Ekitaldia txalo zaparradaz beterikoa izan da. Lehena Angela Merkelek jaso du, politika utzi baitu kantziler karguan hamasei urte egin ostean; hori bai, azken hilabeteotan bezala, oraingoan ere Bundestageko —parlamentuko behe ganberako— gonbidatuen agertokitik ikusi behar izan du ekitaldia, behean diputatuen artean egon beharrean. Bigarren txaloaldia —eta hirugarrena— Olaf Scholzi zuzendu diote, Merkelek utzitako tokia hartu eta herrialdeko gobernuburu aukeratua izan denean. Anekdota bat ere utzi du bozketaren ondorenak, Baerbel Bas behe ganberako presidente berria ez baita ohartu Scholzen mikrofonoa ez zegoela piztuta, eta, horren ondorioz, berriz galdetu behar izan baitio kantziler kargua onartzen al zuen. Baiezkoa eman dio, bigarrenez.
Scholzen agintaldia ziurgabetasun handiz abiatu da, lehen aldiz hiru alderdik osaturiko koalizio bat izango baita agintean, eta unea ez baita hoberena, COVID-19aren pandemia betean egokitu baitzaie pausoa ematea. Halere, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren, Aliantza 90/Berdeen eta FDP Alderdi Demokratiko Librearen semaforo izeneko aliantzak —alderdien koloreengatik— legealdi arrakastatsua izateko asmoa berretsi du hainbatetan, herrialdean hain gogoko duten egonkortasuna berma dezakeela uste baitu.
Hirurek argudiatu dutenez, asmo horren erakusle dira gobernua osatzeko hilabeteotan egin dituzten negoziazio egonkor eta lasaiak. Legealdirako adosturiko neurrien artean daude gutxieneko soldata orduko 9,6 eurotik 12ra igotzea; ikatza erabiltzeari «idealki» 2030ean uztea —aurreikusi baino zortzi urte lehenago—, eta klima neutraltasuna 2045erako lortzea; koronabirusaren pandemiari aurre egiteko krisi talde bat sortzea; urtero 400.000 apartamentu eraikitzea, eta alokairuen garestitzea gelditzea; pentsioak ez murriztea; barne produktu gordinaren %3,5 ikerketan, berrikuntzan eta garapenean inbertitzea (I+G+B); digitalizazioa sustatzea; botoa emateko eskubidea 16 urtera jaistea; eta kalamua legeztatzea, besteak beste.
Ich habe „Ja“ gesagt. pic.twitter.com/vt6oP3KlNa
— Olaf Scholz (@OlafScholz) December 8, 2021
Atzerri politikako auzi bati ere egin beharko diote aurre lehen hilabeteetan, Errusiaren eta Ukrainaren arteko harremana eta balizko gerra baten mamua eztabaidaren lehen lerrora itzuli baitira; horretaz, Scholzek esana du ez duela onartuko Moskuren tropek Ukrainako muga zeharkatzea eta «muga berriak marraztea». Beste gai batez, Txinako Neguko Olinpiar Jokoez, ez du argitu Ameriketako Estatu Batuen erabaki bera hartuko duen, eta horien boikot diplomatikoa aginduko duen.
Kasua edozein dela ere, Alemaniako kantzilerrak egungo harremanei eusteko asmoa erakutsi du, eta Parisera eta Bruselara egingo ditu nazioarteko lehen bidaiak, etzi; besteak beste, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta EB Europako Batasunetako eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko agintariekin biltzeko.
Nazioarteko erreakzioak
Bundestageko bozketa egin eta berehala, Macronek ongi etorria eman dio Scholzi, eta adierazi dio «hurrengo atala elkarrekin idatziko» dutela. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen ere mintzatu da Alemaniako kantziler berriaz, eta mezu horretan azaldu du «Europa indartsu baterako lankidetzan gehiago sinesteko» gogoa duela.
Talde komunitarioaz aritzean, koalizioa osatu duten hiru alderdiak bat datozBruselak «legeak betearazi» behar dituela, horretarako EBren funtsak baliatu behar badituzte ere. Hori da Scholzek nazioarteko aliatuei helaraziko dien mezua, batez ere Poloniako eta Hungariako gobernuez eta zuzenbide estatuaren errespetuaz aritzerakoan.
Hori bai, haren aurretik, Alemaniako Atzerri ministroa izango da hiriburu horietan, gaur eta bihar, baita Varsovian ere; Annalena Baerbock ekologista da kargudun berria, eta, haren alderdiak duen pisuaren erakusle, Robert Habeckek ere postu garrantzitsuak izango ditu gobernu parekidean, kantzilerorde eta Ekonomia eta Klima ministro aukeratu baitute. Liberalen kasuan, Christian Lindner FDPko buruak Finantza kargua eskuratu du.
SPDk, Berdeek eta liberalek akordio mamitsua ondu duten arren, inor gutxik espero du Scholzen agintaldia Merkelena bezainbeste luzatzea, Alemaniako herritarren artean egindako inkesta baten arabera. Ez hori bakarrik: YouGov etxearen galdeketak jasotzen duenez, herritarren %20k uste dute koalizioa eten egingo dela lau urteko epean, eta %44k diote kantzilerra bigarrenez aurkeztuko dela bozetara baina ez duela lortuko nahikoa gehiengorik.
Iragan irailaren 27an egin zituzten Bundestagerako hauteskundeak, eta sozialdemokratek bildu zuten ordezkaritzarik handiena boz horietan (206 diputatu); hortaz, Berdeen aulkiekin (118) eta FDPrenekin (92) gehiengo osoa izango dute parlamentuko behe ganberan. CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Kristau Sozialak osatzen duten blokeak, aldiz, inoizko diputatu gutxien lortu zuen (197).
Hauteskunde horietarako, Scholzek hipotesi bat zuen: 2005etik hona herritarrei ziurtasuna, egonkortasuna eta pragmatismoa saldu dien Merkelek hutsune handia utziko duela, eta boto emaileek elementu horiek lehenetsiko zituztela hurrengo gobernuburua aukeratzean.
Horregatik, karguan haren aurrekoa izan denaren antzeko profila erakutsita egin zuen kanpaina, eta estrategia arrakastatsua izan da; hortaz, kantzilerra berria den arren, baliteke herritarrek aldaketarik ez nabaritzea gobernuburuaren gobernatzeko estiloan.