SENEGAL

Senegalgo presidentetzarako bozak abenduaren 15era atzeratu dituzte

Asanblea Nazionalak onartu du erabakia, saio iskanbilatsu batean. Azken egunetako protestetan 150 lagun inguru atxilotu dituzte. NBEk «indarkeria» baztertzeko eskatu die alde guztiei.

SENEGAL. PROTESTAK.
Senegalgo Polizia indarretako kide batzuk Dakar hiriburuan, aurreko igandean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko otsailaren 06a
11:20
Entzun

Macky Sall presidenteari «estatu kolpe konstituzional bat» ematea egozten dio Senegalgo oposizioaren gehiengoak. Hilaren 25ean ziren egitekoak presidentetzarako bozak, baina, aurreko larunbatean, Sallek bertan behera utzi zituen, hauteskundeetarako onartutako hautagaitzen harira epaileen artean «ustelkeria kasu bat» gertatu dela argudiatuta. Horrek protestak piztu zituen kalean, eta bi egun geroago, atzo gauean, beste egun batean egitea onartu zuen Asanblea Nazionalak: abenduaren 15a.

Dena den, saio iskanbilatsu baten ondoren hartu zuten presidenteak hauspotutako erabakia. Oposizioko kide batzuk ahalegindu ziren atzeratzeari buruzko lege proiektuaren bozketa eragozten, eta estatuko indarrek ganberatik kanporatu zituzten. Azkenean, 165 parlamentarietatik 105ek bozkatu zuten atzeratzearen alde.

Eta azken egunotako protestetan gutxienez 150 pertsona atxilotu dituzte, Seneweb hedabideak gaur kaleratu duenez. Polizia indarrek negar gasa erabili dute protesta batzuetan. Gainera, gobernuak bertan behera utzi du sakelakoetarako Internet zerbitzua, argudiatuta eragotzi egin nahi dutela sare sozialetan «gorroto mezuak» hedatzea.

Zer gertatzen ari den aintzat hartuta, NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek eskatu die alde guztiei baztertzeko «indarkeria» eta prozesu demokratikoa «ahuldu» dezaketen ekintza guztiak. Agintariaren bozeramaile Stephane Dujarricek nabarmendu du «tradizio demokratiko indartsua» duela Senegalek, eta han egindako botere trantsizioak «baketsuak» izan direla. Azkeneko lau urteotan ia dozena bat estatu kolpe izan dira Afrikan; kontinentearen mendebaldeko herrialde horretan, ordea, ez da inoiz halakorik gertatu.

Sall presidenteak bigarren agintaldia du —2012tik dago karguan—, eta, kontuan hartuta hango herrialdeko konstituzioan zer dagoen jasota, ezingo da beste baterako hautagaia izan. Uztailean iragarri behar izan zuen ez zela presidentegai izango, zeren aurrez esana baitzuen konstituzioari 2016an egindako erreformak modua ematen ziola hirugarren agintaldirako hautagai izateko. Horrek protestak eragin zituen. Nolanahi den ere, hurrengo bozetan Amadou Ba izango da presidentegai ofizialista, egungo lehen ministroa.

Eta, hain zuzen, oposizioko presidentegai batekin gertatutakoak eraman zuen Sall bozak atzeratzera; edo hori interpreta daiteke. Urtarrileko hirugarren asteburuan onarturiko hogei presidentegaien zerrenda kaleratu zuen Senegalgo Kontseilu Konstituzionalak. 73 hautagai bozetatik kanpo utzi zituen, eta horien artean dago Karim Waderena. Kontseilu Konstituzionalak argudiatu zuen herritartasun bikoitza zuela hautagaitza aurkeztean —Senegalgoa eta Frantziakoa—, eta konstituzioak zehazten duela presidentegaiak soilik Senegalgo herritartasuna eduki behar duela. Waderen esanetan, urtarrilaren 16an uko egin zion Frantziakoari; hautagaitzen inguruko eskumena duen organoarentzat, ordea, berandu da.

Abdoulaye Wade 2000tik 2012ra herrialdeko presidentea izan zenaren semea da, eta, Sallek joan larunbatean hauteskundeak bertan behera utzi bezperan, ostiralean, lege proposamen bat aurkeztu zuen Asanblea Nazionalean, bozak atzeratzeko prozesuan «hutsegite onartezinak» egon direlakoan. Karim Wadek ere epaileen aurka egin du. Oposizioaren gehiengoa, baina, hauteskundeak atzeratzearen kontra agertu da.

Ousmane Sonkoren hautagaitza ere baztertu zuten. Oro har, oposiziok uste du hark zuela aukera gehien bozak irabazteko. Aurreko udatik kartzelatuta dago, ordea, matxinadara deitzea leporatzen baitiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.