Segurtasun publikoa «gutxiesteak» eragin zuen Fukushimako hondamena

Legebiltzarrak egindako txostenaren arabera, Japoniako energia nuklearraren legediak aldaketak behar ditu

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Japoniako Legebiltzarreko ikerketa batzordeak egindako txostenaren arabera, iazko martxoaren 11n Fukushima Daiichi zentralean gertatutako hondamendia «aurreikusi eta saihestu» zitekeen. Ezbeharraren errua Japoniako Gobernuari eta TEPCO Tokioko Indar Elektrikoaren Konpainiari egotzi diote adituek, eta istripuari emandako erantzuna giza akatsez jositakoa izan zela dio ikerketak.

Japoniako Legebiltzarreko ikerketa batzordeak joan den abenduan hamar adituz osatutako taldeak egin du 600 orrialdetik gorako agiria. Ikerketa burutzeko 1.167 lagun elkarrizketatu dituzte sei hilabetean, krisi nuklearraren arrazoiak argitu asmoz. Adituek gogor kritikatu dute zentral nuklearraren istripuaren aurrean, aponiako Gobernuak hasieran emandako erantzuna. Naoto Kan zen orduan herrialdeko lehen ministroa.

Fukushimako hondamendia Japonian izandako bederatzi graduko lurrikarak eta ondorengo tsunamiek eragin bazuten ere, adituek kaleratutako txostenaren arabera, «ezin da hondamendi naturaltzat jo» eta «gizakiak eragindako istripua» izan zela ondorioztatu dute. Ikerketak jakitera eman duenez, segurtasun nuklearrerako erakundeak eta zentralaren jabea den TEPCO enpresa 2006. urtetik jakitun ziren tsunami batek eragin zezakeen erabateko itzalaldiaz.

Adituek adierazi dute, ezbeharra gertatu baino lehen, «aukera asko» izan zituztela prebentzio neurriak hartzeko. Eta istripua, «TEPCO enpresak neurri horiek hartu ez zituelako» gertatu zela baieztatu dute.

Bestetik, Fukushimako istripuak eragindako krisi egoera kudeatzeko Japoniako Gobernuaren «sistema eskasa» azpimarratu dute ikertzaileek. Naoto Kanen gobernuari leporatu diote udal agintariei informazioa ematerakoan «mantso» eta «zehaztasun gutxirekin» aritu izana eta horren ondoriotzat jo dute ebakuazio aginduek sortutako nahastea. Izan ere, hainbat herritar erradiazio maila altuko guneetara eraman zituzten. Gaineratu dutenez, herritar askok «Fukushimako istripuak eragindako ondorioen aurka borrokan dihardute oraindik ere».

Ikerketak jakitera eman duenez, agintariek ez zituzten hondamendia saihesteko mundu mailako segurtasun neurriak aintzat hartu. Horregatik hondatu ziren erreaktore nuklearrak, eta horrek erradiazio isuriak eragin zituen. 150.000 lagunek etxea utzibehar izan zuten.

Legebiltzarreko ikerketa batzordearen txostena Japonia energia nuklearra berriz erabiltzen hasi denean kaleratu da. Izan ere, orain gutxi, Yoshihiko Noda lehen ministroak bi erreaktore nuklear berriz martxan jartzeko baimena eman du, segurtasuna aztertzeko herrialdeko erreaktore guztiak bi hilabetez itzalita izan ostean. Agintariek baimena eman badute ere, inkestek diotenez herritarren erdia baino gehiago zentral nuklearrak berriro martxan jartzearen kontra dago. Adituen txostenak ere Japoniako erreaktore nuklear guztiak «ahulak» direla dio. Hargatik, «presazkoa» iruditzen zaie bi erreaktore martxan ezartzeko Nodak hartu duen erabakia, eta gobernuari osasun publikoa babesteko «behar besteko konpromisorik ez hartzea» egotzi diote.

Aldaketa sakona

Gainera, krisi egoera ez dela oraindik amaitu adierazi dute. Ondorioz, energia nuklearraren inguruko legediak eta TEPCO enpresaren baitako araudiak sakoneko aldaketak behar dituztela eskatu dute. «Jendea ordezkatzeak edota erakundeak izenez aldatzeak ez du arazorik konponduko».

Oraindik ere, erradiazioagatik 80.000 lagunek jarraitzen duteFukushimako zentraletik hogei kilometro inguruko eremuan etxera itzuli ezinda. Bitartean, azpiegituren barruan milaka langile ari dira erregai nuklearra kanporatzen eta erradiazio isurketak ekiditeko lanetan. Kaltetutako erreaktoreak hustea lau hamarkada baino gehiago luza daitekeela aurreikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.