Scholzen aroa hasi da

Agintari sozialdemokrata Alemaniako kantziler aukeratu dute. Pandemia, klima, modernizazioa eta nazioarteko agenda izango ditu legealdiko erronka nagusi

Olaf Scholz —eskuinean— Berlinen, atzo, Alemaniako kantziler aukeratu ostean. Angela Merkel karguan haren aurrekoa du alboan. CLEMENS BILAN / EFE.
ander perez zala
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ekitaldia txalo zaparradaz beterikoa izan da. Lehena Angela Merkelek jaso du, politika utzi baitu kantziler karguan hamasei urte egin ostean; hori bai, azken hilabeteotan bezala, oraingoan ere Bundestageko —parlamentuko behe ganberako— gonbidatuen agertokitik entzun behar izan du ekitaldia, behean diputatuen artean egon beharrean. Bigarren txaloaldia —eta hirugarrena— Olaf Scholzi egin diote, Merkelek utzitako tokia hartu eta herrialdeko gobernuburu aukeratu dutenean. Anekdota bat ere utzi du bozketaren ondorenak, Baerbel Bas behe ganberako presidente berria ez baita ohartu Scholzen mikrofonoa ez zegoela piztuta, eta, horren ondorioz, berriz galdetu behar izan baitio kantziler kargua onartzen al zuen. Baiezkoa eman dio, bigarrenez.

Scholzen agintaldia ziurgabetasun handiz abiatu zen atzo, lehen aldiz hiru alderdik osaturiko koalizio bat izango baita agintean, eta garaia ez baita hoberena,COVID-19aren pandemia betean egokitu baitzaie pausoa ematea. Halere, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren, Aliantza 90/Berdeen eta FDP Alderdi Demokratiko Librearen semaforo izeneko aliantzak —alderdien koloreengatik— legealdi arrakastatsua izateko asmoa berretsi du hainbatetan, herrialdean hainbeste gogoko duten egonkortasuna berma dezakeela uste baitu.

Hirurek argudiatu dutenez, asmo horren erakusle dira gobernua osatzeko hilabeteotan egin dituzten negoziazio egonkor eta lasaiak. Legealdirako adosturiko neurrien artean daude, besteak beste, gutxieneko soldata orduko 9,6 eurotik 12ra igotzea; ikatza erabiltzeari «idealki» 2030ean uztea —aurreikusi baino zortzi urte lehenago—, eta klima neutraltasuna 2045erako lortzea; koronabirusaren pandemiari aurre egiteko krisi talde bat sortzea; urtero 400.000 apartamentu eraikitzea, eta alokairuen garestitzea gelditzea; pentsioak ez murriztea; barne produktu gordinaren %3,5 ikerketan, berrikuntzan eta garapenean inbertitzea (I+G+B); digitalizazioa sustatzea; botoa emateko eskubidea 16 urtera jaistea; eta kalamua legeztatzea.

Atzerri politikako auzi bati ere egin beharko diote aurre lehen hilabeteetan, Errusiaren eta Ukrainaren arteko harremana eta balizko gerra baten mamua eztabaidaren lehen lerrora itzuli baitira; horretaz, Scholzek esana du ez duela onartuko Moskuren tropek Ukrainako muga zeharkatzea eta «muga berriak marraztea». Beste gai batez, Txinako Neguko Olinpiar Jokoez, ez du argitu Ameriketako Estatu Batuen erabaki bera hartuko duen, eta horien boikot diplomatikoa aginduko duen.

Kasua edozein dela ere, Alemaniako kantzilerrak egungo harremanei eusteko asmoa erakutsi du, eta Parisera eta Bruselara egingo ditu nazioarteko lehen bidaiak, bihar; besteak beste, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta EB Europako Batasunetako eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko agintariekin biltzeko.

Nazioarteko erreakzioak

Hain justu, atzo Bundestageko bozketa egin eta berehala, Macronek ongietorria eman zion Scholzi, eta adierazi zion «hurrengo atala elkarrekin idatziko» dutela. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen ere mintzatu zen Alemaniako kantziler berriaz, eta mezu horretan azaldu zuen «Europa indartsu baterako lankidetzan gehiago sinesteko» gogoa duela.

Talde komunitarioaz aritzean, koalizioa osatu duten hiru alderdiak bat datoz Bruselak «legeak betearazi» behar dituela, horretarako EBren funtsak baliatu behar badituzte ere. Hori da Scholzek nazioarteko aliatuei helaraziko dien mezua, batez ere Poloniako eta Hungariako gobernuez eta zuzenbide estatuaren errespetuaz aritzeko orduan.

Hori bai, haren aurretik, Alemaniako Atzerri ministroa izango da hiriburu horietan gaur, baita Varsovian ere; Annalena Baerbock ekologista da kargudun berria, eta, haren alderdiak duen pisuaren erakusle, Robert Habeckek ere postu garrantzitsuak izango ditu gobernu parekidean, kantzilerorde eta Ekonomia eta Klima ministro aukeratu baitute. Liberalen kasuan, Christian Lindner FDPko buruak Finantza kargua eskuratu du.

SPDk, Berdeek eta liberalek akordio mamitsua ondu duten arren, inor gutxik espero du Scholzen agintaldia Merkelena bezainbeste luzatzea, Alemaniako herritarren artean egindako inkesta baten arabera. Ez hori bakarrik: YouGov etxearen galdeketak jasotzen duenez, herritarren %20k uste dute koalizioa eten egingo dela lau urteko epean, eta %44k diote kantzilerra bigarrenez aurkeztuko dela bozetara, baina ez duela lortuko nahikoa gehiengorik.

Iragan irailaren 27an egin zituzten Bundestagerako hauteskundeak, eta sozialdemokratek bildu zuten ordezkaritzarik handiena boz horietan (206 diputatu); hortaz, Berdeen aulkiekin (118) eta FDPrenekin (92) gehiengo osoa izango dute parlamentuko behe ganberan. CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Kristau Sozialak osatzen duten bloke kontserbadoreak, berriz, inoizko diputatu gutxien lortu zuen (197), eta oposizioburu izatera pasatu da hasi berri den legealdirako.

Jon diren hauteskunde horietarako, Scholzek hipotesi bat zuen: 2005etik hona herritarrei ziurtasuna, egonkortasuna eta pragmatismoa saldu dien Merkelek hutsune handia utziko duela, eta boto emaileek elementu horiek lehenetsiko zituztela hurrengo gobernuburua aukeratzeko orduan.

Horregatik, karguan haren aurrekoaren antzeko profila erakutsita egin zuen kanpaina, eta estrategia arrakastatsua izan da; hortaz, kantzilerra berria den arren, baliteke Alemaniako herritarrek aldaketarik ez nabaritzea gobernuburuaren gobernatzeko estiloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.