Siria kurduen auzoak bonbardatzen ari da Alepon

Gutxienez hamar pertsona hil ditu, eta 50 inguru zauritu azken egunetan. 100.000 pertsonak ihes egin behar izan dute etxetik.

Herritar batzuk gaur Alepon (Siria), etxetik alde egiten. AHMAD FALLAHA / EFE
Herritar batzuk gaur Alepon (Siria), etxetik alde egiten. AHMAD FALLAHA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urtarrilaren 8a
15:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirugarren egunez jarraian, Siriako armada gehiengo kurdua duten Alepoko (Siria) barruti batzuk bonbardatzen ari da. Iturri kurduek gaur adierazi dutenez, eraso horien ondorioz azken egunetan gutxienez hamar lagun hil dira, eta 50 inguru zauritu. Siriako iturri ofizialen esanetan, berriz, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak bost pertsona hil ditu, eta 44 inguru zauritu armadak kontrolatutako eremuetan. 

Eusteko deia egin du SDFk. Batik bat miliziano kurduek osatzen dute koalizio armatu hori, eta haien bozeramaile Farhad Xamik adierazi du X sare sozialean Damaskoren aldeko fakzioak ari direla bonbardaketak egiten. «Jazarpena itogarria da», nabarmendu du. Al-Jazeera hedabideak iturri militarrak aipatuz kaleratu duenez, armada ari da eraso horiek egiten Siria iparraldeko hiri horretan.

Jopuntuan jarri ditu gehiengo kurduko Xeikh Maqsoud eta Axrafieh barrutiak, eta atzo «eremu militar» izendatu zituen. Hori dela eta, handik milaka pertsona ari dira alde egiten azkeneko orduetan; iturri ofizialek esan dutenez, 100.000 inguru dira jada desplazatuak.

Bi barruti horietan ez ezik, Bani Zeid-ekoan ere etxeratze agindua ezarri dute gaur Siriako agintariek. Armadak mapa bat kaleratu du, zeinean adierazten duen zer lekuri eraso egingo dien; gutxienez zortziri.

Azken urtean nahiko ohikoak izan dira Siriako armadak SDFri egindako erasoak. Kontuan hartu behar da zer adostu zuten SDFk eta Siriako presidente Ahmed al-Xaraak joan den martxoan: Siriako kurduen instituzioak estatuko egituretan integratzea 2025ean. Akordioak jasotzen zuen milizianoak armadako kide bihurtuko zirela.

Baina ia urtebete pasatu da orduz geroztik, eta ez da halakorik gertatu; hori egiteko moduari buruzko desadostasunak dituzte. Bi aldeak igandean bildu ziren azken aldiz Damaskon, baina ez zuten aurrerapausorik eman.

Bete ez den ituna

Eskualdeko herrialde gehienek, oro har, moderazioz jokatzeko eskatu diete bai Siriako armadari, bai SDFkoei. Turkiako Gobernuak, berriz, babesa eskaini dio Damaskori. «Gure gobernuak babesten du Siria erakunde terroristen kontra aritzea», azpimarratu du Defentsa Ministerioak, ohar batean. «Siriaren segurtasuna gure segurtasuna da». YPG Herriaren Babes Unitateak dira miliziano kurduen adar nagusia, eta, Turkiaren ustez, loturak dituzte PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin. PKK erakunde «terrorista bat» da Ankararentzat; armagabetze prozesu batean dago joan den uztailaz geroztik. 

Kontuan hartu behar da, batetik, Ankarak Al-Xaraari lagundu ziola 2024aren amaieran, Baxar al-Assad Siriako presidentea (2000-2024) matxinada baten bidez kargutik kentzeko orduan. Eta, bestetik, jomugan dituela miliziano kurduak. Al-Jazeerak dioenez, bai AEBak eta bai Turkia bitartekari lanetan ari dira bi aldeen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.