Irakeko Kurdistan autonomoan herritarrak haserre daude eskualdeko gobernuarekin. Herrialde arabiarretako protestak adoretuta, kurduek ere kalera jo dute hainbatetan azken hilabeteotan. Bizi-baldintzak hobetzeko erreforma politikoak exijitzen dituzte. Segurtasun indarrek, baina, gogor isilarazi dituzte protestak.
Aste honetan bertan 90 lagun inguru zauritu dira Sulaimanija hirian. Izan ere, segurtasun indarrek tiroekin eta negar gasekin erantzun zieten asteleheneko eta astearteko protestei. Bederatzi lagun balaz zauritu zituzten. Manifestariak, berriz, harriak eta bestelakoak jaurti zizkieten poliziei; 60 inguru zauritu zituzten.
Arbil hiriburuan, bestalde, ehunka ikaslek manifestazioa egin nahi izan zuten unibertsitatearen atarian, herenegun. Poliziak, ordea, borra kolpez sakabanatu zituen.
Masud Barzani Kurdistan autonomoko presidenteak hainbat erreforma iragarri zituen iragan hilabetean herritarren haserrea baretzeko. Iragarpenak, ordea, ez dituzte manifestariak ase; erreforma horiek euren eskarietatik oso urrun daudela diote.
Errepresioa ikertzeko eskaera
Sulaimanija hiriko gertakarien ondotik, Amnesty Internationalek ikerketa independente bat martxan jartzeko exijitu die eskualdeko agintariei. Protesta baketsuak egiteko eskubidea errespetatzeko eskatu du AIk, eta gobernuari segurtasun indarrak geldiarazteko ere iradoki dio.
Hain justu, herenegun, Kurdistango Legebiltzarrean liskarrak jazo ziren eskualdean diren protesten harira. Karim Sinjari Barne ministroa galdekatu zuten herritarrek egin dituzten manifestazioen eta horien errepresioaren inguruan. Ministroak azaldu zuen protestak egiteko baimenak liskarrak saihesteko ukatu zituela. Oposizioko kideak, haserre, ur botilak jaurti zituzten agintean dagoen KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoko kideen aurka.
Segurtasun indarrek bortxaz isilarazi dituzte protestak Irakeko eskualde kurduan
Aste honetan 90 lagunetik gora zauritu dira manifestazioetan; herritarrek erreformak exijitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu