Ekialde Hurbila

Siriako Duma hirian sartu dira OPCWko ikerlariak

Oposizioko taldeek eraso kimiko bat gertatu zela salatu eta bi astera ailegatu dira Damasko ondoko hirira. Moskuk zalantzan paratu du ikerlarien jarrera, eta AEBek, berriz, Errusiarena. 

OPCW taldeko ikuskatzaileak, Damaskora iristen, apirilaren 14an. YOUSSEF BADAWI, EFE
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 21a
20:58
Entzun

OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak jakinarazi du bere ikerlariak Duman izan direla gaur ustezko eraso kimikoaren inguruko frogak biltzen. Kasko Zuriak gobernuz kanpoko erakundeak hilaren 7an salatu zuen Siriako armadak gai kimiko batekin eraso ziela zibilei, eta, gertakari hori frogatutzat hartuta, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak Siriaren aurkako bonbardaketak egin zituzten joan den asteburuan. OPCWk erran du ikerketarekin jarraitzeko Duman dagoen egoera "baloratu" egin behar duela, baina ez du baztertu bertze bisita bat egitea. Izan ere, ikerlariak duela astebete ailegatu ziren Siriara, baina ezin izan dira Duman sartu gaur arte. Siriako eta Errusiako gobernuek lehenbiziko egunetan ez zieten utzi Dumara hurbiltzen, segurtasuna bermatu ezin zietela argudiatuta. Joan den asteazkenean NBE Nazio Batuen Erakundearen begirale talde bat sartu zen Duman OPCWko ikerlarientzako segurtasun baldintzak aztertzera, baina tiroketa baten ondorioz alde egin behar izan zuen.

Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramailea mesfidati agertu da ikerlariekin, erran duenez, "bisitatu beharreko tokien eta elkarrizketatu beharreko jendearen kopurua murriztu" egin dutelako. Zakharovaren ustez, apirilaren 7an gertatutakoa argitzeko "borondate falta" erakutsi dute ikerlariek, eta ikerketa "inpartziala" izan dadila eskatu du. Errusiaren arabera, Duman ez zen eraso kimikorik gertatu, eta Erresuma Batuari egotzi zion Kasko Zuriekin batera "antzerki bat" prestatzea, Siriako Gobernuaren aurkako eraso bat justifikatzeko.

AEBen ustez, ordea, Errusiaren jarrera da susmagarria. "Uste dugu Errusiak erasoaren tokia bisitatu duela jadanik, eta kezkatuta gaude tokia manipulatu ote duen OPCWren ahaleginak zapuzteko", adierazi du ohar batean AEBek OPCWn duten delegazioak.

Islamisten ebakuazio gehiago

Damasko ondoko Ghuta ekialdea eskualdean dago Duma. Talde armatu islamista sunitek kontrolpean zuten azken hiria zen eskualde horretan, eta Kasko Zuriek eraso kimikoa salatu eta egun gutxira berreskuratu zuen armadak. Armada piskanaka ari da berreskuratzen talde armatu horiek hiriburuaren inguruan kontrolpean dituzten azken eremuak. Gaur Qalamun izeneko eskualdetik atera dira 3.200 miliziano islamista eta haien senideak, Siriako armadarekin eta Errusiakoarekin hala hitzartu ondoren, Siriako SANA agentzia publikoak jakinarazi duenez. Damaskotik 40 kilometro iparraldera dago Qalamun, eta ebakuatu guztiak ipar-mendebaldeko Idlib probintziara eramanen dituzte, talde armatu islamista sunitek ia osoki kontrolatzen duten azken probintziara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.