Sexu erasoak salatu dituzte berriro Erresuma Batuko armadaren fundazioaren eskolan (AFC). Harrogate hirian dagoen unibertsitate militar bat da, Ipar Yorkshiren, Ingalaterra iparraldean. Nerabeentzako entrenamendu zentro bat da, eta bertan errekrutatzen dituzte ondoren armadara sartuko diren soldaduak. 16 eta 18 urte bitarteko gazteak aritzen dira, eta lau emakume izan dira ahotsa altxatzen azkenak.
BBC kateak jaso ditu lau emakume horien testigantzak, eta azaldu dute eraso horiek azken bost urteetan gertatu direla, emakumeak oraindik adinez txikikoak zirenean. Oro har, laurek ohartarazi dute unibertsitateak misoginiaren eta sexu indarkeriaren «kultura arriskutsua» duela.
Horietako batek, adibidez, kontatu du bere adin bereko zenbait soldaduk bortxatu egin zutela, eta erasoak ordu batzuk iraun zuela: «Haragi pusketa bat banintz bezala sentitu nintzen». Besteek ere salatu dute sexu jazarpena jasan izana. Azaldu dutenez, logeletan erasotzen zieten: zenbait gizon sartzen ziren, abisatu gabe; giltzapetu, eta ez zieten logelatik irteten uzten. Sexu hizkera erabiltzen zuten haiei hitz egitean.
Ez dira kasu bakanak. Ipar Yorkshireko Poliziak unibertsitate militar horrekin lotura duten hamasei salaketa jaso ditu aurten, urtarriletik ekainera, BBCk jakin duenez. Hedabideak erantsi du salatutako delituen artean exhibizionismoa, voyeurismoa eta sexu erasoak daudela.
Ehunka salaketa
Hainbat urtez gertatu dira modu horretako erasoak. Defentsa Ministerioaren datuen arabera, 176 salaketa jarri ziren 2018ko urtarriletik 2025eko ekainera, zentro horretan izandako sexu jokabide desegokiengatik. Horietatik 144 salaketa adinez txikikoek eginikoak izan ziren.
Erresuma Batuko parlamentariek ere eskatu zuten unibertsitate militar horretan zer gertatzen zen ikertzeko. Sarah Atherton parlamentaria zen 2021ean, eta, salaketa horien inguruan garai hartan egindako ikerketa baten harira, adierazi zuen militarren kontrako salaketen prozesua «tamalgarria eta desegokia» izan zela, eta salatu zuen prozesu horietan «justizia ukatzen» zitzaiela emakumeei.
Armadak gaitzetsi egin ditu gertakariak, eta adierazi «oso larriak eta penagarriak» direla: «Halako jokabide onartezin eta kriminalek ez dute lekurik gure indar armatuetan». Gaineratu du horrelako jokabideak «armadak defendatzen duen guztiaren aurkakoak» direla.
Erresuma Batuko 19 urte azpikoentzako entrenamendu militarreko zentrorik handiena da AFC. 16 urteko errekruta guztiak sartzen dira bertan. Gaur-gaurkoz, adinez txikiko 889 soldadu daude unibertsitate horretan, eta horietatik 70 dira emakumeak.

