Siria «hautsi» nahi izatea leporatu dio Al-Xaraak Israeli

Siriako Gobernuak tropak atera ditu As-Suwaydatik. Eremua drusoen kontrolpean geratu da.

Bost emakume druso, herrira itzultzen su etena iragarri ondoren, Siria hegoaldean, gaur. ATEF SAFADI / EFE
Bost emakume druso, herrira itzultzen su etena iragarri ondoren, Siria hegoaldean, gaur. ATEF SAFADI / EFE
2025eko uztailaren 17a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek Siriako batasuna «hautsi» nahi duela adierazi du Siriako behin-behineko gobernuburu Ahmed al-Xaraak, gaur telebistan emandako hitzaldi batean. Al-xaraak azaldu duenez, aurreko abenduan Baxar al-Assaden 24 urteko agintaldia bukatu zenetik, Israelek Siriaren egonkortasuna «mehatxatu» du behin eta berriro, eta saiatu da herritarren artean «desadostasuna sortzen». 

Gobernuburuak jakinarazi duenez, gaur amaitu dira Siria hegoaldeko eremu drusoan igandean hasi ziren gatazkak. Tribu beduinoen eta milizia drusoen arteko istiluak igandean hasi ziren, eta lau egunez izan dira borrokak As-Suwayda inguruan. Gatazka eremua milizia drusoen kontrolpean zegoenez, astelehenean Siriako Barne Ministerioak adierazi zuen hara bidaliko zituela gobernuko tropak, «gatazka amaitzeko, segurtasuna bermatzeko eta gertakarien erantzuleak epaitzeko».

Operazio horrek drusoen eta gobernuaren haserrea eragin zuen, eta Israelen eta Siriaren arteko tentsioa areagotu zuen. Izan ere, oraingo Siriako agintariak jihadistatzat jo ditu Israelek. Otsailean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk azpimarratu zuen ez zuela onartuko Siriako Gobernuko indarrak Israelgo mugatik gertu egotea, hain zuzen herrialdearen hegoaldean. Siriako tropak eremu drusoan sartu, eta Israelek asteazkenean esku hartu zuen herrialdeko barne gatazkan, «drusoak babesteko eta Siriak hegoaldetik tropak erretirarazteko». Beraz, atzo Israelek hainbat eraso egin zituen Sirian: Damaskon, Defentsa Ministerioari eraso zion, eta, hegoaldean, tropei.

Horiek horrela, Siriako armadak jakinarazi du gaur bere indarrak eremu drusotik atera dituela. Al-xaraaren esanetan, Israelen erasoen ondoren, bi aukera zituzten: Israelen kontrako gerra hastea, drusoak arriskuan jartzea eta herrialdea eta eskualde osoa ezegonkortzea; edo drusoei aukera ematea zentzatzeko eta interes nazionalari lehentasuna emateko. 

Beraz, gaur egindako adierazpenetan, Al-xaraak azaldu du Siria hegoaldea «bertako fakzioen eta lider erlijiosoen» esku dagoela, eta gehitu du drusoen eskubideak babestea izango dela gobernuaren «lehentasuna». Gainera, Al-xaraak «arrakastatzat» jo du «bakea berrezartzea» lortu izana, eta negoziazioetan parte hartutako «bitartekari estatubatuar, arabiar eta turkiarrei» eskerrak eman dizkie, haiek gabe «eskualdea etorkizun ziurgabe batean» egongo zela azalduz. Netanyahuk, berriz, adierazi du su etena «indarrez» lortu dela, gaur kaleratu duen bideo batean: «Bakea indarrarekin lortzen dugu». 

Giza Eskubideen Siriako Sareak kaleratu duenez, Siria hegoaldean gertatutako istiluetan, guztira 193 pertsona hil dira igandetik. Giza Eskubideen Siriako Behatokiak, berriz, atzo adierazi zuen 248 pertsona hil direla gatazkan.   

Israelek libanori eraso dio

Gutxienez bi pertsona hil ditu gaur Israelek Libano hegoaldean, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Israelek hainbat ibilgailu bonbardatu ditu, droneen bidez. Bi herrialdeek su etena adostu zuten azaroan,.

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.