Sexu indarkeria: gerrarako beste arma bat

Etiopiako eta Eritreako armadek bortxaketak eta sexu torturak erabiltzen dituzte Tigrayko emakumeei erditzeko gaitasuna kentzen saiatzeko. Hala, kaleratu berri duten txosten baten arabera, indarkeria matxistaren bitartez etnia horren aurka egiten dute.

Emakume bat Tigrayn, 2023an. XIMENA BORRAZAS
Emakume bat Tigrayn, 2023an. XIMENA BORRAZAS
2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ziurtatuko dugu Tigrayko emakumeek ezingo dutela umerik izan». Mezu hori idatzia zuen ohar plastifikatu bat aurkitu zuten Etiopiako Tigray eskualdeko ospitale bateko osasun langileek, Eritreako armadak bortxatu zuen emakume baten umetoki lepoan. Ebakuntza zail baten ondoren, zortzi torloju, hondakinak eta eskuz idatzitako paper hori atera zizkioten handik; aurrerago, umetokitik, azkazal mozteko bat. Artatu zuen erizainaren arabera, bere kasua ez zen gertakari bakan bat: paziente gehiagoren ugaltze aparatuetan aurkitu dituzte horrelako objektu eta mezuak.

PHR Giza Eskubideen Aldeko Medikuak eta OJAH Afrikako Adarreko Justizia eta Erantzukizun Erakundeak egindako ikerketak kaleratu dituen testigantza ugarietako bat da hori. Ez zara berriro erditzeko gai izango du izenburua uztail amaieran argitaratutako txostenak, eta 515 pazienteren osasun historia, 600 profesionali egindako inkestak eta medikuekin, erizainekin, psikiatrekin eta komunitateko liderrekin egindako elkarrizketak aztertzen ditu. Tigrayko emakumeek jasaten duten sexu bortizkeria aztertzen duen ikerketa sakonena eta zehatzena da, eta, hortaz, Etiopiako eta Eritreako armadek haien kontra egin dituzten erasoak agerian utzi ditu nazioartean. 

Zaid Tsegayren arabera, «izugarria, orokorra eta sistematikoa» da Tigrayko emakumeek jasaten duten sexu jazarpena. 4YBIN erakunde humanitarioko kidea da Tsegay, eta indarkeria matxista jasan izan duten emakumeekin zuzenean egiten du lan, Tigrayn. Gertutik erreparatu die biktimen kasuei; hala, indarkeria matxistako kasuen kudeatzailea izanda, «istorio latz eta hunkigarriak» entzun dituela azaldu du.

Urteak dira emakume horiek bortxaketa masiboak, sexu esklabotza, bortxazko haurdunaldiak eta sexu torturak pairatzen dituztela, baina 2020tik gerora, gora egin dute kasuek. Izan ere, urte horretan, TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea gerran murgildu zen Etiopiako armadaren eta Eritreako armadaren aurka. Bi urtez aritu ziren elkarri eraso egiten Tigray eskualdean, eta 2022ko martxoaren 24an su etena adostu zuten. Hala ere, Tsegayren esanetan, «egoera humanitarioa larria da oraindik». XXI. mendeko gerra odoltsuenetako bat izan zen ─AB Afrikako Batasunaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 600.000 hildako inguru─, eta Etiopiako eta Eritreako armadek gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin zituztela adierazi dute nazioarteko zenbait erakundek. 

Tsegayk azaldu duenez, gerra hasi zenetik «emakumeen gorpuak arma gisa erabili ziren, arrazoi etnikoengatik zigorrak ezartzeko eta dominazioa gauzatzeko». Txostenean kaleratutako testigantza gehienetan, emakumeek azaldu dute militarrek nabarmen erakutsi zutela beren etnia desagerrarazteko helburuz egin zituztela bortxaketak eta bestelakoak; tigreen identitatea «garbitzeko» edo «ezabatzeko».

Horiek horrela, Tsegayk argi utzi nahi izan du armaden sexu bortizkeria ez dela ez ausazkoa, ez bakana, estrategikoa baizik. «Bizirik atera diren biktimek emandako frogek eta erasotzaileek erabilitako hizkuntzak adierazten dutenez, bortxaketak nahita erabili izan dituzte gerrarako, eta, beharbada, baita garbiketa etnikorako ere». Hala, indarkeria matxistaren bitartez, armadek «komunitatea makurrarazi dute, beren batasuna hondatu, eta bertan beldurra zabaldu».

PHRk eta OJAHk kaleratutako txostenaren arabera, sexu bortizkeria etniako emakume orok jasan ahal izan du. Medikuek emandako testigantzen arabera, artatutako biktima gazteenak urte bat ere ez zuen. Osasun langileen %20k baino gehiagok adierazi dute sexu indarkeriagatik artatu zituztenen artean «oso haur txikiak» zeudela ─1 eta 12 urte bitartekoak─, eta %63k 17 urtetik beherakoak artatu zituztela.

«Indarkeria matxistaren bidez, komunitatea makurrarazi dute, beren batasuna hondatu, eta bertan beldurra zabaldu»

ZAID TSEGAY4YBIN erakunde humanitarioko kidea

Gainera, inkestatutako medikuen %91k bortxaketa bat baino gehiago jasandako pazienteak izan dituzte. Eta, batez beste, artatutako biktimek pairatutako bortxaketetan hiru erasotzaileek parte hartu zuten. Bestalde, txostenean azpimarratu dute eraso horietan, indarraz gain, bestelako objektuak eta kimikoak ere erabili dituztela soldaduek. 

Hori guztia ikusita, tokiko eta nazioarteko erakunde batzuek esku hartu dute eremuan ─NBEk eta Emakume errefuxiatuen Batzarrak, besteak beste─, baina, Tsegayren arabera, «ematen dituzten zerbitzuak ez dira nahikoa». Adierazi du armaden sexu indarkeria jasandako emakumeek ondorio «latzak» pairatzen dituztela eta, «bizirauten badute ere», beren bizitza betirako aldatzen dela.

Suntsitzaileak eta iraunkorrak

Sexu indarkeriak eragiten dituen ondorioak «suntsitzaileak eta iraunkorrak» direla adierazi du 4YBINko kideak. «Maila pertsonalean, bizirik atera direnek lesio fisikoak, bortxazko haurdunaldiak, sexu transmisiozko infekzioak, hiesa eta trauma psikologiko sakonak izaten dituzte. Gizarte mailan, berriz, askok estigmari edo arbuioari egin behar diote aurre. Eta komunitate mailan, eraso horiek konfiantza, harremanak eta identitatea suntsitzen dituzte. Belaunaldiak behar izaten dira horrelako traumak sendatzeko», azaldu du mezu bidez. 

Horiek horrela, trauma, estresa eta beldurra pairatzen dituzte oraindik biktimek, erasoa gertatu eta denbora luzera. Tsegayk azaldu duenez, emakume horiek «ezohiko presiopean» daude, gerra ondorengo pobreziari, lekualdaketei eta baliabide faltari aurre egiteaz gain jasandako indarkeriaren ondorioak ere kudeatu behar dituztelako. Erantzukizun faltari eta laguntza eskuratzeko zailtasunari ere leporatu dio hori. 

Hala, Tsegayk ohartarazi du gai hau «auzi humanitarioa» dela, eta ez Tigrayko kontua soilik. Finantzaketa iraunkorra, nazioarteko arreta eta «benetako justizia» eskatu ditu egoerari aurre egiteko, eta azpimarratu biktimek sendatze prozesuan zainduak, entzunak eta babestuak izatea merezi dutela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.