Siriako kurduen eta herrialdeko gobernu islamistaren arteko harremanari hari fin batek eusten dio. Eta azken egunetan hari hori tenkatuta egon da: herrialdeko ipar-mendebaldean, Alepo hiriko auzo kurduetan, borrokak izan dira, gobernuaren indar armatuak tartean zirela. SANA Siriako berri agentzia nazionalak kaleratu duenez, egoera baretzeko asmoz, su etenerako akordio bat adostu dute gaur SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak —batik bat miliziano kurduez osatuta dago— eta Damaskok. SDFk ez du baieztatu.
Azken egunetako gatazketan, gutxienez Siriako Gobernuaren aldeko militante bat hil da, eta bi aldeetako zenbait kide zauritu dituzte. SANAk kaleratu duenez, Defentsa Ministerioak adierazi du azkenaldian SDFko milizianoek eraso egin izan dietela soldaduei eta herritarrei; haren arabera, horregatik, armadak «mugimenduak» egin ditu Siria iparraldean eta ipar-ekialdean, eta horrek eragin ditu borrokak. Halere, zehaztu dute «mugimendu» horiek aurrez planifikatuta zeudela, eta ez dela «operazio militar berri bat» izan.
Damaskoren arabera, SDFko milizianoek eraso egin diete armadaren kontrol postuei, eta gutxienez Damaskoren indar armatuetako kide bat hil eta beste hiru zauritu dituzte. Bestalde, Rudaw Kurdistango albiste agentziak auzo kurduetako iturriak aipatuz kaleratu duenez, azken egunetan Damaskok «setioa» ezarri du Alepoko auzo horietan: Siriako Gobernuaren aldeko militanteek gehiengo kurdua duten auzoetako sarbide guztiak itxi dituztela jakinarazi du Rudaw agentziak. Horregatik, auzo horietako biztanleak protestan atera zirela kaleratu dute Kurdistango hedabideek, eta Damaskoren indar armatuetako kideek eraso egin zietela. Gutxienez hamabost herritar zauritu zituzten.
Egoera baretzeko asmoz, SDFko ordezkaritza bat Siriako Gobernuko kideekin batzartu da gaur, Damaskon. Eta Alepoko auzoetan borrokak geratzea adostu dute, SANAren arabera. Siriako presidente Ahmed al-Xaraa eta SDFko komandante Mazlum Abdi izan dira bilkura horretan. Hain zuzen, bi horiek sinatu zuten martxoaren 10ean elkarren arteko borrokak etetea. Ordutik, gehiengo kurduko koalizioaren arabera, Alepoko auzo kurduetan ez dago SDFko milizianorik.
Lehen hauteskundeak
SDFk Siria ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabal bat kontrolatzen du, baina, martxoko hitzarmen horren arabera, Siriako kurduen instituzioak estatuko egituretan integratzea adostu zuten. Eta kurduak gobernu berriari laguntzeko prest agertu ziren Siriako presidente ohi Baxar Al-Assaden (2000-2024) jarraitzaileen aurkako borroketan. Horrez gain, Damaskok hitzeman zuen kurduak onartuko zituela Siriako Estatuaren parte gisa, eta estatuak bermatu egingo zizkiela bai herritartasun eskubideak eta bai herrialdeko konstituzioak aitortzen dizkienak. Ordutik, baina, tirabirak izan dira Damaskoren eta SDFren artean. Bi aldeek elkarri egotzi izan diote akordioa ez betetzea.
Abendutik dago Al-Xaara Siriako presidente karguan. Orduan, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak Al-Assaden gobernua erorarazi zuen. Hamar hilabeteren ostean, igandean legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten. Siriako Parlamentu berriak izango dituen 210 ordezkarietatik bi heren inguru hautatzeko aukera izan zuten herritarrek; beste herena, ostera, Al-Xaarak berak izendatuko du. Hautagaiek zenbait baldintza bete behar zituzten: ezin izan dute bozetan parte hartu Damaskok terroristatzat dituen erakundeekin lotura dutenek, ezta 2011tik aurrera parlamentuko kide izandakoek ere, baldin eta ez bazuten frogatzen jada ez direla Al-Assaden jarraitzaile. Gainera, bozak atzeratu zituzten SDFk kontrolatzen dituen guneetan eta As-Suwayda inguruan —biztanleen gehiengoa drusoa da—.
Atzo eman zuen emaitzen aurrerapena Siriako Hauteskunde Batzordeak. Hautatutako ordezkari gehienak musulman sunitak dira. Soilik ordezkarien %4 izango dira emakumeak, eta bi kristau baino ez dituzte aukeratu.