyri (Paris, 1955). Eric Woerth diruzainaren bidez jaso zuen diru hori hark.
Woerth ministro izan zen Sarkozy presidente izandako garaian, eta dimisioa aurkeztu behar izan zuen Bettencourt auziagatik. Legez kanpoko finantzazioagatik inputatuta dago 2007tik.
UMP eskuineko alderdiko kidea da Sarkozy, eta 2007-2012 artean izan zen Frantziako presidentea. Aurten François Hollande PSko kideak hauteskundeak irabazi dizkio.