Siriako erbesteratu talde bat Al-Assaden ondorena prestatzen ari da Berlinen

Estatuaren eta ekonomiaren erreforma prozesu bat prestatzen ari dira AEBen eta Alemaniaren babesarekinErrusiak «terrorismoa» laguntzea egotzi die AEBei, Clintonen adierazpen batzuengatik

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hurrengo eguna. Sirian trantsizio demokratiko baten laguntza. Horrela izena du Siriako erbesteratu talde bat prestatzen ari den bide orriak, Baxar al-Assad presidentea boteretik kenduz gero herrialdeak zein norabide hartu beharko lukeen diseinatzeko. Alemaniako hedabideek argitaratu dutenez, Berlinen ari dira agiri hori prestatzen, eta Alemaniaren eta AEBen laguntza dute. SWP Nazioarteko eta Segurtasun Gaietarako Institutuak jarri ditu erbesteratu horiek biltzeko baliabideak. Erakundeko zuzendari Volker Perthesek erran duenez, baliabideak paratu arren, ez Berlinek, ez Washingtonek ez dute esku hartu eztabaidan, baina iritzi guztiak ez datoz bat horrekin.

Siriako jeneral ohiek, ekonomiako eta justiziako adituek eta talde politikoetako ordezkariek osatzen dute erbesteratuen talde hori —50 lagun guztira—, tartean Anaia Musulmanen ordezkariek. Siriako Estatuaren eta ekonomiaren erreforma bat prestatzen ari dira, argitaratutako informazioaren arabera.

Sirian bizi den Thierry Meyssan kazetariak zuzendutako Voltaire sarearen arabera, ordea, AEBetako Estatu eta Defentsa Departamentuek finantzatu dute trantsizioa diseinatzeko prozesua. Duela lau egun argitaratu zuen berria Voltaire sareak. Horren arabera, erbesteratuen taldea urtarriletik bildu da Berlinen, eta prestatutako proiektua jada aurkeztu zien Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariari eta Abdelbasset Syda Siriako Kontseilu Nazionaleko buruari, hilaren 6an Siriako Lagunak taldeak Parisen egin zuen bilkuran.

Bilerak prestatu dituen SWP erakundeari dagokionez, bere webgunean dio Europan dagoen segurtasun eta atzerri gaien analisirako erakunde independente handiena dela eta NATOko eta Europako Batasuneko kideekin elkarlanean aritzen dela.

Ia begirale erdiak kanpora

Oposizioa dela-eta izan duteAEBek eta Errusiak, hain zuzen, azken ika-mika. Garai bateko rolak aldatu dituztela dirudi, gainera: Washingtonek «diktadoreak» laguntzea egotzi dio Moskuri, eta horrek, berriz, «terrorismoa» laguntzea bertzeari. Clintonen adierazpen batzuen harira sortu da eztabaida, Estatu idazkariaren ustez talde armatuek Sirian gero eta lurralde gehiago eskuratu ahala AEBek eta aliatuek oposizioarekiko elkarlan estuagoa eduki beharko luketelako. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarentzat «terrorismoari laguntza zuzena» ematea da hori.

Sirian bertan, Nazio Batuen Erakundearen misioko begiraleen ia erdiek herrialdea utzi dute —200 inguru gelditu dira—. Herve Ladsous misioko buruzagi berriak onartu du «egoera orain lehen baino txarragoa» dela, borrokak Damaskora eta Halabera hedatu direnean. Turkiak, berriz, muga ixtea erabaki du, eta erran du soilik errefuxiatuei utziko diela igarotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.