Sirian 37 dira herenegun istiluetan hildakoak

Dara hirian hildakoen aldeko hiletetan bildutako milaka lagunen aurka tiro egin dute estatuko indarrek

Erredakzioa
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Siriako Giza Eskubideetarako Erakunde Nazionalak egindako zenbaketaren arabera, 37 dira herenegungo protestetan estatuko indarrek hildako manifestariak. Horietako 30 Dara hirian hil zituztela dio, eta haien izen-abizenak argitaratu ditu bere webgunean. Gainera, lekukoek salatu dutenez, hildako horien hiletetan estatuko indarrek tiro egin zieten atzo han bildutako milaka laguni. Biktimen berri ez dute eman.

Protesten bertze gune nagusia kostaldeko Latakia hiria izan zen atzo, Damasko hiriburutik 330 kilometro iparraldera. Bertze hainbat hiritan bezala, Latakian herenegun atera ziren Bashar al Asad presidentearen erregimenaren aurka protesta egitera, eta ehunka lagunek arrats guzia karrikan eman dute. Lekukoek berri agentziei jakinarazi dietenez, Poliziak tiroka sakabanatu ditu.

«Infiltratutako» taldeak

Sirian, iragan hilaren erdialdean lehertu ziren erregimenaren aurkako lehen protestak. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, protestetan ehundik goiti lagun hil dituzte orduz geroztik. Al Asadek erreformak iragarri zituen, baina horrek ez ditu manifestariak asebete. Azken egunotako protesta gogorrenak, adibidez, herenegungoak izan dira.

Barne Ministerioak erran duenez, baina, hilketak polizien artean «infiltratutako» taldeek egin dituzte. Talde horiek atzerriko «sektore ezagunek» ordaindu dituztela dio ministerioak, eta zibilen eta Poliziaren artean «banaketa» sortzea dutela helburu. Gobernuak dio Darako azken protestetan talde armatuek hemeretzi Polizia hil zituztela. Giza Eskubideetarako Erakunde Nazionalak, berriz, erregimenari eskatu dio «herriaren eskariak» betetzeko eta protestetan atxilotutako guztiak askatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.